Jon Martinek irabazi zuen Amasa-Villabonako lehen kanporaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 30a, 11:42

Atzo arratsaldean, Amasa-Villabonako Olaederra kiroldegia bertsozalez lepo beteta zegoela (1000 lagun) eman zitzaion hasiera Euskal herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari. Jon Martin oiartzuarrak irabazi zuen lehen kanporaketa (654 puntu) eta ondorioz, zuzenean sailkatu zen finalaurrekoetara. Puntu bakarrera, Alaia Martin arreba izan zen bigarrena (653). Nerea Elustondo (639,5), Odei Barroso (632), Fredi Paia (631,5) eta Iker Zubeldia (607,5). Jon Zaldua billabonatarra aritu zen gai-jartzaile lanetan. 

Antolatzaileek Villabonako Udalak eta herriak bertsolaritzari emandako babesa eskertu nahi izan zuten.

Hurrengo kanporaketa Markina-Xemeinen izango da datorren larunbatean, urriaren 5ean, 17:30etan hasita. Sei bertsolari arituko dira bertan: Agin Larburu, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeita.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!