Antzizar festa, Andoaingo zortzigarren auzo jaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 19a, 19:47

Sanjuanez gain Andoaingo herriak zazpi auzo jai dauzkala esan ohi da. Baina zuzendu beharrean da baieztapen hori. Izan ere, zortzigarren bat erantsi behar zaio zerrendari: Antzizarko jaiak.
Leizotz auzoan, Plazaolako bidean kokatzen den Antzizar etxe inguruan urtero egun beteko jaia antolatzen da urtero, irailaren lehen edo bigarren asteburuan.

Etxean bertan jaioak diren edota egun bertan bizi diren Berrondo eta Ugartemendia familiak arduratzen dira batik bat antolaketaz. Badira zazpi urte jaiak ospatzeari ekin ziotela, eta gorpuzten eta zabaltzen ari da urtez urte. Inguruko bizilagunak eta herriko lagunak hurbiltzen dira gehienbat festara.
Giro alaian ospatu ziren jaiak; arratsaldeko 16:00etan hasi eta goizaldeko ordu txikietaraino luzatu ziren gainera. Haur jokoek hartu zuten lekua arratsaldeko lehen orduetan: lokotxak, zaku lasterketa, globoaren jokoa, boloak, aulkiaren jokoa, toka eta tiro txapelketa... Helduek ere parte hartu zuten jokoetan. Buruhandiek festara bildutakoen bizkarrak ederki berotu eta gero, txokolate beroa banatu zen guztien artean. Eta ondoren, Antzizar txarangaren txanda heldu zen. Aupa Kaletxiki txarangako hainbat kidek eta beste zenbait musikariek osatu zuten txaranga, eta lehenik eta behin, Jose Mari Oiartzabal musikariak aurten bertan konposatu duen Antzizar izenburuko pieza interpretatu zuten; bertan izan zen egilea bera tronpetarekin. Tradizio bihurtu den bezala, txaranga kalejiran abiatu zen Plazaolako bidean behera, herrirantz. Txarangaren doinu alaiek festazale ugari eraman zuten atzetik, saltoka eta dantzan. Oiartzabal familiaren Artetxepea etxe parera iritsitakoan, ostera festagunera itzuli zen.
Antzizarko jaiak ezaugarri propioak ditu, eta bere kokapena da horietako bat. Argazki kuriosoak eta egoera deigarriak eragiten ditu: parte hartzaileak jaiak ospatzen ari diren bitartean, Plazaoko bidean oinez, lasterka nahiz bizikletan dabiltzan pertsonari festagunearen erditik pasatzea egokitzen zaie, euren aurpegietan disimulatu ezin daitekeen harridura puntu bat marrazten delarik.

Aurten ere, jai giroan
Iluntzeko 20:00etan herri afaria prestatu zen, ehunen bat lagunentzat. Plazaolako bidean, luzean jarri ziren mahaiak, eta gazteenak izan ziren afaltzen lehenak. Haiek bukatu orduko, ordea, euria goian behean! Antzizar etxe inguruko estalpea bilatu behar izan zuten helduenek.
Egitarauak dantzaldia ere iragartzen zuen, eta aurrera egin zuen honek, Los Rubi talde  beteranoarekin. Atertu zuen halako batean, eta jai giroa eta parranda goizeko 03:00ak arte luzatu ziren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!