Bi urtetxo zituenetik ibili izan da Arkaitz ardien artean: “Ordura arte, Asteasuko kalean bizitu ginen. Nik bi urte egin nituenean joan ginen baserrira bizitzera eta ordutik, ardiekin ibili izan naiz beti, atzera eta aurrera”.
Zaletasun handiz bizi du Arkaitzek artzaintza: “Txikitandik ezagutzeak, zaletasuna garatzera eraman nau. Ondo ezagutzen dut mundu hori, eta nahiz eta zenbait garaitan oso lotua eta gogorra den, gustuko dut”. Urte garaia iristean, urtarrila inguruan, gaztak egiten hasten da Arkaitz. “Aitak jezten ditu ardiak eta ni gaztagintzan aritzen naiz. Eguberrietarako kentzen ditugu lehen arkumeak, eta urtarrilean ardiak jetzi eta gaztak egiten hasteko garaia iristen da. Ingeniaritza ikasten ari naiz orain, eta etxera iritsitakoan, motxila utzi, arropa aldatu, eta ukuilura joaten naiz”.
Zapore berezia
Maiatza bitarte, egunero-egunero egiten dute gazta etxean. “Garai batean, mendian egiten genituen gaztak, Aundimendin. Gero, zenbait urtetan, ardiei jetzitako esnea saldu egiten genuen. Duela hiru urte, ordea, berriz ekin genion gazta egiteari eta etxean bertan egiten ditut, Asteasun. Gazta ona egiteko, oso garrantzitsua da eguneko esne freskoa erabiltzea, horregatik, egunero aritzen naiz lan horretan. Gure gazta erosten dutenek, zapore berezia duela esaten dute beti. Eskuz egiten dugu guk prozesu guztia eta horrek, berezitasuna ematen dio. Zapore ezberdineko gazta da eta jendeak gustura eramaten du. Guztira, laurehun gazta inguru egingo nituen aurten. Horretarako, gurasoen laguntza ere izaten dut. Aitak egiten ditu ukuiluko lanak eta amak, gaztagintzarako behar ditudan tresnen garbiketan laguntzen dit”.
Krisialdia nabari
Aurten, salmentak ez doaz Arkaitzek nahi bezain azkar: “Etxetik saltzen ditugu gazta gehienak eta orain arte, oso martxa onean saldu izan ditugu. Aurten, berriz, asko nabaritu dugu krisialdia. Oso zaila da gazta osoa saltzea. Gaztak erditik ebakita prestatzen ditugu eta hala ere, saltzeko komeriatan gabiltza.
Hogeita bat urterekin, ikasketatan murgilduta dabil Arkaitz. “Oso gustuko dut artzaintza, baina zaila da bizimodua hortik ateratzea. Gastuak izugarri igo dira; pentsua, argindarra, gasoila, lastoa..., dena joan da gora. Dirusarrerak berriz, duela 30 urte zituztenen pare dabiltza. Horrela, oso zaila da ezer egitea. Ikusten duzun diru apurra, berriz ere ardientzat erabili behar duzu; ilea mozteko, larreak ordaintzeko, pentsutarako...”, azaldu du penatuta.
Barne-barnetik bizi du Arkaitzek artzaintza. “Arkumeak jaiotzen ari diren garaian, ukuiluari lotuta bizi gara. Oso gainean egon beharra daukagu arkumerik ez itotzeko. Loari ordu asko kentzen dizkiogu garai horretan. Horiek denak pasata ukuiluan sartu, eta arkumeak hazten ari direla ikusteak ematen didan poza bezalakorik ez dago niretzat”.
Postua azokan
Asteasuko Azoka Berezian postua jarriko du Arkaitzek: “Gure gazta dastatu nahi duenak, erosteko aukera izango du bertan. Gainerakoan, etxeko animaliaren batzuk ere ekarriko ditugu, urtero egiten dugun moduan”.