Errekortari gazteak, zezenaren aurrean buruz eta errespetuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 25a, 10:54

Errekortari baino gehiago, zezenzaletzat dute euren burua. Zezenek erakarri egiten dituzte eta afizio hori plazaz plaza lantzen dute Ander Lizarralde (17 urte) eta Julen Intxausti (21) billabonatarrek nahiz Iker Jauregi (16) anoetarrak. Eskualdean zaletasun bera duten gazte gehiago ere badela nabarmendu dute.

Noiz eta nolatan piztu zitzaizuen zezenekiko afizioa?
Julen: Txikitako pasadizo bategatik hasi nintzen ni. Herriko jaietan, plazako eszenatokiaren gainean egoten ginen gurasoekin sokamuturra ikusten. Halako batean lagun batek plazara bultzatu eta zezenen aurrean atera nintzen. Gustatu egin zitzaidan esperientzia eta ordutik aurrera geratu gabe jarraitu egin dut.
Ander: Txikitatik gustatu izan zaikit animaliak, zezenak ere bai. Zezenaren aurrera ateratzera atrebitu nintzen behin eta hortxe gabiltza geroztik.
Iker: Herriko festetan Gorritiren animaliekin eta Tolosako inauterietan zezenak ikusten zaletu nintzen ni. Orain dela gutxi animatu nintzen parte hartzera eta aurrera jarraitzen dut.

Zezenak gustatzetik errekortari lanetara igarotzera badago tartea. Nolatan eman zenuten pauso hori?

J.: Behin edo beste ibiliko nintzen ni errekortari lanetan. Gutxi. Hauek biak dezente gehiago…
A.: Zezenetan pixka bat ibiltzen ginen eta helduagoek hots eginda hasi ginen errekortari bezala. Eskualdeko gazte gehiago ere ibiltzen gara, baina hemen inguruan nahiko afizio berria da.
I.: Ander eta biok elkarrekin hasi ginen Bergarako txapelketa berean, txahalarekin.
A.: Bergarako txapelketaren ondotik, batzu-batzuk egin ditugu bi umeok zahar guztiekin batera.

Nola definituko zenukete errekortariaren lana?
I.: Errekortariak zezena distraitu eta engainatu egin behar du.
A.: Zezenarekin jolastu, azken batean.
J.: Zezenaren gainetik salto egin, haren aurrean belauniko jarri… Zenbat eta ariketa zailagoa egin, jendearentzat politago. Ikusleari ez zaio zezenak errekortaria harrapatzea gustatzen, baina bai arrisku puntua.

Errekortariena kirol arriskutsua da, dudarik gabe. Zer diozue?
Hiruak batera: Arriskutsua da, bai. Nahikoa kolpe hartuta gaude dagoeneko.

Zenbat kiloko zezenaren aurreran hartu izan duzue parte?
A.: Zezen handiekin aritzen gara. Edozein-edozeinen aurrean ez, baina ederrekin.
I.: 600 kiloko zezenekin ez dugu probatu oraindik, baina probatu behar dugu aurten.
J.: Hemen, esaterako, zezenak adarrak bolaztatuta ateratzen dituzte. Nafarroan puntatan. Nafarroara gutxi joaten gara, han harrapatuz gero zuloa izaten baita.

Azkartasuna, arintasuna, argitasuna… Zein ezaugarri behar ditu errekortariak?
J.: Azken batean, burua edukitzea da garrantzitsuena. Ausarta izatea ere bai, noski. Zezenaren aurretik alde egiteko garaian, gorputzak ere badu zerikusia, baina abilezia garrantzitsuagoa da.
I.: Mentalitatea behar da.
J.: Zezenaren aurrean, txekorra edo behia jolasa dela pentsa daiteke, baina burua erabili behar da; txekor edo behi baten aurrean ere oso erraz hautsi baitaitezke hezurrak.
A.: Zezenaren aurrean nola aritu jakin egin behar da. Zezenak zein joera hartuko duen aurreikustea oso garrantzitsua da.
J.: Burua erabiltzearekin batera, ondokoarekin errespetua eduki behar da.
A.: Guk, hala ere, errekortari baino gehiago zezentzaletzat dugu gure burua. Errekortariarena izen handia da.
J.: Txapelketen munduan oso sartuta dagoena da errekortaria. Gu zezenzaleak gara, zezenak dauden lekuetara joaten garenak.

