Urnietako jaien hasierako pregoia Poxta Zahar taldeak irakurri zuen, sortu zeneko hamar urte betetzen direnean. Keinu polita izan zuten orain arte elkartea martxan sustengatu dutenek, San Juan plazan jende gehien biltzen den egunean taldearen buruzagitza belaunaldi gazteen esku utzi zutelako. Poxta Zahar abiatu zutenen izenean Aitor Valverdek jaietan parte hartzeko dei argia egin zuen. Segidan, eta lekukoa pasa aurretik, hiru bertsorekin elkartearen ibilbidea laburtu zuten.
[Doinua: Martxa baten lehen notak]
Bi mila eta hirun izan zen
Poxta Zaharren hasiera,
herriak zuen hutsune argia
tapatzeko sortu zena.
Gazte kuadrila bat bildu ginen
aurrera egiteko batera,
eta gazteok gazteontzako
ekintzak antolatzera.
Bolatokia zen bilgunea
eta hizkuntza euskera,
ideia, ilusio ta gogo
denei eginez harrera.
Jai xumeak izanagatik
atera ginen kalera
eta lehenengo txupinazoakin
jai eredua berritzera.
Hurrengo urtean atera genun
Lehenengo aldiz kamixeta,
kolorez gorri nahi izan genun
indarrez gentozen-eta.
Jendea pixkanaka hasi zen
Poxta Zaharri jartzen arreta,
eta urteak pasatu heinean
ikusi zen aldaketa,
Festak herrian bizitzeko
lortu nahi genun oreka,
gazteok gure artean ere
erlazionatzeko beta.
Urtez urte, festarik festa
lan ta buruhaustez gainezka,
baina gazteak pozik ikusita
arintzen zitzaigun kezka.
Mielak esaten dun bezela
Urnietan festak badira,
gaur egun poza ematen baitu
sortzen duten ikusmira.
Herri bazkari, bertso afari
ginkana edo kalejira,
tritikipoteo, kontzertu eta
herri kirolen harira.
Lehen harria jarri zenetik
Iraultza bat eraiki da.
Poxta Zaharreko gazte guztiok
hori genuen desira.
Gazte festa, inauteriei
ta Samielei begira,
talde lanean atera diogu
herriak duen dizdira.
Itsasne Urruzolak udaletxeko balkoitik eskaini zituen lehen hitzak. Hauexek Poxta Zaharreko kide berriek esateko dutena: “Hamar urte hauetan gure arteko harremana indartu eta gauza piloa lortu dugu elkarlanean. Ikusi besterik ez dago gaur bertan herriko plazan bildu garen jendetza! Urnietan ere festak badirela erakutsi dugu! Zorionak denei!
Baina guk urrutirago joan nahi dugu, eta Urnieta urtean zehar ere bizirik dagoela erakutsi nahi dugu! Hamar urteko esperientzia eta gazteon gogoa baliatuz, benetako alternatiba kultural eta sozial bat eskaini nahi dugu, herritik eta herriarentzat! Gora jai herrikoi eta parte hartzaileak! Gora Miela!”.