Karmele Urbistondo: "Abokatuek okerrenerako prestatzeko ohartarazi digute"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 2a, 20:20

Karmele Urbistondoren bikotea Jexux Mari Aldunberri “Kudu” Herrira elkartearen aurkako operazioan atxilotutako 18 kideetako bat da. Urnietarrari asteazken eguerdian egindako elkarrizketaren pasarteak dira honakoak:

Zein egoeratan dago zure bikotea? Eta gainerako atxilotuak?
Karmele Urbistondo.
Atxiloketa komunikatua da eta alde horretatik egunero Guardia Zibilak bitan deitu du atxilotuaren kokapenaren berri emateko. Niri zehazki bi aldiz deitu didate. Lehen aldian Madrilera eramaten zutela adierazteko deitu zidaten, eta bigarren aldian Madrilera iritsi zela esateko.
Komunikatua izatean, astearteko eta asteazkeneko deklarazioak konfiantzazko abokatua alboan dutela egin dituzte. Deklarazio horietan egiten zaizkien akusazio guztiak ukatu dituzte denek.
Epailearen aurreko deklarazioa ere konfiantzako abokatuarekin egingo dute, ostegun honetan bertan.

Atxiloketa komunikatua izatean, epailearen aurretik igaro ondoren libre atera daitezkeela pentsa al daiteke?
K.U.
Ez ohikoa izaten ari da. Abokatuek diotenez atxilotuek tratu zuzena jaso dute, kolperik edota mehatxurik pairatu gabe. Baina konfiantza gutxi dugu, inputazioak oso larriak direlako: ETAkide izatea edota ETA finantzatzea leporatzen diete. Kezkaz bizi dugu egoera. Denok dakigu asmatutako inputazioak direla. Gezurra da dena, baina kezkatuta gaude ondorioak larriak izan daitezkeelako. Itxaropen gutxi dugu.
Abokatuek okerrenerako prestatzeko ohartarazi digute.

Zerorrek nola baloratzen duzu polizia operazioa?
K.U.
Azken operazioen harira, Estatua ez dago ezer egiteko prest. Azken bi urteetan egoera berria bizi dugu Euskal Herrian, eta estatua ez dago ezertarako prest. Espainiar estatuak errepresioaren bidetik jarraitzen du.
Herriraren kasuan, jarduera publikoa eta gardena da. Elkarte bezala erregistratuta dago, eta Herriraren jarduna ezaguna da: presoen eskubideen defentsa.

Elkartasun handia jasotzen ari zarete, bestalde...
K.U.
Bere gordinean eta bere gogorrean, egoera honetan mezu, dei eta besarkada piloa jaso dugu. Den denok gainera, ez neuk bakarrik. Elkartasun handia jasotzen ari gara, eta eskertzekoa da. Indar handia ematen du.

Ostegunean zehar epailearen aurreran deklaratzekoak ziren atxilotu guztiak. Bien bitartean ostiralerako mobilizazioak deitu dituzte herri guztietan, eta larunbatean nazio mailako manifestazioa Bilbon.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!