"Alarma gorri guztiak piztu dira udaletxe honetan", Andoaingo Gobernu taldearen agerraldia gaur goizean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 27a, 13:00

Ana Carrere alkatea Udal Gobernuko beste hiru kiderekin hedabideen aurrean agertu da atzoko udal batzarraldian atzera bota zizkien proposamenen ondoren, Andoaingo Udala "aurrekaririk gabeko egoera ekonomiko larrian" sartu dela adierazteko.

Agerraldiaren bideoa | Agerraldia idatziz:

 

"Gaur ezinbestekotzat jo dugu komunikabideen aurrean agerraldia egitea, atzoko plenoan oposizioko alderdiek hartutako erabakiaren ondoren, Andoaingo udala egoera larrian jarri dutelako. Alarma gorri guztiak piztu beharrean aurkitzen gara; honezkero ez dago aitzakiarik, egoera oso-oso kezkatzekoa da eta herritarrek honen berri izan behar dute.

Hilabete batzuk daramatzagu esaten Udalaren egoera ekonomikoa ez dela ona. Aurreko urteetan egindako gestioak eta zenbait erabaki desegokiek, ataka larrira eraman gaituzte legegintzaldi honetan. Bilduko udal gobernuak 2011ko ekainean hartu zuen Udal honen gidaritza, eta orduan jada egoera ez zen batere ona. Orduan, buru-belarri jarri ginen lanean, betiere, udal-zerbitzuek ahalik eta kalte gutxien izan zezaten. Horren harira jarri zen mahai-gainean atzo aurkeztu genuen Plan Ekonomiko-Finantzarioa. 

Gauzak horrela, atzoko plenoan bizi izan genuena tamalgarria eta lotsagarria izan zen. Interes politiko elektoralak tarteko, herria galbidera eramaten ari dira kontzienteki, eta Andoaingo udalerriak ezin du hori onartu. Oposizioko alderdiek inoiz bizi gabeko egoera baten aurrean jarri dute Andoaingo Udala; areago, inoiz Gipuzkoako beste herriren batek bizi gabeko egoera batean: 2013rako aurrekonturik gabe, eta aspaldian ohartarazten ari garen egoera ekonomiko kaxkarretik ateratzeko Plan Ekonomiko-Finantzario gabe. Horrek, noski, salbuespen egoeran ipintzen du Andoaingo herria, aurrekaririk gabeko egoera batean, ataka honetatik nola aterako garen aurre-ikusi ezin litekeen egoera batean.

Lotsagarria da gauzak dauden moduan egonda egoera iraultzeko mahai-gainean proposamen bakarra egotea, gurea. Udal gobernuak asteak eta hilabeteak eman ditu Plana osatzen, eta uler dezakegu bertan planteatzen diren neurriekin ezadostasunak egotea oposizioko alderdien aldetik. Ordea, ezin dugu ulertu, negoziaketarako tarterik ez irekitzea edota bestelako alternatiba serio eta formalik ez jartzea mahai gainean. Gure ustez, hori modu bakar batean uler liteke; oposizioaren helburu bakarra Bilduren isolamendu politikoa da, eta helburu hori lortzeko berdin zaie Andoaingo udalerria ataka zailean jarriko duten erabakiak hartzea. Atzoko plenoan izandako jarrerarekin etika-politiko makurra erakutsi dute oposizioko alderdiek; erabat tristea eta salagarria dena. 

Esan bezala, beraz, atzo oposizioko alderdiek hartutako erabakiak (edo erabaki ezak) egoera larrian utzi gaitu andoaindarrok. Ikusi beharko dugu nola aterako garen egoera honetatik, baina aurreratu nahi dizuegu erabaki gogorrak hartu beharko ditugula. Momentuz aurreratzen dugu salbuespeneko lan-taldea jarriko dela martxan udalean, eta orain arte bezala, beste instituzioen inplikazioa ere eskatuko dugula honetatik ateratzeko. Hartzen ditugun erabakiak, direnak direla, Andoaingo bizilagunekin konpartitzeko eta hauen iritziak jasotzeko konpromisoa ere hartzen du, berriz ere. Eta espero dugu, alderdikeriak alde batetara utzi eta oposizioko alderdiak ere egoera hau iraultzeko ematea beharrezkoak izango diren pausuetan ardurarekin jokatuko dutela etorkizunean, orain arte ez bezala. Guztion artean egingo dugu, edo ez dugu egingo". 

Andoainen, 2013ko irailaren 27an

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!