Sendagaien berrordainketa salatzeko sinadura eske

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 26a, 10:55

Gipuzkoako Duintasuna Elkarteak errezeta berrordainketaren aurka sinadurak bildu zituen Andoainen joan den ostegunean. Duintasunako kideek adierazi dutenez, orain bi aste ekin zioten kanpainari, eta harrera ona edukitzen ari da Andoaingo herritarren artean; ehunka pertsonak egin dute bat elkarteak bere egiten duen aldarrikapenarekin.


Irailaren bukaeran Eusko Jaurlaritzara joateko asmoa dauka elkarteak, Euskal Herriko beste herrialdeetako elkarteekin batera; hain zuzen, Bizkaia eta Nafarroako Pentsionistak Martxan eta Arabako Pentsionistak Lanean elkarteko kideekin. Osasuneko Kontseilari Jon Darponekin elkartuko dira, euren eskakizunak jakinarazteko, sinadurak emateaz gain.
Banatzen ari diren esku orrietan adierazten denez, “Euskal Herriko Pentsiodun guztiek, batez ere bizitza osoan astebururik ere gabe eta oporrik gabe, lan etenik gabe, baina sarri askotan kotizatu gabe lanean aritu diren emakumezkoen kolektiboak bizitza duina eta kalitatezkoa bizitzeko eskubide osoa dute, hori oinarrizko justizia da”.
Ez dute onartzen errezetarik gabeko botikarik; izan ere, “errezetak adituek, espezialistek egiten dituzte eta beraiek dakite zeini eta zein errezeta egin, pertsona bakoitzaren arabera”.
Zehaztu dutenez, 417 botika dira orain dela denbora bat errezeta gorrietatik atera dituztenak, eta egun %100ean ordaintzen dira. Horietako asko, gainera, neurrigabeki igo dituzte.
Aldi berean, Jaurlaritzari zera eskatzen diote: osasun zentroetako joan-etorriak, anbulantziak, protesiak, makuluak, gurpil-aulkiak eta ordainduz ezarri nahi dituzten beste egoera guztiak dohainik izaten jarrai dezaten, oraintxe arte bezalaxe.
Ostiral honetan sinadura emateko aukera izango da Nafarroa plaza inguruan, 19:00-21:00 artean.
Eta datorren ostegunean 19:00etatik 21:00etara berriro postua ipiniko dute Zumea plaza. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!