Kaleko zabor poltsak eta ordenantza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 24a, 12:34

Tolosaldeko bost herritan atez atekoa martxan jarri zenetik, sistema berrian parte hartzen ez duten herritarrek kalean uzten dituzte zabor poltsak. Horien inguruan, hemendik aurrera Tolosaldeko Mankomunitateak emango dituen pausoak jakinarazi ditu:

Tolosaldeko Mankomunitateak bere gain du eskualdeko hondakinen kudeaketa ardura. Eta bide horretan, atez ateko bilketaren ezarpenetik herri horietan agertzen diren zabor poltsek kezkatzen gaituzte. Sistema berrian parte hartzen ari diren herritarrak zoriondu nahi ditugu, atez ateko bilketarekin, %85 inguru birziklatzea lortzen ari baikara Anoeta, Alegia, Irura, Villabona eta Zizurkilen. Hori lortzeko, Udalek eginiko lanketa ere goraipatu nahi dugu.

Mankomunitatetik, lanketa berezi bat egiten hasiko gara, hondakinak gaizki sailkatu eta leku desegokietan uzten dituzten herritarrekin, benetan emaitza onak ematen dituela demostratzen duen sisteman parte hartu dezaten.

Mankomunitateak eskualdeko hondakinen kudeaketa egiteko eta arautzeko betebeharra duenez, Abuztuaren 26an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezala, hondakinen kudeaketaren inguruko ordenantza aplikatzen hasiko gara. Horrela, ordenantza horretan Mankomunitatea zerbitzua ematera behartzen den moduan, herritarrei ere euren ardurak esleitzen zaizkie; bakoitzak bere hondakinak Mankomunitateak adierazitako ordutegi, egutegi eta baldintzetan ateratzeko zehazten delarik.

Mankomunitateak, arazoa konpontzeko asmoarekin hurrengo pausoak emango ditu: Lehenik eta behin, gaika sailkatu gabe eta ezlekuetan uzten diren zabor poltsa horiek identifikatuko dira (pegatina bidez) irailaren 26tik aurrera eta hurrengo pausoa, praktika txar hori egiten duten herritarrak identifikatzea izango da.

Ez sailkatzeak eta hondakinak kalean uzteak kalte egiten die herriei, herritarrei eta orohar, eskualde osoari. Horregatik, herritar guztiak gauzak ongi egitera gonbidatu nahi ditugu, denon ardura da eta guztion erantzunkizuna.

Praktika desegokiek jarriatzen badute, Ordenantzaren 40. artikuluan jasotzen den moduan, arau hausteak gertatuz gero 90 eurotik gorako zigorrak jarri beharko dira.

Jarraian, Tolosaldeko Mankomunitatearen ordenantzak II. kapituluan jasotzen dituen hainbat arau hauste aipatuko ditugu: Hondakinak kontrolik gabe uztea, Mankomunitateko bilketa-bitartekoei zein hondakinen tratamenduari nahita kalte egitea edota uko egitea sortzen dituen hondakinak bilketa zerbitzuaren esku jartzeari.

Baina kasu honetan, batez ere 40.3.a artikuluan fokatu nahiko genuke: “hondakinak edukiontzietatik kanpo edo Mankomunitateak hondakinak uzteko adierazitako lekuetatik kanpo uztea, edo zerbitzuaren egutegitik edo ezarritako ordutegitik kanpo uztea”. Arau hauste hau da oraingoz herrietan jazotzen ari dena, eta ahal bezain pronto soluzio eman nahi dioguna.

Gainera, ordenantzak dioen moduan, dagozkien zigorrak kontuan izan gabe ere, arau-hausleak behartuta daude utzitako hondakinak kentzera eta zikindu duten ingurua garbitzera.

Hondakinen kudeaketari eta bilketa sistema berriari ez ezik, bizilagunei ere kalte egiten die kaleko poltsa horiek. Gainera, ongi sailkatu eta sisteman parte hartzen saiatzen ari diren herritarrenganako errespetu falta ere bada ezbairik gabe.

Beraz, herritarrei dei egiten diegu ordenantzako arauak bete ditzatela eta beraz, euren herrirako erabakitako bilketa ereduan parte hartu dezatela. Herriak txukun izatea guztien ardura da, eta ez dezagun axolagabetasunez jokatu. 

Ordenantza: http://www.tolosaldea.org/fitxategiak/dokumentuak/araudia/hiri-hondakinen-ordenantza

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!