Bertxin elkartekoen astean, jarduera ugari igandera arte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 26a, 10:54

Hiritarren segurtasunari buruzko hitzaldi batek eta bingoak eman zioten hasiera Andoaingo erretiratu eta pentsiodunen Bertxin elkarteak urtero antolatzen duen kultur asteari, eta datozen egunetan jarraipena izango du hainbat ekitaldiren eskutik.

Ostegunean, hilaren 26an, El exótico Hotel Marigold filma emango dute Basteron, arratsaldeko 18:30etatik aurrera.

Ostiralean, hitzaldia-lantegia antolatu da “Barre egiten ikastea bizitzen ikastea da” izenburupean, 17:00etan. Tolosako barreterapia eskolako zuzendari den Bharat Martin izango da gidaria. Ondoren, Bertxin elkarteko Sebillana taldeak emanaldia emango du. Talde hori elkarteko kide diren Eusebi Fernandez, Josefa Pereira eta Sebas Fernandezek osatzen dute. Aurten, martxoaren zortzian emakumearen egunarekin batera egin zuten estreinaldia jende aurrean; harrera ona jaso zuten bazkideen artetik, eta taldearekin jarraitzera animatu dira. Sebillana, paso dobleak eta runbak dantzatzen dituzte gehienbat.
Kultur astearekin jarraituz, larunbatean, eskandinabiar martxa edo nordic walking-aren txanda izango da; Donostiako eskolako irakasleek gidatuko dute ibilaldia, 11:00etatik 14:00ak arte luzatuko dena.
Arratsaldean, berriz, 19:00etatik aurrera, herri sardinada jatea ospatuko da. Herritar oro ekitaldira gonbidatuta dago.

Igandean, azkenik, hamabostean behin ospatu ohi den dantzaldia egingo da, Anbrosia Olabide egoitzan bertan, 18:00etan hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!