Baratzea zaletasun duen udaltzaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 25a, 11:10

Iñaki Elola villabonatarra, udaltzain gisa ezagutuko dute herritar gehienek. Gaurkoan, baina, bere zaletasunaren inguruan hitz egin du: mimo handiz zaintzen duen etxe ondoko baratzeaz.

Noiztik datorkizu baratzearekiko grina?
Txikitatik, beti ezagutu dut baratzea etxean (Otsabin). Aitak fabrikan lan egiten bazuen ere, gurasoek ogibide gisa lantzen zuten baratzea. Terreno dezente erabiltzen zuten. Autobia egin aurretik, Amasako bidearen ondean zegoen terrenoa. Oso terreno babesa zen, leku onean zegoen. Autobia egin ondorenean, beste terreno batean jarraitu genuen eta, pixkanaka, Otsabin etxeak eraiki zirenean eta gurasoak zahartu ahala, etxe inguruko terrenoarekin soilik. Terreno horixe eta nire etxe ondokoa erabiltzen ditut egun baratzea lantzeko. Oso metro gutxi dira, baina ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatzen naiz. Oso gutxitan edukitzen dut terrenoa hutsik. Negu partean atseden pixka bat ematen diot lurrari.

Gurasoengandik ikasi zenuen baratzegintza, beraz…
Bai, txiki-txikitatik gurasoei laguntzen aritzen nintzen; erruz izaten zen lana. Orduan ez nuen gustura egiten, nahiago nuen lagunekin elkartu eta festara joan. Gurasoek baldintza jartzen zidaten: ‘atera lasai, baina bihar goizean baratzean laguntzera’. Haiek zahartu zirenean, nik hartu nuen baratzearen ardura eta orduan bai, orduan zaletasun bilakatu zitzaidan. Naturazalea naiz eta lurrarekin lotuta egoteak erakarri egiten nau.

Txori txiki batek baratzean artista zarela aipatu digu…
Artista ez dakit… Saiatu egiten naiz. Terreno askorik ez daukadanez, barazkiak mimo gehiagorekin zaintzeko aukera izaten dut. Esaterako, hainbat landareren azpian plastikoa jartzen dut belarrik ez jaiotzeko eta lurrak hezetasuna mantentzeko. Babarrunak eta lekak, berriz, sarearen laguntzaz hazten ditut; tomateak sokarekin lotuta… Bestalde, gutizia nuen eta 4X3ko negutegi txiki bat ere badaukat. Modu horretan, urte osoan etxeko letxuga jateko aukera izaten dugu: uda partean baratzekoa eta neguan, hotz handia egiten duenean, negutegiko. Negutegiaren bidez, tomateak lehentxeago heltzen dira eta, oro har, bertako tomatea jaten Santioak aldera hasten bagara, negutegiak, hilabetez aurreratu egiten du denboraldia: Sanjuanetatik urrira bitarte-edo etxeko tomatea izaten dugu.

Zein barazki ereiten duzu? Barazki bitxirik tartean?
Nahikoa klasikoa naiz horretan, ez dut barazki bitxirik aldatu orain artean. Barietate zabala daukat, baina ohiko barazkiena: Hiru klase piper, tomatea, letxuga, bi motatako tipula, patata, porrua, babarruna, leka… Guztira hamabost bat barazki mota, lau laguneko familiarentzat. Garai batean ogibidea zen baratzea etxean. Ama Donostiako, Tolosako edota Villabonako azoketara joanez ezagutu nuen beti. Orain etxerako adina lantzen dut.
Produktua etxekoa izatea gustatzen zait, ahal dudan neurrian, hazia neronek bereizi, handik landarea atera eta neronek aldatuz. Prozesu guztia bideratzen ahalegintzen naiz, ahalik eta produktu naturalena eskuratzeko. Gauza ederra da baratzetik letxuga moztu eta zuzenean mahaira ateratzea; askotan ez baitakigu jaten ditugun jakiak noiz eta nola bilduta dauden. Etxekoak segurtasuna ematen du beti.

Etxean jasotako ohitura zaletasun bihurtu zaizu, beraz?
Lehen bizikleta nuen lehen zaletasuna. Orain baratzeari bizikletari adina denbora eskaintzen diot. Asko betetzen nau, gustuz egiten dut.

Trikimailurik erabiltzen al duzu baratzea ondo zaintzeko?
Ez dut truku berezirik; lurra mimoz zaintzea, horixe besterik ez. Oilo eta untxien hondakinekin osatutako etxeko simaurrarekin gozatzen dut lurra eta baita etxean bertan sortutako konpostarekin. Etxe inguru honek 60 urte daramatza lanean eta pentsa daiteke lurra nekatuta egon daitekeela, baina oso lur gozoa da; egutera da eta oso babestuta dago. Etxe atzeko terrenoa ospelagoa da eta izugarrizko aldea nabaritzen da. Zenbat eta argitasun, berotasun eta eguzki gehiago, orduan eta hobeto!
Bestalde, bizikletan nabilenean, baratzeak begiratzea gogoko dut eta sail ezberdinetan ikusten ditudan ideiak nahiz interneten begiratzen ditudan sistemekin proba egitea gustatzen zait tarteka.  

