Unai Muñoak eta Ander Lizarraldek gidatuta, 2013ko hasieran ikuskizuna abiarazi zuten. Igandean Urnietan izango dira. Dagoeneko hainbat sarrera aldez aurretik saldu dira eta gogoan izan behar da Andoainera, adibidez, jendetza erakarri zutela. Zer da muinean “Ez gara Palestinaz ari ikuskizuna”? Horra hainbat gako egileen ikuspegitik: "Bertsolari bezala, eta baita gure kulturagatik ere, aritzen gara gai gai sozialez eta politikoez. Baina gero ihes egiten diogu geure buruaz hitz egiteari; gure beldurrak, konplexuak, minak, frustrazioak eta beste partekatzeari eta ezkutuan ditugun hainbat alde erakusteari". Unai Muñoaren hitzak dira “Ez gara Palestinaz ari” ikuskizuna hedabideen aurrean aurkeztu zutenekoa. Ni-ari, gu-ari kantatzeari garrantzia emateko sortu dute, hein handi batean, ikuskizuna.
Ander Lizarraldek asmo hori eta izenburua biak bat lotu zituen ondoko adierazpenean, “Izenburua probokatzailea da. Oso ohituta gaude horrelako gaiez kantatzera, eta oso gutxitan kantatzen dugu, aldiz, gutaz. Eta hobe hitz egingo dugu gutaz”.
Egun gutxira, Larraulen bizi den Aitor Atxegak Aiurri hamaboskarian Basteron egin zuten estrainaldiaren inguruan “Ez gara Paletinaz ari” ikuskizunaren aipamen gehiago eskaini zituen. Horra, elkarrizketaren laburpena:
Zer kontatzen da emanaldi horretan?
Aitor Atxega. Gaur egungo bertso saioetako gaietan ohikoa izaten da bertsolaria objektuen pare jartzea. Esaterako: Zu, Unai, arkatza zara, eta zu, Ander, ezeztekoa… Hori baztertu eta pertsonon bizipen, oroitzapen eta esperientzietan oinarritzen da ikuskizuna; haurtzaroan bizitako esperientzietatik hasi eta gaurdaino bizitakoetan. Hortik dator emanaldiaren izena ere: ‘Ez gara Palestinaz ari’, gutaz baizik.
Emanaldia aurrez idatzitako bertso sorta desberdinez osatua dago. Sorta bakoitza kantatu egiten da, pianoaren edo eskusoinuaren eta gitarraren laguntzaz. Emanaldiak, ordea, gidoi bat jarraitzen du. Horrela, esketx edo bertso sorta batzuetan testuingurua markatzeko off ahotsa erabiltzen dugu eta beste batzuetan olerki moduko errezitaldi txikiak egiten dira. Horrez gain, bideoak eta antzerkia ere ikus daitezke.
Bideoak, antzerkia eta esketxak aipatu dituzu. Zerbait aurreratzerik bai?
Aitor Atxega. Ander eta Unai bertsolariak izango dira antzezleak. Ordu eta erdi inguruko emanaldia da eta orotariko 8-10 esketxek osatzen dute. Bada tartean pertsonon Ni-aren inguruko esketx bat: bertan bideo bat proiektatzen da, zeinean Asier Odriozolak, Amaia Vazquezek, Anjel Alkainek eta Pirritx eta Porrotx pailazoek hartzen duten parte. Emanaldia haurtzaro gogor eta iluneko pasadizoetatik hasten bada ere, umorerik ez du falta. Eta horraino irakur dezaket…
Orain arte bertso musikatuak eta bertso antzeztuak ere egin izan dira. Zure ustez, ‘Ez gara Palestinaz ari’ emanaldiak zer du besteek ez dutenik?
Aitor Atxega. Oso emanaldi osatua da. Gaia bera berezia da, oso pertsonala, eta, horrez gain, kantalditik asko duela esango nuke, musika eta irudia ere uztartuz. Bertsoak kantura ekartzen ere saiatu gara eta bi ahotsetara ere abesten dute. Ikuspuntu positiboa dauka eta zer pentsatua ematen du. Gainera, antzerkia, kantua eta irudiak nahasten direnez oso emanaldi atsegina eta arina da.
Irailak 22, igandea. 19:00. Sarobe. 5 euro.