Beñat Igerabide, musikari bidean aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 25a, 10:50

Beñat Igerabide adunarrak gustuko du kantuak idatzi eta jendaurrean jotzea. Laster kalean izango da berak sortutako kantuekin osatutako diskoa. Horrez gain, grabazio estudioa ere badu Adunan eta berea ez ezik, gainontzeko taldeen proiektuak ere grabatzen ditu bertan. Egun Donostian bizi den adunarrak hartu du hitza datorren elkarrizketan.

Gazterik hasi zinen gitarra jotzen. Gogoan al dituzu hastapenak?
Eskolan, musikako klasean hasi ginen gitarra jotzen ikasten: Villabonan, DBH ikasten genuela, 15 bat urterekin. Lehenagotik ere aritu nintzen pianoarekin zertxobait, baina eskola garai hartan gustua hartu nion gitarrari. Gerora, Loatzo musika eskolan nahiz Donostian ikasi nuen gitarra jotzen. Kantak idazteak eta taldeetan jotzeak erakarri egiten ninduen eta aurrera egin nuen.

Behin martxan hasita, talde ezberdinetan hartu zenuen parte. Kontaiguzu…
Aurrez, beste proiektu batzuetan aritu izan naiz beste musika estilo batzuk jotzen; heavy-a, esaterako. Villabonan osatu genuen lehen musika taldea lagun batzuek. Gerora Zarauzko talde batean aritu nintzen kantatzen, baita Donostiako beste lagun batzuekin ere.
Bakarka hasi nintzenean ekin nion nire estiloa lantzeari. Taldeetan ari nintzenean dagoeneko egiten nituen nire kantak, baina oraindik ez neukan errepertorio luzerik. Bakarka serio hasteko apustua duela pare bat urte egin nuen. Lehenik eta behin zein hizkuntzatan idatzi erabaki behar izan nuen: gaztelaniaz nahiz ingelesez ere idatzi izan baititut abestiak. Azken batean, nire proiektua euskaraz egin nahi nuela erabaki nuen.

Zer nolakoa izan da bakarkako bidean, bi urte horietako lana?
Abesti mordoxka osatu arte, bi urtez aritu nintzen lanean. Orain urtebete, berriz, taldekideekin batera entseatzen hasi nintzen: Gorka Urra (gitarra), Gustavo Gonzalez (bateria) eta Maria Soriazu (baxua). Hiru kantekin maketa grabatu genuen lehenik eta Euskadi Gazteako Maketa lehiaketan ere parte hartu genuen. Orain, lehen diskoa grabatzen ari gara.

Maketa lehiaketan parte hartu soilik ez, finalera ere iritsi zineten. Izugarrizko poza hartuko zenuten!
Esperientzia polita izan zen. Asmo handirik gabe, lehiaketara aurkeztu nuen maketa, ea zer gertatzen zen..., eta espero gabean, finalera iritsi ginen. Proba moduan ateratako lehen maketarekin haraino iristeak poz handia eman zidan.

Zertan oinarritzen zara kantuetako letrak eta doinuak sortzerakoan?
Kantuen estiloa gustuko ditudan taldeetan oinarrituta landu dut. Azken boladan asko entzuten ditut John Mayer, Jazzaldian aritu zen Jamie Cullum edota, besteak beste, Ben Howard Ingalaterrako kantaria, esaterako. Pixkanaka nire errejistroak gehiago ezagutu ditut eta behin hori jakinda, estilo horren barruan ateratzen zaizkit kantuak. Inspirazioa, berriz, eguneroko gertaeratan eta nire hausnarketetan oinarritutakoa da. Kantuak egiten agian ez dut hainbeste denbora pasatzen, baina azken bi urte hauek momentua topatzen ere pasatu ditut. Kantuak ezin ditut besterik gabe idatzi, hausnarketarako bidea pizten didan egoeraren bat gertatu behar du horretarako. Jakina, egunero ez dira horrelako momentuak izaten eta une horiek etorri arte, zain egon behar da.

Maketako kantuak entzunda, musika nahiz hitzak asko zaintzen dituzula nabari da…
Bai, horretan saiatzen naiz. Normalean, lehenengo etortzen zaidan ideia ez da azkena izaten; bizpahiru buelta ematen dizkiet kantuei eta ahalik eta txukunen ateratzen ahalegintzen naiz. Era berean, gauzak esateko modu ezohikoak topatzen ere saiatzen naiz.
Hitzak edo doinua, zer konposatzen duzu lehenengo? Zein da zure kasua?
Normalean musika eta ahotsaren melodia pentsatzen ditut lehenengo. Letren ideia buruan izaten badut ere, melodiak trasmititzen didanaren arabera osatzen ditut hitzak gehienetan. Melodia bati letra moldatzea alderantzizko bidea baino errazagoa egiten zait.

Diskoa kaleratu aurretik, kontzerturen bat eman duzue dagoeneko. Gustura geratu al zarete lehen taularatze horiekin?

