Iker Zubeldia
Seguratarra naizen aldetik
ez daukat kejarik batez.
Zuk horrenbeste iskina haiek
inork ez baititu maite.
Gure herrian emanda zaude
zure sinismenen parte,
Zegaman ez da inoiz ahaztuko
mundua mundu dan arte,
Aizkorripeko zizalekuek
zure izena daukate.
Uxue Alberdi
Zu ezagutu zintudanetik
zortzi bat urte pasatu,
baina halere zure irriparra
ez da batere aldatu.
Ez naiz kristaua eta elizan
ez naiz hamar aldiz sartu,
baina fede bat badugu biok:
gure bertso, gure kantu.
eta bertsoak batu duena
ez beza inork banatu.
Unai Agirre
Iñaki degu gizon handi bat
elkar hartzeko gaiean,
urnietarren errespetua
lortu duena aidian.
Segurarra nork ez duen maite
galdezatute mahaian.
Iñaki degu bertsozalea
lehengoen esan nahian,
meza laburrak egiten zituna
txapelketa garaian.
Maialen Lujanbio
Iñaki ia jarri dizute
Aita Santuaren trazan.
Hura ez, baino zu herriakin
bat izateko kapaza.
Zu beraiekin zarela esan,
gaur zurekin dezu plaza,
maite izan dezu herri xehea
eta bertsoen jolasa.
Mila zorion zuri Iñaki
danok festak ondo pasa!
Agirreren bertsoa gogoan, Iñaki nork ez duen maite galdera egin daiteke herrian.
IÑAKI ARANZADIREN ESKER ONA
Hitza hartzeko aukera ondotxo baliatu zuen Aranzadik, berriro ere eskuzabaltasunean eta apaltasunean lezio ederra eskainiz: “Denok gure zereginarekin egin dugu aurrera, eta hori miresgarria da. Nik nerea egin dut, eta zuek zeuena egin duzue. Bertsolariek ere jende asko edo gutxi egon ahalegin betean aritzen dira, eta ni ere bai. Horrela izan naiz zoriontsu. Txorakerian edo errutinan erori banintz, okerragoa nintzateke. Neu, gainera, ez naiz apaiz izaten aspertu.
Messik milioiak irabaziko ditu baina ni aberatsagoa naiz haurtxoek goizero egiten didaten irriñoarekin edo ongietorriarekin. Ez naiz gehiago sentitzen, zuekin batera sentitzen naiz eta horregatik eskerrik asko”.
Txalo zaparrada jaso zuen.
IÑAKI ARANZADI TELLERIA. URNIETAR PRESTU 2013
Urnietar Prestu Iñistorra elkartearen adierazpena
“Arratsalde on, guztioi:
Bazkalosteko bertsolarien saioa une ezin egokiagoa da gaur egingo dugun omenaldi honi hasiera emateko, izan ere, gaurko omendua bertsozale handia izateaz gain bertsojale ikaragarria dela esan baikenezake, bertsoaren bitartez euskal arima ezagutzen eta ezagutarazten ikasi duena eta ingurukoei gure kultur ondarearen ezaugarri hori maitatzen irakatsi diguna. Zalantzarik ez, zentzumen guztiekin jarraituko zuen, ohi duen bezala, gaurko bertso-saioa.
Ez du azken urteetan egin zaion lehenengo omenaldia; aurretik ere eliztarrek, urnietarrek ongi merezitako omenaldirik egin diote, Urnietan 28 urtetan zehar apaiz eta erretore gisa egin duen lanagatik. Baina gaurkoan ez dira eliztarrak, Urnietako kristau katolikoak, omenaldia egin behar diotenak, ez horiek bakarrik behintzat, gure artean garbi dagoenez eliztar asko zaudetela.
Gaurkoan Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak ez dio omenaldi hau eskaintzen Urnietako eliztarren izenean, ez baikara nor hori egiteko, hori erabakitzeko... Gaurko omenaldia, oro har, urnietar askoren izenean egina da, euskaltzale izan edo ez, kristau izan edo ez, 28 urte hauetan Iñaki Aranzadik Urnietan eta urnietarrei bere apaiz eginkizunetatik bai, baina areago herritar eta lagun hurko gisa azaldu dien jokabide eta jarrera eskuzabalagatik.
Elizak, eliza katolikoak, izate eta indar ikaragarria izan du Urnietan mende askotan; elizaren jardunak bere argiak izan ditu, baina baita maiz ere itzal izugarriak. Gauza jakina da azken hamarkadetan herritar asko elizarengandik urrunduz joan dela, belaunaldi berriek bizkarra eman diotela neurri handi batean elizari, ulertu ezinik bere kontraesan ikaragarriak.
Hamarkada zail horietan iritsi zen Iñaki Urnietara, artaldea bakantzen ari zenean, eta bere apaltasunetik, bere jendartekotasun gozo horretatik, Urnietako elizaren eginkizuna garai berrietara egokitzen hasi zen, itun berriaren mezua eliztarrei biziarazten garai bateko menpekotasunak, mezu mehatxakorrak eta beldurrak uxatuz, ebanjelioaren zoriontasun mezua indarrean jarriz... Urnietako eliztarrek badiote bai zer eskertua...
Baina Iñaki apaiz izateaz gain urnietar bat gehiago izan da; Segurako herriak eman duen urnietarra, Hernanin ere bere sustraiak aldatu zituena. Eta herritar gisa beti izan da prest zeinahi ekimenetan lagundu eta parte hartzeko, erretore gisa herrian gera zekiokeen itzalaz herritarron ekintza eta ekimen ugari laguntzeko eta defendatzeko. Iñistorra Euskaltzaleon Biltzarrekoak gara horren lekuko garbi. Gutako asko ez gintuen elizako bere eginkizunetan hurbil edo inguruan izango; guk, ordea, gure ondoan edo inguruan izan dugu beti, antolatu dugun ekintza bakoitzean eta guztietan. Eta laguntzeko beti.
Beste askok esan dezakete gauza bera Urnietan: jatorriak, sinismenak, koloreak, itxurak edo pentsakerak aintzat hartu gabe guztiekiko izan du Iñakik eskuzabaltasuna eta hurbiltasuna.
Zuzentasun etikoz eta jatortasunez jokatu duzu 28 urte hauetan eta eredu gertatu zara, urnietar askorengan arrasto sakona uzteraino. Horregatik gaur, Iñaki, gure eskerrona, gizon jantzia eta zintzoa izan zarelako, oso urnietar ona; benetan urnietar prestua!!”.
Urnieta, 2013, irailak 27.