Noiz eta nola hasi zinen aktore lanetan?
ETAko kide izateagatik kartzelatuta egon nintzen bi aldiz eta bigarren aldi horretan, ihesaldi baten prestaketan parte hartu nuen, Segoviako ihesaldi gisa ezaguna izan zen hartan. Angel Amigok ihesaldiaren inguruko liburua atera zuen eta ondoren, Egin egunkariak liburu hura argitaratu zuen, zatika. Kontakizun hartan, ni ere azaltzen nintzen eta Eginen nire argazki eta guzti atera zuten. Imanol Uribe pelikula prestatzen ari zenean, argazki hura ikusi eta nire bila hasi zen. Filman parte hartzeko proposamena luzatu zidan eta baiezkoa eman nion, baina ez nuen inondik inora zinema munduan jarraituko nuenik espero. Handik bi urtera, ordea, ‘Albaniaren konkista’ pelikulan parte hartzeko proposamena egin zidaten. Garai hartan, arrautzak ekoizteko oiloak eta untxiak nituen Araban eta ezin nituen nolanahi utzi. Langabezian zegoen anaiari eskaini nion granjako lan hura. Errodaia amaitu eta berehala itzuliko nintzela uste nuen, baina eskaintza gehiago iritsi zitzaizkidan; ‘Akelarre’, ‘Tasio’... Ez nintzen granjara gehiago itzuli eta zine inguruan aritu izan naiz geroztik, nahiz eta tarteka beste lanetan ere aritu izan naizen; metalgintzan, eraikuntzan, hostalaritzan..., denetarik egin dut.
‘Tasio’ filman egin zenuen papera da ezagunena. Bera al duzu kuttunena?
Asko gustatu zitzaidan pertsonaia hura eta zalantzarik gabe, horixe da jendeak gehien gogoratzen duena. Ia urtero ematen dute telebistan eta horrek, pertsonaia bizirik mantentzen lagundu du. Jendeak oso maitea du eta oraindik ere askok aipatzen didate. Nik ere maitea dut, baina ez ‘Tasio’ bakarrik. ‘Ehun metro’ pelikulako Jon pertsonaia ere oso gustukoa dut. Ez du ‘Tasio’ren arrakastarik izan baina, Alfonso Ungriaren lanik borobilena da pelikula hori, ederra da. Oso ondo ulertu zuen Saizarbitoriaren eleberria.
‘Albaniaren konkista’ pelikula ere oso maitea dut. Aurrekontu handixeagoa behar zuen hobeto borobildua izateko, baina istorioa oso ondo kontatua dago.
Zein pertsonaia egitea gustatuko litzaizuke?
Momentu honetan Pello Mari Otaño dut buruan eta ilusio biziz prestatuko dut. Horrez gain, gustura egingo nuke Lope Agirrerena. Oso pertsonaia interesgarria da eta paper hori egiteko oso adin egokia dudala iruditzen zait.
Gainerantzean, gustura egingo nuke oso-oso gaiztoa den pertsonaiaren bat. Beti zintzoen paperean aritu naiz eta oso zaila da hortik ateratzea. Atila edo gisa horretako pertsonaia bat egin nahiko nuke.
Bestalde, komedia egiteko gaitasuna ere badudala uste dut. Komediarako ez da zertan txiste aurpegia eduki behar. Dramarako baino trebeagoa naiz komediarako, baina oso zaila da inork horretarako deitzea.
Nola prestatzen dituzu pertsonaiak?
Gidoia mila aldiz irakurtzen dut. Horrek pertsonaiaren lekuan jartzen laguntzen dit. Testuan esaten denak eta nik egiten dudan irakurketak jartzen nau bestearen lekuan. Barruan daukagunetik sortzen dugu aktoreok, baina ez diogu gu izateari uzten. Ni beti neroni izango naiz, eta ez nire pertsonaia. Horretan gezur eta fantasia asko kontatu izan dute hainbat aktorek. Faszista baten papera egiten duzunean ez duzu faszista bihurtu behar. Pertsonaia nolakoa den ulertu eta ahal duzun ondoen egin behar duzu. Horretarako daukazu testua eta baita zuzendariaren laguntza ere. Metodoetan ez dut gehiegi sinesten; gidoia askotan irakurri eta pertsonaiaz asko pentsatzea da gakoa. Testuak ematen dizu egin behar duzunaren neurria.
Zure bizitzaren inguruko antzezlan batean ere parte hartu zenuen. Zer moduzkoa izan zen esperientzia hura?
Oso gogorra izan zen. Bi kilo galtzen nituen saio bakoitzean. ‘Betizu’ izena zuen antzezlan hark eta hustu egiten nintzen. Nire bizitza, militantzia, amarekiko harremana..., arlo asko jorratzen genituen. Oso testu gordinak zituen. Harrera polita izan zuen, baina niri gogorra egin zitzaidan.
