Abian da Supermintzalagunen 20. Promozioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 26a, 12:27

Irailaren 24an, 2013-2014 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak aurkeztu zituzten Euskaltzaleen Topaguneak eta Bagera euskaltzaleen elkarteak Donostian. Koldo Mitxelena Kulturunean izan zen izen-emate kanpainaren aurkezpena, eta Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, eta Aitziber Gurutzeaga Donostiako Bagera elkarteko kideak hartu zuten parte:

Bideoa:http://www.youtube.com/watchv=wLDDfM25Jw&feature=youtu.be

Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, “egunerokoan euskararen alde beren alea jartzen duten supermintzalagunak omendu nahi ditu aurtengo kanpainak”. Izan ere, Mendizabalen hitzetan ahalegin horri esker biziberritzen da euskara, eta superheroiak bezala, sarri ikusezinak izaten dira. Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan.

Duela 20 urte sortu ziren lehen mintzalagun taldeak Donostian. Bagera elkarteko Aitziber Gurutzeagak azaldu zuenez, “orduko kide batzuen artean kezka piztu zen euskaltegiko ikasleek euskara erabiltzeko zituzten zailtasunak ikusita. Horregatik, mintzapraktika modu atsegin eta erraz batean egiteko Mintzalaguna ekimena antolatu zuten”. Hasiera batean dozena bat bagerakide euskara ikasle banarekin elkartzen zen euskaraz mintzapraktika egiteko. Lehenengo urratsak ematen hasi eta Mintzalagun egitasmoa hezurmamitzen joan zen, gaur egun hartu duen hedapeneraino. Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude. Azken urteetan, bereziki indartu dira hirigune handietako egitasmoak (Donostia, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo ingurua). Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira. Aitziber Gurutzeagak adierazi zuenez, Donostian 230 lagun inguru aritzen dira egitasmoan. “Asteroko zitan jariotasuna eta ohitura lortu ahala, mintza taldeetatik kanpo gero eta gehiago erabiltzen dute euskara beraien ingurunean, lanean, lagun giroan, zein familian”.

Parte hartzaileen gorakadan eragin handia izan du azken 6 urteetan Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarlanak.

Izen-emate kanpainan Aitziber Garmendia eta Kepa Errasti aktoreek hartu dute parte, zenbait mintzalagunekin batera. Aurten, 22 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpainan, eta inoizko bateratuena izan da. Ondoko herrietan zabalduko da:

• Arabako Errioxa • Hondarribia

• Arrasate • Igorre - Dima

• Baztan – Bortziri - Malerreka • Iruñerria

• Bergara • Lasarte

• Deba • Lizarraldea

• Donostia • Arabako Mendialdea

• Eibar • Ordizia

• Elgoibar • Orereta

• Gasteiz • Soraluze

• Getxo • Tolosa

• Gorbeialdea • Villabona – Zizurkil

Azkenik, prentsaurrekoan izan ziren mintzalagunek egitasmoan parte hartzeko deia luzatu zieten gainontzeko euskaltzaleei, hitz egiteko jariotasuna lortu nahi dutenei zein hizkuntzaren aldeko alea jarri nahi dutenei.

Izena emateko beharrezko informazioa, herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean edota www.mintzalaguna.org webgunean aurki daiteke.

Informazio gehiago behar izanez gero, arrate@topagunea.org helbidera idatz dezakezue, edo 673.428.464 telefono zenbakira deitu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!