Andoaingo Gudua, urriaren 19an antzezle bilakatuko diren herritarrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 2a, 20:19

Ez dira profesionalak antzezpenean esku hartuko duten herritarrak, baina egundoko gogoa eta ilusioa jartzen ari dira. Antzezteko eguna noiz iritsi zain daude gehienak. 150 herritarrek osatuko dute antzezpena, eta ziurtatuta dago kale emankizun ikusgarria herriko hainbat eremutan: Zumea Plazan, Santa Krutz zubian, Kale Nagusian, Kale Berrian eta Goikoplazan.

Angelines Lopez
“Karlista txapeltxuri bat irudikatu behar dut. Baioneta eskuan dudala jardungo dut antzenpen osoan, eta detaileetan sartuz gero, etsai liberal bat hiltzea egokituko zaidala esan behar dut. Aurreko asteazkenean, irailaren 25ean, izan zen lehen entsegua niretzat, eta oso gustura sentitu nintzen. Argi dago parte hartzaileek gogoz eta arduratsu heldu diotela antzespenari.
Bestalde, antolakuntza konplexua eskatzen du halako ekimen batek, ez da erraza horrenbeste jende mugitzea kaleetan zehar, baina hala ere, antolatzaileek gauza nahiko serio hartu dutela iruditzen zait. Pentsatzen dut oraindik jende gehiago etortzekoa izango dela, antzezpen honek jende multzo handia eskatzen baitu ikusgarria, benetakoa eta sinesgarria izateko”.

Leire Otermin
“Infanta batailoiko soldadu liberala naiz ni; Santa Krutzeko borrokaldian preso hartzen naute eta Basteroko aurrealdera fusilatzera eramango naute, beste hainbat borrokakiderekin batera.
Sei lagun etortzen gara entseguetara: Leire Etxeberria, Ixiar Altzuguren, Itsaso Santxez, Iratxe Irastorza, Uxue Iturriondobeitia eta seirok.
Nire aitak eman zidan ekimen honen berri, eta geroxeago, antolatzaileak ikastetxera etorri zitzaizkigun, beren asmoak zein ziren azaltzera eta bolondresak eskatzera. Lagunok gogoko dugu herriko edozein ekimenetan parte hartzea, eta aurrera egin genuen.
Aita Larramendi ikastolan DBH3 ikasten ari ginela, gerra karlisten gaia nahiko sakon jorratu behar izan genuen, eta hortaz, ez zaigu batere arrotza egin antzeztu behar dugun gertakaria. Gainera, herrikoak eta elkarren ezagunak gara parte hartzaile gehienak, eta horrek erraztu egiten digu eginkizunarekin gustura sentitu eta buru-belarri saia gaitezen.      
Antzezpenaren egunean urduri jarriko gara ziurrenik, baina Jon Unanue irakasleak behin eta berriro agintzen diguna bete beharko dugu zorrotz; alegia, ez dugula txantxetan hartu behar antzespena, ondo dramatizatzen saiatu behar dugula”.

Eneko Anton
“Txapel txuri fusilaria naiz, karlisten bandoan. Nahiz eta soldadu anonimoa izan, betebehar zehatz bat jarri dute nire bizkar: O’Donell jeneralari tiro egitea! Azkenean baina, bere zaldia akabatzen dut...
Gogoz irakurri nuen Andoaingo gudua deskribatzen zuen liburua (La batalla de Andoain), eta oso jakingarria iruditu zitzaidan hasieratik.
Gertakizun bortitz hura irudikatu behar zela aipatu zidatenean, berehala animatu nintzen. Bakarrik etortzen naiz entseguetara, inon lagunik bilatzen ibili gabe. Izan ere, oso ideia ona iruditzen zait antzerkia erabiltzea geure historiaren zati harrigarri bat ezagutzera emateko, eta gure memoria kolektiboan txertatzeko.
Gidoia nahiko lotuta dago, oso zehatz markatzen du nork zer funtzio bete behar duen, zer abestu, zer oihukatu..., eta alde horretatik, bolondresen esku dago antzezpena ikusgarria eta sinesgarria irtetea”.

Fernando Perez de Mendiguren
“Karlista fusilaria izatea da nire eginkizuna. Santa Krutz elkartean azaldu zizkiguten herri antzezpenaren inguruko xehetasunak. Jose Antonio Jalon, Andoni Aldasoro eta hirurok herriko edozein ekitalditan (kaldereroak, inauteriak, eskopetariak, danborrada...) parte hartzeko ohitura daukagu, eta oraingoan ere, aurrera egin genuen.
Santa Krutz zubian, Kale Berriko biribilgunean eta Goikoplazan ibiliko naiz bereziki. Gidoia ez da zaila jarraitzeko; akaso, pare bat abesti buruz ikastea kostatuko zait gehienen, “Gora Don Carlos” eta “Begira Andoain”, hain zuzen.
Irakurria daukat 1837ko gertakizun hura kontatzen duen liburua, eta oso interesgarria dela esan behar dut. Harridura eta zirrara eragiten du Andoainen egun bakar batean gertatu zena jakiteak!
Bestalde, liburuak zein herri antzezpen honek, besteak beste, gauza bat erakusten digute: alegia, zein ezjakinak garen geure arbasoen eta geure herriaren historiarekin”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!