Dokan (Donostiako Kafe Antzokia) eskaini genuen lehen kontzertua, aurkezpen modukoa-edo. Irungo MEK festibalean ere aritu ginen eta baita Bilborock-en ere, Maketa lehiaketako finalean. Berriki, Adunako jaietan jo genuen. Berandu hasi ginen eta dagoeneko plazan ikusle askorik ez bazegoen ere, gustura aritu ginen. Herrian bertan aritzea gustagarria izaten da beti.
Diskoarekin buru-belarri gabiltzanez kontzertu gutxi eskaini dugu orain artean, baina eman ditugunekin gustura geratu gara. Grabaketarekin amaitutakoan, formatu akustikoa prestatzeko asmoa ere badugu eta kontzertu gehiago eskaintzeko gogoz gaude.

Noizko kaleratuko duzue diskoa?
Garai honetarako bukatuta eduki nahi nuen nik, baina gauza bat eta beste luzatu egin da bidea. Hala ere, irailaren bukaera aldera kalean izatea espero dut. Neroni ari naiz diskoa grabatzen, gure kontura ari gara nahasketak egiten. Egia esan, pisu handia hartu dut diskoarekin. Polita da norberaren modura eta lasaitasunez, behar den denbora hartuta lan egitea. Modu horretan lan eginda amaiera luzatu egiten bada ere, emaitzarekin gustura geratzea espero dut.
Orain diskoa grabatzen bukatu nahi dugu eta behin produktua bukatutakoan ikusiko dugu gure kontura edo disketxeren batekin argitaratu… Ea zein aukera sortzen den...

Diskoaren inguruan ezer aurreratzerik bai?
Hamar bat kantu bilduko ditu eta maketako abestien estilo bera izango du. Diseinua oraindik erabakitzeke daukagu. Diskoa eskuartean ikusteko irrikitan gaude. Denbora luzea daramagu lanean eta emaitza hain gertu ikusita, bukatzeko gogo handiz gaude jada. Grabaketarekin bukatutakoan etapa baten amaiera izango da. Gero kontzertuak ematen hastea espero dugu, nahiz eta egungo egoeran ez den erraza izango.
Beste izen egokirik bururatu ez zitzaigunez eta proiektua nirea zenez, taldeak Beñat Igerabide izena mantenduko du.

Hala ere, diskoak saltzea kontzertuak eskaintzea baino zailagoa izango da egun…
Egun ez da diskorik saltzen. Ia ekintza sinbolikoa dela esan daiteke, kantuak fisikoki gordeta edukitzeak ilusioa egiten duelako grabatzen dira gehienak. Diskoak ez dira salmentei begira egiten.

Gertutik gertura

Donostian bizi zara egun. Zer nolako harremana mantentzen duzu jaioterriarekin?
Oso maiz etortzen naiz Adunara, grabazio estudioan lan egitera bereziki. Orain gure diskoarekin ari naiz buru-belarri, baina hala eskatzen didaten beste musika taldeenak grabatzen ere aritzen naiz bertan. Duela bi hilabete Villabonako Desira taldea grabatu nuen, Donostiako Skate Beate taldea ere bai. Lan kontuetarako ez ezik, gustuko dut Adunarekin harremana mantentzea. Hemen beste lasaitasun bat izaten da, gustura sentitzen naiz bertan.

Artista ugari zarete familian: besteak beste, anai-arrebok musikariak… Harparekin jarraitzen al du Oihane arrebak?
Bai. Badajozko kontserbatorioan irakasle lanetan ari da azken urteotan eta gutxi gerturatzen da honuntza. Kontzertuak ere eskaintzen ditu deitzen diotenean. Arrebarena eta biona bi mundu oso ezberdin dira, baina, dudarik gabe, gustuko dugu biok musika.

Irakasle gisa ere lanean aritutakoa zara zu. Zer moduz?
Magisteritza ikasi nuen, atzerriko hizkuntza, eta hiru ikasturtez ordezkapenak egiten aritu naiz: ingeleseko klaseak ematen. Gustuko dut irakaskuntza, baina egungo egoeran nahiko gogorra da. Gero eta ikasle gehiago dago klaseetan eta eskola handietan bereziki, gogorra egiten da eguneroko martxa. Aurten berriz ere ikasten hasi naiz -publizitate lizentziatura- eta ez dut klaserik eman. Internet bidez, on line, ari naiz eta orduak nire modura antola ditzakedanez, aukera ematen dit estudioan lanean jarraitzeko. Oraindik ez dut erabaki etorkizunean zertan egin nahiko nukeen lan.

Musikatik bizitzea gustatuko al litzaizuke?
Dudarik gabe, baina oraingoz behintzat ez dut halakorik planteatu ere egiten. Etorriko balitz gustura hartuko nuke, baino oso zaila ikusten dut hori. Kantuak idatzi eta jotzea gustatzen zaidalako nabil mundu honetan. Hemen eta han kontzertu batzuk emateko aukera bagenu, oso pozik. Hori da polita niretzat.

Beñaten estudioaren nahiz musika proiektuaren web orrien helbideak:
www.facebook.com/sonolastudiowww.facebook.com/bigerabide
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!