"Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konponduko duen ziklo politikoan murgilduta gauden honetan, eta gatazka gainditzeko norabidean hainbat ekimen abian direnean: hasi Aieten ospatu zen Nazioarteko Konferentziatik eta, bide horri jarraituz, Urriaren 10ean eta 11n Donostiako Udalak antolatuko duen Nazioarteko Konferentziara -- “Bakea Tokian – Tokian Eraikitzen” --; inoiz baino ulertezinagoak dira euskal herritarren atxiloketak.
Testuinguru honetan, espainiar gobernuak beste urrats errepresibo gogor bat emateko hautua egin du Herrirako egoitzetan bortizki sartu eta hainbat kide atxilotuz. Estatu espainolari eta frantsesari gatazkaren konponbiderako pausuak ematea tokatzen zaien unean, Euskal Herriko gehiengo politiko, sozial eta sindikalak urratsak exijitzen dituen unean, ulergaitzak dira aurkako norabidean eragiten duten gisa honetako ekintzak.
Era berean, kezkaz ikusten dugu Ekain Zubizarreta andoaindarraren inkomunikazio aldian jasan dezakeen indefentsio egoera. Inkomunikazioak babesgabetasuna besterik ez dakar atxilotuekiko, tratu txarrak pairatzeko arriskua besteak beste.
Honengatik guztiagatik, Andoaingo udal gobernuak Ekain Zubizarretaren atxilotzea salatu nahi du, aurrerantzean inkomunikazio aldiak amaitu daitezela eskatuz eta bide batez, Estatu espainolari deia egiten dio gatazka politikoa konpontzeko prozesu honetan pausuak eman ditzan".
Andoainen, 2013ko irailaren 30ean