Zein prestakuntza egiten duzue zezenaren aurrean ateratzeko?
A.: Geldirik egotekoak ez gara eta bestela ere beti egiten dugu kirolen bat. Gainerakoan, ez dugu errekortaritarako bereziki entrenatzen.
J.: Noizbait tokatu izan zaigu Tolosako zezen-plazara joan eta han, adardun karro bat nahiz koltsonetak uztea. Halakoetan saltoak eta errekorteak praktikatzen ditugu, baina oso gutxitan.

Herriko jaietako sokamuturrak ere baliatzen omen dituzue entrenamendu gisa…
A.: Sokamuturra egokitzen den lekuetara joaten gara.
J.: Gero eta herri gutxiagotan egiten dutenez, batetik bestera gehiago mugitu behar izaten dugu.
I.: Aurtengo udan inguruan ere izan ditugu: Anoetan edota Villabonan.
J.: Bi herrietan bi traktore gurpil eta banketa jarri genituen plazan. Horrek normalean ibiltzen ez den jendea plazaratzera animatzen du eta guri ere joko gehiago ematen digu.
A.: Bestela beti berdinak ateratzen gara.
J.: Anoetan, esaterako, inoiz parte hartzen ez duen jendeak hartu zuen parte. Horrek poza ematen du; gutxi baikara eta geroz eta jende gehiagok parte hartu, zezenak errekuperatu egingo baitira. Villabonan, berriz, garai bateko sokamuturra berreskuratu zen zezenak Kale Nagusian, Behar Zana elkartearen parean askatuz eta modu horretan, entzierro txiki bat eginez.

Eskualde mailan zenbat lagun aritzen zarete errekortari moduan?
A.: Inguruko herrietan jende gehiago ere aritzen da. Herriero bizpahiru izango gara.
J.: Andoainen beste bi edo hiru lagun baditugu. Hernanin, Tolosan… Azpeitian, esaterako, izugarrizko afizioa dago. Zezenekiko afizioa dagoen herrietan beti egoten dira errekortariak. Ez Nafarroan adina, baina dezente.
A.: Batetik bestera ibiltzen garenok, denok ezagutzen dugu elkar. Zortzi-hamar lagun inguru biltzen gara.

Errekortari txapelketetan hartzen duzue parte. Gipuzkoan bereziki, Nafarroan tarteka…
J.: Gipuzkoan Nafarroan baino gehiago, Nafarroan maila oso ona baita. Askotan kanpoko jendeari deitzen diote Nafarroako txapelketetarako, ikusmina handiagoa izango delakoan. Baina modu horretan, Gipuzkoako jende gutxiago animatzen da parte hartzera. Umetatik parte hartuz gero, ume horri geroz eta ilusio handiagoa piztuko zaio plazan ateratzeko.

Epaile talde batek neurtzen du errekortarien lana. Zein ezaugarri hartzen dute kontuan?
J.: Orain errekortari profesionalak direnak aritzen dira txapelketak neurtzen, asko ibilita daudenak, adina dutenak.
A.: Zailtasuna eta itxura begiratzen dute batik bat. Askotan errekortea zenbat eta zailagoa izan hobea dela pentsatzen da, baina hori ez da hala izaten.
J.: Errekorterik sinpleena ondo egiten denean jasotzen da punturik altuela.

Zuen burua zezenaren aurrean ikusitakoan, beldurrik sentitzen al duzue?
A.: Beldurra baino, errespetua.
J.: Adrenalina handia sentitzen da, baina zezenaren aurrean errespetua behar da; adrenalina hori neurtu egin behar da. Beldur puntua edukitzea beharrezkoa da, gainerakoan seguru harrapatuko baitzaitu zezenak.
A.: Zezenen aurrera atera aurretik, beti izaten da urduritasuna. Txapelketetan bereziki, izan ere gehiago jokatzen baitugu. Txapelketan egiten dugunaren arabera deituko baikaituzte hurrengoan parte hartzeko.
J.: Daukazun onena erakutsi behar duzu txapelketan eta hori hala izateko, asko arriskatu behar da.