Literaturan ere eman dituzu pauso batzuk. Ba al duzu beste proiekturen bat?
‘Rosa’ eleberria aurkeztu nuen iazko Durangoko azokan. 1994an Ertamerika inguruan ibili nintzen. Garai harten, nire helburu nagusia idaztea zen eta ia 6000 orrialde idatzi nituen. Laster konturatu nintzen idazlan haietan askotan nahasten nuela sexua eta beste nolabait bideratu behar nuela. Ariketa bezala, kontakizun bat prestatu eta Koldo Izagirre idazleari bidali nion, gomendio eske. Istorioaren haria hobeto osatzen lagundu zidan eta Txalaparta argitaletxera bidali nuen. Iaz argitaratu zen ‘Rosa’ eleberria.
Idazten hasteko aitzakia bat izan da hori, nik benetan kontatu nahi dudan istorioa beste bat da. Aiako Manterola auzoan hasten den kontakizun bat darabilt buruan. Gerra garaiko gertaera latzak gogoan hartuta, familia bereko lau belaunaldiren istorioa kontatu nahi dut. Aitonak Marokoko gerratean bizitutakoekin hasi eta 2020 urtean amaituko litzateke. Intzestu bat ere badago tartean. Dagoeneko idatzita dauzkat hainbat orrialde, baina koaderno eta orrialde ezberdin askotan banatuta. Orain puzlea osatu eta istorioa ongi borobiltzea tokatuko zait.
Zizurkilen jaiotakoa zara. Nola bizi duzu jaioterriarekiko lotura?
Zilborreste hori ez da inoiz eteten. Edozein tokitan nagoela ere Euskal Herria barruan daramat. Badira hamabi urte Galizian bizi naizela, landetxea dut han eta gustura bizi naiz, baina Euskal Herrira itzuli nahiko nuke. Neskalaguna argentinarra dut eta hark ere etortzeko gogoa azaldu dit. Alaba txikienak bi urte ditu eta euskara ikastea nahi nuke. Galiziako etxea salgai jarri dugu eta hura saldu bezain laster etorriko gara.
Zizurkilekin dudan lotura oso berezia da. Fraisoron jaio nintzen eta hona gerturatzen naizen bakoitzean hara joateko ohitura dut. Oso oroitzapen onak ditut Fraisoron. Bitxikeria moduan, gogoan dut nola konturatu nintzen Fraisorora norbait bisitan etorri eta umeren bati lausenguak egiten bazizkion, ume hori ez genuela gehiago ikusten. Horretaz konturatuta, bisitaren bat bazetorrela susmatzen nuen bakoitzean ezkutatu egiten nintzen. Nik argi nuen amaren zain egon behar nuela.
Azken urteotan, Euskal Herrira etorri eta Fraisorora egindako bisita horietako batean, nolanahi ere, ostiko galanta jaso nuen gure jaiolekuan orain zaharretxea dagoela ikusita. Lehen Fraisoron jaio egiten ginen, eta orain hil egiten dira. Pentsatzen jarrita, gerta daiteke zahartzaroan bakarrik geratu eta nire egunak jaio nintzen toki berean amaitzea. Nire bizitzako zirkulua itxiko litzateke modu horretan.
Zizurkilen jaio, baina bizitoki ezberdinak izan dituzu bizitzan zehar...
Bost urte arte egon nintzen Fraisoron. Ondoren, Hondarribiara joan nintzen amonarekin bizitzera. Garai hartako oso oroitzapen goxoak ditut. Oso pozik hazi nintzen han, libre. Hamabi urte betetakoan, ordea, Eibarrera eraman ninduten, amarekin eta bere senarrarekin bizitzera. Garai beltza izan zen hura nire bizitzan; Eibar oso herri grisa zen, zuloa, eta ni munduarekin haserretuta nengoen. Ama oso gutxi ezagutzen nuen, eta bere senarra askoz ere gutxiago. Ez nintzen ongi moldatzen gizon harekin eta oso gaizki pasa nuen harik eta pixka bat koskortu eta nire bizitza antolatzen hasi nintzen arte. Urteak pasa ondoren, gizon harekin nuen harremana zuzentzen joan zen. Hemezortzi urterekin Gasteizera joan nintzen lanera eta geroztik, bizitzak hainbat tokitara eraman izan nau.
Urte asko egin dituzu Euskal Herritik kanpora, baina euskara bizi-bizia duzu...
Nahi baino okerrago egiten dut euskaraz, baina saiatzen naiz. Amonarekin ikasi nuen euskaraz hitz egiten. Eibarren, berriz, oso gutxi egiten zen euskaraz eta etxean ere gaztelania zen nagusi. Hemezortzi urterekin Gasteizera joan nintzen lanera eta han ere ez zegoen euskaraz aritzeko aukera handiegirik. Kartzelaratu nindutenean bultzada handia eman nion nire euskarari, eta EGA titulua ateratzea ere lortu nuen. Geroztik, saiatzen naiz euskaraz irakurtzen, baina ez dut nik nahi adinako mailarik. Orain, Otañoren koplak abesten eta buruz ikasten hasteko garaia iritsi zait. Nire euskara aberastu nahiko nuke berriz ere.
