Plan Ekonomikoa hizpide, herri batzarra asteazkenean eta Udalaren osoko batzarraldia ostegunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 20a, 20:57

"Osteguneko udal plenoa erabakiorra izango da Andoaingo etorkizunarentzat", izenburupean Gobernu taldeak Herri Batzarra antolatu du asteazkenerako eta Udalaren osoko batzarraldia ostegunerako.

Gobernuaren oharra:

"Datorren ostegunean, hilaren 26an, ospatuko den udal plenoa ez da ohiko pleno bat izango, Andoaingo etorkizunarentzat erabakiorra izango den plenoa izango da, datozen hilabeteurteetako

norabidea markatuko duena. Horregatik, Herri Batzarra burutuko da datorren asteazkenean egoera horren berri emateko.

Badira hilabete batzuk udalaren egoera ekonomiko kaxkarraz ohartarazten diharduela udal gobernuak. Egungo ekonomia krisiak eta azken urteetan Udaletik hartutako erabakiek ataka larri batera eraman dute Udala, eta hil ala biziko abagune batean aurkitzen da momentu honetan. Horregatik dihardu azken hilabeteetan udal gobernuak Plan Ekonomiko Finantzario bat prestatzen. Plan Ekonomiko Finantzario hori datorren osteguneko udalbatzarrera eramango da bere eztabaida eta onarpenerako. Ez balitz onartuko, aurreikusi ezin daitekeen eszenatoki batera pasako litzateke Udala, hurrengo hilabeteetako egoera zeharo baldintzatuz.

Nolanahi ere, eta egoera ekonomikoaren zergatik eta Plan honen zehaztapenak lehen eskutik esplikatzeko asmoz, Herri Batzarra burutuko da datorren asteazkenean, irailaren 25ean, 19:00etan, Bastero Kulturgunean.

Esposaketa honek bi zati izango ditu: lehen zatian egoera ekonomikoaren zergatiak ulertu ahal izateko gakoak eskainiko dituzte udal teknikariek, azken urteetako datuak azalduz eta udalaz gaindiko bestelako faktoreek zein eragin izan duten esplikatuz.

Bigarren zatian, berriz, egoera honen aurrean udal gobernuak mahai-gainean zein alternatiba jarri duen eta, beraz, datorren osteguneko plenora eramango den proposamena esplikatuko du. Batzarra, noski, herritarren galderak edo iradokizunak jasotzeko tarte bat eskainiz amaituko da. Batzarrean, Foru Aldundiko Ogasun Departamentuko ordezkariekin eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioko gerentearen presentziarekin kontatuko da.

Ohar honekin batera, gonbita egin nahi zaie herritarrei herri batzar honetan parte hartu eta egoeraren-aukeren berri lehen eskutik jaso dezaten, eta era berean, deialdia egin nahi zaie datorren osteguneko plenora etor daitezen".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!