Oñatz Gonzalez eta Sergio Garcia nagusitu ziren desafioan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 19a, 19:49

Arrakastatsua gertatu zen herriko lau kirolariek joan den igandean jokatutako desafioa. Sergio Garcia eta Oñatz Gonzalez irten ziren garaile eta Peio Alkorta eta Jon Urkaregi galtzaile, baina lau kirolariek ere bikain erantzun zioten lehian aurreko egunetan Andoainen eragin zuen ikusminari.

Jendetza bildu zen Juanita Alkain Plazan norgehiagoka ikusteko, eta txalo zaparradaz eskertu zuten laurek egindako ahalegina.
Ikusteko zegoen desafioa lehiatsua izango ote zen. Bada, esan beharra dago aurreikuspen guztiak gainditu zirela. Horren erakusle dira egindako denborak: 58:01 eta 59:15; hots, minutu eta 14 segunduko alde eskasa, ia ordubete iraun zuen proban.
Horidunek uneoro minutu bateko aldea eraman bazuten ere, emozioa proba guztian mantendu zen. Are gehiago, azken txanpan, Sergio Garcia ergometroan azken saioa egiten ari zela, matxuratu egin zitzaion makina. Hirugarren ergometroari heldu behar izan zion, bitarte horretan segundu batzuk galduz; orduan ikusleek desafioa berdintzeko aukera ikusi zuten, eta animoak luzatu zizkieten urdinei. Oso gutxi murriztu zen bi bikoteen arteko aldea hala ere, eta Garcia eta Gonzalez iritsi ziren aurretik helmugara. Bazkaria jarri zuten jokoan, eta igandean bertan herriko sagardotegi batera joan ziren laurak. Giro ederrean pasatu zuten arratsaldea, eta errebantxarako beste desafiorik irten ez bazen ere, herriko kirolariei gonbidapena luzatu zieten antzeko norgehiagokak antola ditzaten.   
Bestalde, ez da ahaztu behar desafioak asmo altruista zeukala berarekin: herrian milatik gora langabetuk bizi duten egoeraren inguruan kontzientzia sortzeaz gain, Actvate elkartearen alde dirua bildu zuten. Andoaingo hainbat merkatarik bat egin zuten helburuarekin, desafioaren kartel iragarlean beren sinadura jarrita. Proban bertan, ikusleek ere borondatea uzteko aukera eduki zuten.  Eskerren atalean, aipatzekoa ere bada Andoaingo Allurralde Kirol Patronatuak desafioa jokatzeko hiru ergometro utzi izana antolatzaileei, eta Mapfre aseguru etxeak ere ergometroko lanak estaltzeko karpa utzi izana. Euriak apustua baitzegoen hondatzeko arriskua bazegoelako.

DESAFIOAREN EMAITZA
Hiru saio. Saio bakoitza: 2000 metro ergometroan eta 700 metro korrika.
Hiru saioak amaituta:
Peio Alkorta      27:51 minutu
09:11 | 09:22 | 09:18

Oñatz Gonzalez     28:07 minutu
09:09 | 09:28 | 09:30

Sergio Garcia      29:54 minutu
09:39 | 09:59 | 10:16

Jon Urkaregi      31:24 minutu
10:25 | 10:17 | 10:42

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!