Inaxio Garmendia eta Juan Usandizaga lagunek hartu zuten hitza lehenik eta Villabonako Sacem lantegian lanean hasi zeneko garaia ekarri zuten gogora, “14 urte zituela hasi zen Asintxio Sacemen lanean, bere Orbea bizikletan joaten zen goizean goiz. Lan egin, etxera itzuli eta bazkalondoan berriz ere bizikleta hartuta itzultzen zen lanera”. Sacemen lankide izan zuen Juan Usandizagak langile ona zela jakinarazi zuen, “pazientzia handia zuen eta oso esku ona. Ondo moldatzen zen garai hartako makinekin eta ederki ikasi zuen ofizioa. Pulamentuzko gizona zen”. Sacem lantegia itxi zuten arte aritu zen bertan lanean. Gero Asteasuko Bost lantegian hasi zen.
Sacemen, eskola onean ikasi zuela uste du Inaxio Garmendiak, “Gizon umoretsua zen, oso adar-jotzaile ona. Bertsolari sena zuen eta bertsotan ere ibili zen. Esaterako, behin herriarteko txapelketan hartu zuen parte Dionisoi Iraola eta Manuel Urretabizkaia herritarrekin batera. Peñagarikanoren ondoan ere aritu zen txapelketaren batean eta anoetarrak irabazi egin zion. Oholtzaren gainean urduri jartzen zela esaten zuen, ez zuela ikusi ere egiten. Lasaiago aritzen zen sagardotegian. Oso umore finekoa zen, lagunartean umorea jartzen primerakoa”.
Euskal kirola eta kultura maite
Adierazi zutenez, euskal kultura eta kirola maite zituen eta ahal zuen guztia egiten zuen herrian ekintza ezberdinak bultzatzeko. Esaterako, herri kirol-zale amorratua zen: idi-demak, segalariak, harri-jasotzea, aizkora, ahari apustua…, alor guztiak zituen gogoko. Joxe Anjel Sarasolak, harreman estua zuen Asintxiorekin, herri kirol mailan bereziki. “Harri-jasotzearekin lotuta, esaterako, urte askoan galduta egon zen Gipuzkoako Harri Txikiaren txapelketa berreskuratu eta Asteasun jarri zuen berriz ere martxan. Harri Handiaren herriarteko txapelketa ere antolatu zuen, ordura arte egiten ez zena. Oso zalea zen eta herrian norbait harri-jasotzen zebilela jakiten bazuen berehala jarriko zuen martxan ekimenen bat: ‘ehun kiloko harriarekin ibiltzen al haiz? Txapelketa jarriko diagu orduan’. Esan eta egin. Hitzeko gizona zen”. Herri kirol mundua mirestu egiten zuela aipatu eta, “besteak martxan jartzea gustatzen zitzaion, ez berari kirola egitea”, azaldu zuten barrez. Apustuzale amorratua zela ere aitortu zuten, “apustuzalea izan arren, ordea, ez zuen sesiorik pizten; ezta galtzen zuenean ere”.
Juan Tapia trikitilariak gogoan du nola ezagutu zuen Asintxio, “Santa Ageda egun batez Asteasuko kalean soinua jotzen ni eta hura bertsotan aritu ginen. Orduantxe ezagutu genuen elkar. Animosoa zen, aproposa ingurua girotzen. Oso gogoko zuen trikitixa; piezak entzutea gustatzen zitzaion, baina ez dantza egitea. Eleuterio Tapia, gure aita hil zenean eta Udalak omenaldia eskaini zionean, izugarri saiatu zen. Lan handia egin zuen. Bururatzen zitzaiona gauzatu arte, aurrera egiten zuen beti”.
Lagunartea oso gustuko zuen eta azaldu zutenez, “zezina, oilo, basurde edota babarrun-jateak…, koadrila ezberdinekin elkartu eta beti izaten zuen bazkari edo hitzorduren bat”. Aitzondo elkartean sarritan, bertako bazkide baitzen.
Joxe Migel Irazu `Muñu´ren hitzetan, “oso gizon ona zen. Gizon eta lagun fina”.
