Gipuzkoako bidegorri sarearen baitan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 3a, 10:33

Gipuzkoako bidegorri sareari lotuko zaio epe laburrean Amasa-Villabona. Irailaren 19an, egitasmoa aurkeztu eta proposamenak jasotzeko bilera irekia egin zuen Udalak.

Alaitz Bilbao ingurumen teknikariak aurkeztu zuen egitasmoa Gaztelekuan. Bertan ziren Galder Azkue alkatea, Urko Arin kirol zinegotzia edota Rosa Arregi ingurumen zinegotzia, hainbat herritarrekin batera.
Amasa-Villabonak Gipuzkoako bidegorrien sarearekin bat egitearen garrantziaz jardun zuen lehenik eta behin Alaitz Bilbaok eta, mugikortasun eta jasangarritasunaren baitan, autoekin egiten diren herri barruko nahiz kanpoko desplazamenduak ahalik eta gehien saihesteko baliagarritzat jo zituen bidegorriak.
Udazken honetan bertan, bada, Asteasutik datorren bidegorriarekin nahiz Irurarekin lotuko duenarekin bat egingo du Amasa-Villabonakoak. Kale Berriko lehen etxearen atzealdetik abiatuko litzateke Amasa-Villabonako zatia, ibai ertzetik. Kale Nagusitik jarraituko luke bideak Olaederra arte. Kiroldegitik gasolindegira bitarte, berriz, Errota eta Arroako pasealekuetan marraztutako bidetik egingo luke aurrera.

Puntu beltzak
Bileraren helburu nagusia, egitasmoa aurkeztearekin batera, bizikleta-erabiltzaileen iritziak jaso eta ibilbidearen puntu beltzak aztertzea zen. Gaztelekuan bildutako Udal ordezkari nahiz herritarrak bat etorri ziren Kale Nagusitik baino, bidegorria Kale Berriaren erdi-erditik igarotzea askoz ere egokiagoa litzatekeela esaterakoan, “autoei beharrean lehentasuna bizikletei emanda, noski. Baina pauso hori eman ahal izateko denbora beharko da oraindik, normala baita hasiera batean erabiltzailea espaloitik seguruago sentitzea”. Bestalde, bidegorriaren abiapuntua, Kale Berriko lehen etxearen alboko bidegurutzea bezala, gainerako bidegurutze guztiak ondo seinaleztatu beharko direla aipatu zen, bizikleta nahiz kotxe gidariei begira; baita zebra-bideetako pasaerak ere. “Oso garrantzitsua da kotxe gidariak bizikletek lehentasuna dutela kontura daitezen”. Era berean, bizikleta-erabiltzaile, auto gidari nahiz oinezkoek elkarbanatuko dituzten eremuak ondo definitu beharko direla aipatu zuten. Bestalde, Errota kalean, esaterako, aparkatuta dauden kotxeetako ateak zabaltzean bizikleta-erabiltzailearengan kolperik eragin ez dezan eta ateak lasai zabal daitezen, metro eta erdiko tartea utziko da aparkaleku eta bidegorriaren artean.

Hamabost egun
Udazkenean bertan hasiko dituzte bidegorria bideratzeko lanak eta hamabost bat egun beharko dira lanak amaitzeko, “lurreko pintaketak egin, seinaleak jarri nahiz espaloiren batzuk findu beharko dira bidegorria abian jartzeko”, adierazi zuen Alaitz Bilbaok. Jasangarritasunari bultzada emateko, herri arteko sareak lotzeko laguntza bideratzen du Foru Aldundiak, baina herri barruko lanak herri bakoitzeko Udalari dagozkio; Villabonakoari, kasu honetan. Fase honetan bultzatu den lehen zatia Villabona-Irura izango da. Udal ordezkarien esanetan, “tramu hori ez da kasualitatez aukeratu, inguru honetako aktibitate ekonomikoak bultzatu du horretara. Izan ere, inguru honetan jende askok egiten baitu kotxez beharrean lanera bizikletaz joateko hautua”. Bidegorria egindakoan, bizikletaz ibiltzera jende gehiago animatuko dela uste dute Udaleko kideek, “behin bizikleta probatutakoan, garraiobide azkarragoa eta praktikoagoa dela jabetuko da jendea. Gainera ariketa egiten denez, hobeto sentitzen da erabiltzailea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!