On Bizi jaia, bertso afaria edota Saroben aurreko asteburuan Egapek eta Iñistorrak antolatutako ikuskizunak direla eta, Urnietako jaiekiko giroa gori gori dago. Udalaren laguntzarekin antolatzen diren hitzordu horiek guztiak indarra hartzen ari dira azken urteotan. Eta, bestalde, jai giroa indartzeko pizgarri dira.
Merkatariek kalea hartu zuten asteburuan, eta ekitaldi horietan guztietan jendetza bildu zen. Herri kirolekin, batukadarekin edota danborradarekin Idiazabal kalea ederki girotu zuten.
Miela Batzordeak, bestalde, larunbat gauean 250 lagunetik gora bildu zituen bertso afarian. Eta biharamunean Saroben “Ez gara Palestinaz ari” ikuskizunera 150 lagun bertaratu ziren. Saroben bertan Egapek ere “EDT” dantza ikuskizuna taularatu zuen. Ohi bezala, tradizioaren eta garaikoaren arteko uztarketa ederra lortzen dute Edu Muruamendiarazen eskutik. Hitzordu horiek guztiak ostegun honetan abiatuko diren jaien atarikoak izan dira.
Miela berriro Marizulotik Urnietara iritsiko da elizaren kanpandorretik jaitsita. Bost egunez jaien zaindari bilakatuko da, astelehen gauean berriro etxera itzultzen den arte.
Hori baino lehen, ostegun arratsaldean Urnietako haur jaioberriei jaietako zapia jarriko diete. Jarraian, Poxta Zahar taldeak antolatutako Olinpiada exotikoari hasiera emango diote. Arratsaldeko 19:00ak iritsi aurretik kanpai jotzearekin jaien hasiera ofizialari ekingo zaio. Hurrenez hurren datoz Mielaren jaitsiera, Poxta Zaharren pregoiaren irakurketa, txupinazoa, erraldoien dantza, Buruntzantzan herriko perkusio taldearen saioa eta txosnen irekiera ekitaldia. Hori guztia ordubeteko epean!
Egitarau oparoa osatu du aurten ere Jai Batzordeak, herriko eragileen lan itzelarekin eta Urnietako Udalaren laguntzarekin. Jaiaz eta herri giroaz gozatzeko garaia heldu da.