Abian da Enplegu zentroa Gaztelekuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 3a, 10:33

Duela bi aste Enplegu zentroa jarri zen abian Gaztelekuan. Leire Otaegi da bertako arduraduna eta aurrerantzean, bertara gerturatzen dena laguntzen ahaleginduko da ostegun goizetan.

Zer da Enplegu zentroa? Zer eskaintzen duzue?
Enplegu zentroa Tolosaldea Garatzeneko zerbitzua da. Amasa-Villabona ere bertako partaide denez, lehen Tolosan geneukan zerbitzuarekin jarraitzearekin batera, Amasa-Villabonan beste puntu bat jartzea erabaki dugu: ostegunetan, beraz, Gaztelekuko bigarren solairuan arituko naiz, 09:00etatik 13:00etara.
Gure zerbitzua, enplegu zerbitzua da, orokorrean. Lanbideko zentro kolaboratzailea gara: bai orientazio arloan eta baita lan eskaintzen gestioan ere.
Alde batetik, lan eskaintzak kudeatzen ditugu: enpresetatik, Udaletatik, entitateetatik edota partikularrek lanerako pertsonak eskatzen dizkigutenean, curriculumak bidaltzen dizkiegu guk. Beraiek nahi izanez gero, aukeraketa prozesuak ere bideratzen ditugu. Urte asko daramagu langintza horretan. Bestalde, orientazio zerbitzua gara: Lanbideko aplikatiboan altak tramitatu eta berritze edo errenobazioak egiten ditugu, curriculumak eguneratzen ditugu… Horrez gain, lana bilatzen edota bere kualifikazioa hobetzen ere laguntzen diogu hala nahi duenari. Horretarako, gerturatzen denak zein behar daukan ikusi behar dugu lehenik eta nola erantzun diezaiokegun gero.
2002 urtetik ari gara zerbitzua eskaintzen. Hasierako urteetan ezin izaten genituen geneuzkan lan eskaintza guztiak bete; orain, berriz, egoera oso bestelakoa da: lan eskaintza gutxiago dago, espezializazioa behar da… Egungo egoera ilunagoa den arren, saiatzen denak orain ere aurkitzen du irtenbidea.

Tolosan eta Villabonan izango dituzue aurrerantzean Enplegu zentroak. Jende gehiagorengana iristekotan?
Tolosan oso ezagunak ginen, baina orain Apatterrekan dugu zerbitzua. Ondorioz, jende askok pista galdu egin digu eta berriz ere gure berri kaleratzea dagokigu, lanean jarraitzen dugula adieraztea. Apatterrekan ere Enplegu zentroa dugu, bai. Gurea, espazio fisiko bezala eskualdean dagoen zentro bakarra da, doakoa.
Amasa-Villabona eta inguruko herriak urrun samar geratzen zitzaizkigulako pentsatu genuen zerbitzua bertatik ere eskaintzea. Modu honetan, inguruko herrietako jende gehiago etorriko dela iruditzen zaigu.
Bestalde, urtarrila bitarte, Apatterrekara joateko autobusik ez dagoenez, autorik ez duenak nahiko zail du Tolosan gugana gerturatzea. Amasa-Villabonako zerbitzu berri honen bitartez, autorik ez duen kolektibo horri ere gugana inguratzea erraztuko diogu.

Nori zuzendutako zerbitzua da? Nola bideratuko duzue?
Edonor gertura daiteke gugana: bai Amasa-Villabonako Gaztelekura, bai Apatterrekako bulegora. Ezin dugu laguntza sozialik tramitatu, ezta langabeziko prestaziorik ere. Bestelakoak bai.
Ostegun goizetan Gaztelekuan arituko naiz lanean. Talderen bat agertuko balitz, autoenpleguko lankidea ere gerturatuko litzateke Amasa-Villabonara. Zein behar dagoen ikusiko genuke aurrena eta horiei ahalik eta ondoen erantzuten ahaleginduko ginateke.
Bakarka edo taldean egiten dugu lan. Gure zerbitzua zabalik dago lanean ari den jendearentzat ere: Formazioa bideratzeko informazioa ematen dugu, ikastaro berriak sortu…Tolosaldea Garatzenek enpresa departamendu indartsua dauka eta inguruko enpresekin harremana daukagu. Hortik ere inertzia eta programa desberdinak etortzen dira: aurten, esaterako, ingeneru, edota marketing-eko adituentzako saioak bideratu dira.
Autoenplegu zerbitzua ere eskaintzen dugu, negozioaren bat martxan jarri nahi duten herritarrei zuzenduta. Informatu, mugitu eta gurekin bezala, beste zerbitzu ezberdinekin harremanetan egotea oso garrantzitsua da beti.

Jendeak hobeto erantzuten al dio zuen eskaintzari krisi garaian?
Urte asko daramagu krisi egoeran eta garai ezberdinak nabaritu ditut. 2008an, krisia hasi zenean, izugarrizko krispazioa zegoen eta jendea mugitzeko gogoz nabari nuen. Une honetan, ordea, geldoago sumatzen dut jendea, negatibotasuna gailendu da: ‘Zertarako mugitu? Zertarako ikasi?...’ galdetzen du askok, ‘ez dago lanik eta!’. Egoera ez da erraza, langabezia altua da… Baina irakurketa positiboa egiten ahaleginduko nintzateke: mugimenduak posibilitate berriak ekartzen dituela uste dut, saiatzen denak beti topatzen duela zerbait. Bideak ireki egin behar dira, aukerak ikusi… Informazioa izateak asko laguntzen du, katea luzatu egiten da. Bada, informazioa emateko gaude gu. Askotan zerbitzu publikoak ez dira behar bezala aprobetxatzen, erabiltzaileari esfortzua eskatzen baitio, baina saiakera egitea garrantzitsua da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!