“Otaño, onbuaren itzalpean” filma, abian
2014ko apirilean hasiko dira Pello Mari Otaño bertsolariaren inguruko filma grabatzen. Koldo Izagirrek prestatu du gidoia, Eriz Zapirain izango da filmaren zuzendaria eta Patxi Bisquertek egingo du Otañoren papera.
Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren inguruko pelikulak dokumental kutsua izango du, baina baita fikziozko hainbat pasarte ere. Bertsolari zizurkildarrak Argentinara egindako azken bidaia bilduko du. Eriz Zapirainek eman ditu azalpenak: “Joan-etorri bat baino gehiago egin zuen. Filmaren hasieran, azken gerra karlista amaituta, Argentinatik Euskal Herrira itzultzen ikusiko dugu Otaño. Hemen ezkondu eta lehen hiru semeak izanda, Argentinara itzuliko da berriro. Bertan hil zen 1910ean. Bertsolariaren azken urte horiek bilduko ditu filmak. Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan egingo dugu, azpitituluekin”.
Bisquerten ekimena
Patxi Bisquert aktore zizurkildarrak abiarazi zuen Otañoren inguruko pelikula egiteko ekimena: “Fraisoroko semea naiz, zizurkildarra, eta beti izan dut lotura berezia jaioterriarekin. Horrez gain, nire amaren familian beti izan dira bertsozale handiak. Etxeko ospakizunetan, otorduen ostean, bertsoak abesten genituen eta horietako asko Pello Mari Otañorenak ziren. Nik garai hartan ez nekien zein zen Pello Mari, baina buruz ikasi nituen bere bertso asko. Griña berezia sortzen zidaten bere bertsoek”.
Gu ta gutarrak
Haurtzaroko oroitzapen goxoek, Pello Mari Otañoren inguruan gehiago jakiteko gogoa piztu zioten Patxi Bisquerti. “Amerikara egindako bidaia batean, Otañoren ondorengo batek idatzitako ‘Gu ta gutarrak’ ipuina irakurtzeko aukera izan nuen. Euskararen jatorriaren inguruko ipuinik politena eta borobilena dela uste dut. Istorio hori kontatuko zuen pelikula bat egitea pentsatu nuen, baina aurrekontu handia eskatzen zuen. Pello Mariren inguruko pelikula egiteko ideia indarra hartzen hasi zen orduan”.
Hernandorenaren ikerlana
Lehen ideia garatuta, Zizurkilgo Udalera jo zuen Patxi Bisquertek. “Orduan jakin nuen Teodoro Hernandorena taldeak bazuela ikerlan bat egina Otañoren inguruan. Laguntza izugarria eman digute Hernandorena taldeko kideek; dokumentazio asko dute, baita argazki eta idazlanak ere. Beraien laguntzarik gabe, ez genuke jakingo horrenbeste Otañoren inguruan. Zenbat eta gehiago jakin, eta denbora aurrera joan ahala, geroz eta argiago nuen Otañoren inguruko filma egin nahi nuela eta Koldo Izagirrerekin bildu nintzen gidoia eskatzeko. Sagardotegian afaldu eta nire gogoaren berri azaldu nion. Baiezkoa eman zidan berehala”.
Gidoia, prest
Koldok Izagirrek idatzitako gidoi hura izugarri gustatu zitzaion Patxiri Bisquerti. “Ondorengo pausoa, babes ekonomikoa bilatzea zen eta Etxepare Institutuko atea jo nuen lehenik. Asko gustatu zitzaien ekimena eta euren babesa emateko prest azaldu ziren. ETBra jo nuen ondoren, eta handik ere baiezkoa jaso nuen. Babes hori jasota, ekimenak pisua hartu zuen. Azken bultzada emateko, Foru Aldundiari eta Zizurkilgo Udalari aurkeztu diet gure filmaren ideia. Ia ziur esan dezaket proiektuak aurrera egingo duela da datorren urteko apirilean grabatzeko moduan izango garela”.
Datorren urterako
Euskal Herrian egingo dira grabaketa lan batzuk, baina baita Argentinan ere. “Izan ere, Otañok Argentinara egindako azken bidaia jasoko dugu. Bertako ekoiztetxe batek hartuko du hango grabaketek izan dezaketen gastuen ardura. Hori guztia lotuta, ia ziur esan dezakegu hemendik urtebetera, ‘Otaño onbuaren itzalepan’ filma errealitate izango dela. Bost aste beharko ditugu grabaketak egiteko eta muntaia lanak egin ondoren, hemendik urtebetera Euskal Herriko eta Argentinako zinemetan ikusteko aukera izatea espero dugu. ETBk ere emango du filma”.