Aurreko zuzendaritza taldearen zikloa amaituta, talde berria izendatzeko momentua iritsi zen Pello Errota ikastetxera. “Buruari buelta gehiegi eman gabe erabaki nuen zuzendari kargua onartzea. Aurreko taldearen zikloa amaituta zegoen, eta pausoa emateko momentua zen”.
Ikuspegi orokorra
Lan eta ardura berrietara egokitzen ari da orain Aritz: “Dena berria da. Haurrekin lan egitera ohituta nago eta haiekin, oso momentuko lana da. Ikasgelan sor daitezkeen arazoei momentuan bertan eman behar zaie erantzuna. Orain, berriz, antolaketa lana egitea egokitzen zait; eskola barneko funtzionamendua antolatu behar da eta beste hainbat erakunde eta eragilerekin ere harremana izatea tokatzen zait; bilerak, datak, paperak, burokrazia..., hori guztia berria da niretzat. Pixkanaka, ari naiz ikasten. Eskolaren inguruko ikuspegi orokorragoa eman dit zuzendari karguak”.
Azken urteotako ildoari jarraipena eman nahi dio Aritzek: “Azken urteotan lan handia egin da eskolan eta aldaketak ere izan ditu. Orain arte egindako lan horri guztiari jarraipena ematea da gure asmoa. Gainerantzean, eskolako hezkuntza proiektua eta kurrikuluma berritzen ari gara, baina hori ere, etengabeko prozesu baten barnean doa”.
Asteasu eta Larraul
Larraulgo eskolaren inguruan ere hartu du hitza Aritzek: “Aurreko ikasturtean autonomia maila handiagoa eman zitzaion Larraulgo eskolari. Berez, Pello Errota Larraulgoa ere bada. Eskola arautegiak, ordea, euren antolaketa eta jarduera arautegiak, hezkuntza proiektua eta kurrikuluma egiteko autonomia onartzen die. Eskolako arautegiak, ordea, euren hezkuntza proiektua eta kurrikuluma arautzeko autonomia onartzen die beste gauza batzuren artean. Izan ere, ezaugarri ezberdinak dituzte Larraulgo ikastetxeak eta Asteasukoak. Larraulgoa eskola txikia da; adin desberdinetako haurrak daude elkarrekin, testuigurua ere ezberdina da eta baita lanerako metodologia ere. Ikasturte honetan, autonomia hori garatzen eta gauzatzen hasiko gara; bidean sor daitezkeen arazo eta zalantzei ahal den irtenbiderik egokiena bilatzen saiatuko gara. Bideak erakutsiko digu hori guztia nola gauzatu”.
Lege aldaketa
Etorkizunari begira, hezkuntza lege berria hartu du ahotan Aritzek: “Lomce legeak aldaketak ekarriko ditu, baina oraindik ikusteko dago noiz eta nola iritsiko den hona eta nola txertatuko den. Badirudi, lege berriak ekonomiari begira jarri nahi duela hezkuntza; estatua ekonomikoki eraginkorra izatea da helburua eta hezkuntza horretara bideratzen du. Gobernu aldaketa bakoitzak hezkuntza legearen aldaketa ekartzen du normalean. Aldaketa horiek, ordea, ez dira berehala martxan jartzen; lehendabizi irakaslegoa prestatu behar da eta ondoren, ikasleengan eragiten hasten da. Lau urtero aldaketak egiten badira, ez du hezkuntza ildo garbi bat markatzeko denborarik ematen. Hezkuntzan aldaketak egin nahi direnean, urte askotako lana eta konstantzia behar da, eta hemen ez da hori errespetatzen. Ikusiko dugu lege berri honek nola eragiten digun eta zer bide egiten duen”.
Laguntza handia
Aritzen hitzetan, aurreko zuzendaritza taldeak laguntza handia eskaintzen die sartu berri direnei: “Aitor Atxega izan da eskola zuzendari azken urteotan eta bere laguntza ezinbestekoa izan zait. Behar hainbat azalpen eman dit eta dena berria denean, eskertzekoa da hori. Nirekin batera zuzendaritza taldean sartu direnek ere, laguntza berdina jaso dute aurrekoengandik. Jon Aperribai da ikasketa burua eta Amaia Azurmendi idazkaria”.
258 ikasle ditu Pello Errota ikastetxeak, horietako hogeita lau Larraulgo eskolan: “Hogeita zortzi irakasle arduratzen gara ikasketak bideratzeaz. Horrez gain, Aiztondo bailarako zenbait ikastetxerekin ere etengabeko harremana dugu. Izan ere, hamabi urtetik aurrera bailarako ikasleak Erniobean elkartzen dira eta komenigarria da guztiek maila bertsua izatea. Hori lortzeko, maiz egiten ditugu bilerak”.