Zer diote ingurukoek zuen afizioaren aurrean?
A.: Ez zaie batere gustatzen.
J.: Behin kolpe onak hartutakoan geratuko garela uste dute. Nik makina hartutakoak garela esaten diet, baina ez dudala geratzeko intentziorik. Zezenak harrapatutakoan, -ondo baldin banago, jakina-, altxatu eta segitu egiten dut. Zezenak harrapatzen bazaitu, zer edo zer gaizki egin duzulako izaten da. Halakoetan, ni behintzat nire buruarekin haserretu egiten naiz eta zezenak niri ahal didan bezala, nik zezenari ahal diodala pentsatu eta jarraitu egiten dut. Nik ondo egiten bukatzen badut, nire buruarekin lasaiago geratzen naiz. Zezenak harrapatu ondorengo beldurra gainditzen ez baduzu, hurrengoan beldur gehiago izango duzu.

Entzierroetan parte hartzea ere gogoko al duzue?
I.: Bat edo bestetan parte hartu izan dut, gustukoak ditut entzierroak. Lizarran edota Rincón del Sotokoan hartu izan dut parte. Jende gutxi izaten da korrika eta zezenak ikusteak, karrera onak egiteko aukera ematen du. Lizarran jende gutxi bazen korrika, Rincón del Soton oraindik eta gutxiago. Gozatua izan zen.
J.: 15 urte nituela, Falcesko entzierroa ikustera joan nintzen aita eta lagun batekin. Aita norbaitekin hizketan ari zela, laguna eta biok zezenen aurrean atera ginen -hasiera batean asmorik ez bagenuen ere-. Mendian behera izugarrizko abiadura ekartzen du ganaduak eta 20 metro egingo genituen korrika. Laguna lurrera erori eta gainetik pasa zitzaizkion zezen guztiak. Hala ere, ez zuen zauri larririk izan. Falceskoa, huraxe gustatzen zait niri entzierroetan gehien. Aurten, esaterako, Iruñeakoa ikustera joan naiz eta ez zait batere gustatu. Zezenek baino arrisku handiagoa sortzen du jendeak.
A.: Ni ez naute entzierroek erakartzen, baina, bat aukeratzen hasita, ez nuke Iruñeakoa aukeratuko. Jende askok ez du jakiten non dabilen ere eta hori oso arriskutsua da.

Zein asmo duzue aurrera begira?
I.: Orain arte bezala jarraitzea.
J.: Afizioa galtzen ez badugu, nahikoa.
A.: Ahal den moduan aurrera segitzea.

Zezenak, parranda baino nahiago
Zezenzale billabonatarrei harridura sortzen die nola herrian ez dagoen zezenen aurrean parte hartzera animatzen den herritar gehiago, “sokamuturra ikustera jende asko biltzen da herriko jaietan, plaza bete egiten da”. Larrean edo Olaederra aurrean sokamuturrak antolatu ziren urteetan ere, goizeko ordu txikietan izanagatik, zezenek jende asko erakartzen zutela aipatu dute, “goizeko 08:00etan zezenak ikusteko jaikitzen dena, zezenak gogoko dituelako da eta harrigarria da nola ez den korrika jende gehiego ateratzen”.
Aurtengo Santiotan, goizetik arratsaldera aldatu zuten sokamuturra eta neurri egokia iruditu zitzaien elkarrizketatuei, “goizetan, askotan, jendea moxkortuta ateratzen zen zezenaren aurrera eta egoera horretan ez da sekula parte hartu behar; beraien buruagatik zein ondokoengatik”. Parranda egitea baino gustukoago dute hiru gazte hauek zezenen aurrean ibiltzea, ahalik eta herri gehienetara joanez. Eta saiakeraren ondoren, ikusleen txaloak jasotzea oso polita dela diote.

Ihes egin zuen zezena protagonista Santio egunean
Aurtengo Villabonako Santio egunean dudarik gabeko protagonista, ihes eginiko zezena izan zen. Sokamuturreko hirugarren zezena, Kale Nagusian gora eta behera zebilela, Obaba tabernako atetik sartu, taberna zeharkatu eta terrazatik Kale Berrira atera zen, bertan eserita zeudenen harridura eta larritasunerako. Behin Kale Berria igarota, Txermin auzoa zeharkatu zuen, ikastolako aterpera ailegatu zen arte. Villabona bere kabuz ezagutu zuen zezenak eta espero gabean, zezena libre topatu zuten herritarrek sekulako ezustekoa hartu zuten. Sustoak susto, ez zen inor zauritu. Horixe berririk pozgarriena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!