Behar bezala baloratu gabeko lana
Asintxio alkate zela, berarekin zinegotzi lanetan aritu ziren Martin Otegik eta Julen Unanuek nahiz egungo Asteasuko alkate Pili Legarrak 1987-1995 legegintzetan, Asteasu eta asteasuarren alde hamaika lan egin zuela nabarmendu zuten. Piliren aburuz, bi legegintza haiek garrantzitsuak izan baziren, ez zen asko eraiki zelako izan, “Asintxio ez da historiara pasatuko bere garaian obra asko egin zelako, baina funtzionamendu aldetik aldaketa ugari ekarri zuen. Esaterako, eskualdeko Udalekin harreman estua zuen eta elkarlan hori bultzatzea oso garrantzitsua izan zen. Ondoren etorri ziren ekimen asko bideratzeko urratsak eman zituen, apal-apal. Ikusten ez den azpiko lana egin zuen, ikaragarrizko garrantzia duen lana, ondorengo legegintzatan baloratu ez zena. Nire ustez, errekonozimendu falta izan zuen Asintxiok”.
Bi legealdietan zinegotzi-lagun izan zuen Martin Otegik Suchard-eko lurren kudeaketa bideratzeko Madrilera joan beharra egokitu zitzaioneko pasartea ekarri zuen gogora, “Suchardeko terrenoak erosi behar zituenean, Madrilera joan zen Jokin sekretarioarekin batera, abokatu despatxu ezagun batera. Korbatarekin edo, gutxienez, trajea jantzita joan beharko zuela esaten genion guk, erotu beharrean ibili ginen. Azkenean, jertsea lepotik zuela joan zen bilerara”.
Egun gauza asko eginda ikusi arren, bigarren solairura igotzeko lehenengotik igaro behar dela aipatu zuen bigarren legealdian zinegotzi-lagun izan zuen Julen Unanuek, “hori ez zion inork baloratu eta ez dio inork baloratuko. Aurrera egiteko erabakimena zuen. Argi zituen egin beharreko lanak eta konbentzimenduz egiten zituen. Intuizioko gizona zen. Ez zuen eskola handirik izango, baina bai oso buru argia”.
Adierazi zutenez, Goibailaran bizi zenez, garai batean herrira jaisten ez zela eta behin alkate izandakoan handik ateratzen ez zela esaten omen zioten txantxetan. “Udaletxeko bileretan berandu arte egoten zen, ez zuen etxeratzeko presarik izaten; hala ere, hurrengo goizean 06:00etarako lanean izaten zen. Ez zuen udaletxean despatxuaren beharrik, kalea zuen ofizina: edozein herritarri erantzuten zion. Gertukoa zen herritarrekin”.
Alkate gisa hamaika lan egindakoa, besteak beste:
- Baserriko bide guztiak hormigoitu, denak.
- Santa Marinako elkartea bere garaian berritu zen, lehen fasea behintzat bai.
- Bere garaian eraiki zen Zahar Etxea, nahiz eta hurrengo legealdian inauguratu.
- Zaharkinak, antzinako tresna zaharren erakusketa jarri zuen abian lehenengoz.
- Ibarrazpiko lurrak erosi zituen Udalak, gero etxeak eraikitzeko.
- Suchard-eko lurrak erosteko gestioak egin zituen, gero Agroaldea egiteko.
- Estanko etxea erosi, gero Kultur Etxea egiteko.
- Alkate intsumisoa, epaitu ere egin zuten.
- El Salvadorreko herriarekin senidetzea orduan hasi zen.
- Asteasuko udaletxeko artxiboaren antolaketa lanak bideratu zituen.
- Asteasuko plaza lurreko mailara jaitsi zuen.
- Udaleko arauen aldaketa abian jarri zuen.
- Sanatorioa bota, arriskua saihesteko.
- Ur loturak egin zituen baserrietara.
- Minaren azterketa, 1993 urtean.
- Herri lanetarako langileak bere garaian kontratatu ziren. Ordura arte ez zegoen halakorik. Udalaren lehen kamioneta ere garai hartan erosi zen. Aurretik traktorea alokatzen zen lan ezberdinak egiteko.
- Dirulaguntzak lortzeko saiakera handia egin zuen.
- Herritarrekiko gertutasuna…