Konposta etxean egiten duzula aipatu duzu. Kontaiguzu…
Urteak daramatzat baratzean sortzen ditudan hondakin guztiak etxean bertan dudan konpostagailura bota eta bertan konposta egiten. Hondakinak nahastuz, sei hilabetetan sortzen da konposta eta ongarri gisa erabiltzeko primerakoa da. Lurrak ematen duen guztia lurrari itzultzen zaio prozesu honen bidez. Baserrietan bada belarrak erretzeko ohitura, baina kea dela, sua zabaltzeko arriskua dela…, ez da lan egiteko modurik egokiena. Konpostagailua jartzeko adina leku izaten da baserrietan eta askoz ere aukera osasungarriagoa da.

Aurtengo uda hain berankorra izateak zein eragin izan du baratzearengan?
Tomateak ohi baino geroago jaso ditugu eta iaz baino eskasago gainera. Uda berandu iristeak eta negu nahiz udaberria hain euritsuak izateak, dudarik gabe, eragin zuzena izan du tomateengan. Patatarengan, berriz, ez: oso patata ona jaso dugu. Uzta jasotzerakoan, zerikusi handia du baratzearen kokalekuak, eta, dudarik gabe, giroak: lorea hasten denean giro haizetsua egokitu den edo ez, zenbat euri egin duen, eguzki nahikorik izan den… Urte bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Patata, goizeko tipula, letxuga, marrubiak edota piperrak oso ondo jaso ditugun bezala, babarrunari begira, adibidez, ikusi egin beharko da: gure sailean denboraz aurretik joan zaio hostoa: ea zer nolako emaitza izaten dugun.

Baratzearekin batera fruitarbolak ere badituzu. Zer nolako zaintza behar dute?
Pikondoa, sagarrondoa, udarondoa, haranak, hurritza…, zuhaitz ugari dugu eta etxerako adina fruta jasotzen dugu. Zuhaitzei tratamendurik ematen ez diedanez, ale asko ez dira itxuraz politak izaten, -haietako batzuk har-jotakoak-, baina zaporez oso goxoak. Zuhaitzen mantenua baratzekoa baino errazagoa da. Azaro erdi aldera, kimatu egiten ditut zuhaitz handiegiak ez egiteko. Gainerakoan, ez diet zaintza gehiagorik eskaintzen.

Amasa-Villabonako udaltzain, 31 urtez
Jakina denez, Iñaki Elola baratzezain baino ezagunagoa da herrian udaltzain modura. Hilabete honetan bertan 31 urte beteko ditu Amasa-Villabonako udaltzain gisa lanean hasi zela. Aitortu duenez, herria handitu nahiz bizi-ohiturak aldatu diren neurri berean aldatu da euren lan egiteko modua ere, “lehen zortzi urtetan gauez egin nuen lan. Villabona eta Zizurkilen artean mankomunitatea osatu zen, gaueko zerbitzua eskaintzeko. 1990ean Ertzaintzak hartu zuen ardura hori eta gaueko zerbitzu hori eten egin zen, egunekoa indartuz. Erabat ezberdina da gauez edo egunez lan egitea. Egunez, herritarrekiko hartu-emana askoz ere estuagoa da, gertukoagoa. Gauez gertaera bereziagoak sortzen ziren”. Beharrek hala eskatuta, udaltzainen zerbitzua zabaltzen joan da urtez urte, “lanean hasi nintzen garaian hiruzpalau udaltzain aritzen ginen. Orain sei udaltzain eta nagusia gara”. Herritarren deiei erantzutea euren lanetako bat da, baina Iñakiren ustez, trafikoa bideratzea da euren lanaren erdigunea, “autoari lotuegi gaude egun eta behar baino erabilera handiagoa ematen diogu. Azken urte hauetan, ordea, autoa galtzaile ateratzen da oinezkoaren aurrean, azken hauei eman baitzaie lehentasuna. Pixkanaka indartzen ari den arren, oraindik ere oinez ibiltzearen aldeko kontzientzia handiagoa hartu behar da. Askotan beharrik gabe erabiltzen da autoa”, adierazi du. Euren lan taldeko hainbat kidek trafikoaren inguruko hitzaldi batzuetan hartu zuten parte orain gutxi. Hitzaldi hartako ondorioetako batzuk aipatu ditu Iñakik, “sei urtetik aurrerako umeek oinez edo bizikletaz lasai joan beharko lukete ikastetxera. Askotan gehiegi babesten ditugu gurasook, baina gu ere oinez ibiltzen ginela gogoratu behar dugu. Bi euri tanta egiteagatik haurra eskolara eramateko autoa hartzeak ez du zentzurik, eguneroko erritmoa oztopatzen du erabilera desegoki horrek”. Hiri handietan beste funtzionamendu bat izango duten arren, herri txikietako udaltzainek denetarik egin behar izaten dutela dio Otsabikoak: “bateriarik gabe geratu den kotxe gidariari laguntzetik etxe barruan giltzak utzi dituen herritarrari erantzutea… Oro har, esker-oneko lana da gurea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!