Ur zerbitzuaren afera Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 26a, 10:56

Andoaingo Udalaren egoera ekonomiko zailaren eztabaidaren erdian, EAJ-PNVk erabateko desadostasuna agertu du Bilduk Andoaingo ur zerbitzuaren kudeaketa “Gipuzkoako Ur Kontsortzioa – Gipuzkoako Urak” erakundearen esku utzi nahi duelako. Jeltzaleentzat proposamen horrek ur zerbitzuaren pribatizazioa dakar. Bilduk ukatu egiten du, Gipuzkoako Urak-en izaera publikoa argudiatuz.

Iraila osoan zehar luzatzen ari da eztabaida, uraren zerbitzuaren balizko kudeaketa “pribatua” eta “publikoa” batzuen eta besteen ahotan jarriz. Jeltzaleek gobernu taldearen plan ekonomikoa ez dute onartzen, eta argudio nagusi modura uraren kudeaketarako proposamena gaitzesten dute.
Andoaingo EAJ-PNVk irailaren 6an bidalitako oharrean Gobernu taldearen “porrota” salatu zuen, Udalaren egoera ekonomiko kaskarra haien gestioari leporatuz. Jeltzaleentzat Bilduk ezer gutxi egin du udalgintzan eta, bereziki, ur zerbitzuaren inguruan luzatu duten proposamenaren aurka agertu dira erabat: “Egoera ekonomikoa konpontze bidean, gainerako alderdi politikoei luzatu zaigun proposamen bakarra Andoaingo ur-sistemaren pribatizazioa da. Andoaingo EAJk beti adierazi du, eta aurrerantzean ere hala egingo du, oinarrizko zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurkako jarrera, eta ur hornikuntzari dagokionean ere bai”.
Jeltzaleentzat kezkagarria da Gobernu taldeak proposatzen duena: “Egia litzateke Bilduko udal gobernuak pribatizazio hori aurrera emanez gero, legealdia amaitzeko adinako diru iturri puntuala jaso dezakeela, eta honekin diru kontuak txukuntzea lortuko lukeela, baina aldi berean, udalak duen diru-sarrera nagusienetariko bat galtzea ekarriko luke. Etorkizunean honek sortu dezakeen zulo ekonomikoa benetan arriskutsua da, eta ondorio are larriagoak izan ditzake”.
EAJrentzat “Andoaingo Udalaren egoera ekonomiko larriak soluzio estruktural sendoak behar ditu”. Epe-motzeko neurriak baztertu eta soluzioak etorkizunean pentsatuz hartzeko garaia dela diote.
Jeltzaleei erantzunez, Andoaingo Bilduk irailaren 10ean ur zerbitzuaren kudeaketa berria enpresa publiko baten esku egongo litzatekeela ohartarazi zuen. Pribatutasunaren argudio hori erabat ukatzen dute: “Gure proposamenaren arabera, uraren gestio integrala Gipuzkoako Ur Kontsorzioari esleituko litzaioke. Oposizioko kideek eskura duten Udal idazkariak egindako txostenean argi azaltzen den bezala, Kontsorzioa enpresa publiko bat da. Gipuzkoako 72 udalerritan ematen du zerbitzua eta horietako askotan, Tolosa, Elgoibar edo Eibar bezalako herri handietan esaterako, gestio integrala egiten du. Zer esan nahi du horrek? Mantenimendua, fakturazioa, ur horniketa eta hoditeriaren berrikuntza bere gain hartzen duela. Ur Kontsorzioarekin 15 urterako kontratua sinatuta, Udalak momentu honetan duen 1.500.000 euroko galera kubrituko luke, 2013. urtea positiboan amaituz”.
Alderdi abertzaleen arteko ika-mikak aurrera jarraitu du hilabeteak aurrera egin ahala. Irailaren 13an EAJk argitara eman zuen oharrean bereari eusten dio, Bilduren “gaitasun eza eta inkonpetentzia” salatuz: “Bilduko udal taldea berekoi izaten ari dela salatu nahi dugu, bere interes alderdikoiei lehentasuna ematen ari zaie, herritarren interesak defendatu beharrean. Diru beharra dute eta gestio eraginkor, austero eta baliagarria burutu beharrean, zerbitzu publiko bat pribatizatu nahi dute”.
Iraila amaitzear da eta ostegun honetan Udalak osoko ohiko batzarraldian Plan Ekonomiko finantzieroa onartu edo ez bozkatuko du. Udal gobernu taldeak hil ala bizikotzat jotzen du planaren onarpena. Irailaren 20an prentsa ohar bidez adierazi zutenez, “plana onartuko ez balitz, aurreikusi ezin daitekeen eszenatoki batera pasako litzateke Udala, hurrengo hilabeteetako egoera zeharo baldintzatuz”.

 

postontzia :::

Gipuzkoako Ur Kontsortzioa • Gipuzkoako Urakeko enpresa batzordea

“ANDOAINGO URA EZ DA PRIBATIZATZEN”

Gipuzkoako Ur Kontsorzioa duela hogeita hiru urte hainbat udalerri eta Foru Aldundiaren artean sorturiko partzuergoa da. Gaur egun, 72 udalerri dira partzuergo honetako kide, Andoain barne. Erakunde honetako administrazio batzordea udaletxe (%75) eta Foru Aldundiko (%25) kidez soilik osaturik dago, beraz, erakunde publikoa da.
Honela, udalerri batzuetan goi-sareko zerbitzuak ematen dira: urtegietatik herrietako ur-biltegietara ura eramatea, bide horretan edangarri bihurtuz eta ur zikinen arazketa eginez. Andoaingo herria orain hemen egongo litzateke kokaturik. Zerbitzu osoan aldiz, aurrez aipaturiko lan denak gehi herri barruko  hodien mantenu, berritze-konpontze lanak, kontsumo irakurketak, fakturazioa etab. egiten dira. Zerbitzu hau 44 udalerritan aplikatzen da, hauen artean Elgoibar, Eibar, Tolosa……etab daude; hainbat urte daramatzate zerbitzu honekin.
Andoaingo herrian azkenaldian uraren eta bere kudeaketaren  inguruan zabaldu den eztabaidari zertzelada pare bat egitea gustatuko litzaiguke Gipuzkoako Ur Kontsortzio – Gipuzkoako Urakeko enpresa batzordetik:

  • • Ingurugiroak ematen dizkigun beste baliabide guztien moduan ura guztiona da, beraz ez lituzke bere kudeaketak gutxi batzuen interes ekonomikoak elikatu behar. Kudeaketa publiko eta garden  batek soilik bideratu lezake baliabide honen banaketa eta erabilpen justu bat.
  •  •  Guk dakigunez behintzat, Gipuzkoako Ur Kontsorzioa  sortu zenetik, zerbitzu osoan barneratu diren udalerriek ez dute porrot ekonomikorik jasan aurrez aipaturiko zerbitzuak kontratatzeagatik; kasu gehienetan hobekuntza nabarmenak eman dira uraren zerbitzuan.

Andoaingo eztabaidatik haratago joanda, beharrezkoa ikusten dugu Gipuzkoa mailan, uraren baitan eta bere kudeaketaren inguruan taxuzko eztabaida bat ematea. Gipuzkoa bezalako herrialde batean eredu amankomun eta publikoa izatea bailitzateke egokiena;  Espainar estatu mailako pribatizazioen joeratik aldenduz eta gure bide propioa jorratuz.

2013, iraila

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!