Gurutze Iantzi gogoan dute Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 26a, 10:53

Haren heriotzaren XX. urteurrenean hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun hauetan.

Mahai ingurua aberasgarria gertatu zen. Izan ere, hiru hizlariek badute zer esana giza eskubideen urraketen arloan. Maribel Vaquero Urnietan alkate orde izateaz gain, Gasteizen EAJko legebiltzarkide da eta egun bertako Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta herritarren partaidetzaren Batzordeko lehendakaria. Urnietako Udalak bultzatuta, abian den bizikidetzaren inguruko programan ere parte hartzen ari da.  

Karmen Galdeano, GALek 1985ean hil zuen Xabier Galdeano kazetariaren alaba da. Gurutze Iantzi eta beste hainbat atxilotuen abokatua izan da, eta egun, estatuaren bortxaren biktimak izandakoak biltzen dituen Egia Zor fundazioko kidea da.  

Marina Bodasoro, berriz, Zumaiako alkatea izan zen EA alderdiarekin 1987-1991ean. Gipuzkoako Diputazioko Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren Zuzendari Nagusia da.

Nork bere eremuan, giza eskubideen gaia nola ikusten duen eta zertan dabilen azaldu zuen. Ordu  eta erdiko mahai inguruan hainbat ideia eta arrazoi aipatu zituzten, baina orohar, hiru hizlariak bat etorri ziren bi gogoeten inguruan. Batetik, antolatzaileek mahai inguruarekin edukitako ekimena goraipatu zuten. Bestalde, eta nork bere arazoiak emanez, euskal herritaren arteko bizikidetza, nahi eta nahiez, biolentzia ezberdinek eragindako sufrimenduak ikertzearen eta aitortzearen bidetik etorriko dela onartu zuten.  

Urnietarrek aurreko ostiralean omendu zuten Gurutze Iantzi, plazan egindako ekitaldian.

 

Senideek justizia eske jarraitzen dute

Oroitzapena eta aldarrikapena tartekatu ziren orain hogei urte Guardia Zibilen komandantzian hil zen Gurutze Iantziri eskaini zioten omenaldian.
Hitza hartu zutenek Iantzirentzat eta bera bezala tortura jasan izan duten herritarrentzat egia, justizia eta aitortza eskatu zuten. Ekitaldiari hasiera emateko 1993ko iraila-urrian atxilotu zituztenak oholtza gainera igo ziren. Horien izenean, Joxe Lasartek gertakizun haiei buruzko kronika egin zuen: atxiloketak, familiarren kezka eta noraeza, herritarren elkartasun keinuak eta mobilizazioak, tentsio uneak, hil berri zen Gurutzeri omenaldia herriko plazan...
Atxilotu guztiek torturak jasan zituztela aitortu zuten, eta horietako batek, Karmele Urbistondok, torturaren inguruko gogoeta egin zuen. “Torturaren helburua nortasunaren hondamendia, noraeza, zalantza, etsipena sortzea da, galtzaile bihurtzea”. Adierazi zuenez, auzitegi eta salbuespeneko legediek tortura eta torturatzaileen zigorgabetasuna  ahalbideratu dute: “borroka antiterroristaren aitzakipean, norbanakoen eta askatasun publikoen edo habeas corpusaren gabetzea eragin dute”.
Ondoren, dantzariek, oholtzara igo zen Iantzi Igerategi familiari aurreskua eskaini zioten. Gurutzeren erretratu bat irudikatzen zuen oroigarria jaso ostean, Izaskun Iantzik hitza hartu zuen familiaren izenean. 
Julen Irastorza Gurutzeren senarra izan zuen gogoan lehenengo eta behin. “Hura ere atxilotua eta torturatua izan zen. Orain zazpi urte gaixotasun batek eraman zuen; justizia zer den jakin gabe joan zitzaigun”. 1993ko irailaren 27an guardia zibilen komandatzian hil zen Galparsororen familiari, berriz, besarkada luzatu zien Izaskun Iantzik. 
Orain hogei urte familiari ireki zitzaion zauriak bere horretan jarraitzen duela gogoratu zuen Iantzik. Gaineratu zuenez, zauri horiek areagotu, minberatu, odoletan jarri eta sakondu egin zaizkie azken hogei urtetan. “Areagotu, artxibatu egin zutenean kasua, inongo ikerketarik gabe. Minberatu, gobernuek, politikoek, epaileek, mediku forentseek eta kazetariek torturaren errealitatea isilean gorde duten bakoitzean. Odoletan jarri, torturatzaileak saritu eta indultatu izan diren bakoitzean. Ireki, tortura kasu berriak ezagutu ditugun bakoitzean. Sakondu, instituzioek biktima batzuen giza eskubideak kontuan hartzen dituztenen bitartean, gureak isilpean mantentzen dituzten bakoitzean”.   
Bi eskaera egin zituen: batetik, familiak sentitzen dituen zauriak sendatzen hasi daitezen Gurutzeri eta beren egiari errespetua, eta bestetik, “Gurutzeren eskubideen urraketan parte hartu zutenen erantzukizunak nahi ditugu. Egia eta erreparazioa eskatzen dugu, justizia, azken batean”.
Gurutzek herri honekiko erakutsi zuen maitasuna, elkartasuna eta batez ere bere alaitasuna eta irribarrea gogoratuz amaitu zuen hitzaldia Izaskun Iantzik.
Ekitaldian zehar, Anje Duhaalde abeslariak Gurutze Iantziren heriotzaren ondoren konposatu zuen “irtenbiderik ez zen” abestu zuen. Ekitaldiari amaiera emateko, Pernando Barrenak hartu zuen hitza.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!