Nola gogoratzen duzue Gurutze?
Izaskun Iantzi: Bai familiak baita bere lagunek ere gauza onak besterik ezin ditugu adierazi berarengatik. Besteak beste, pertsona atsegina zela, jendartekoa gogoko zuena. Ezker abertzaleko militantea zen, eta herriko arazoetan inplikatu nahi izan zuen.
Hogei urte pasa diren arren, etxean oso bizirik daukagu bere oroitzapena. Saminez bizi dugu bere galera.
Egingo al zenigukete 1993ko irailean gertatukoaren kronika?
I.I.: Julio Iglesias enpresaria bahituta zeukan ETAk, eta Adarra aldean zulo batean zeukatenaren zurrumurrua zabaldu zen. Abuztuan eta iraileko lehen asteetan guardia zibilak etengabe miatu zituen Xoxoka, Besabi eta Urnietako inguruak. Irailaren 21ean hasita, egunez egun, makina bat lagun atxilotu zuten Euskal Herrian; Urnietakoak horietatik asko. Gurutze eta bere senarra Julen Irastortza, gurekin etxean bizi ziren, eta 21ean bertan (asteartea) Julen Intxaurrondora eraman zuten. 23an, berriz, Gurutzeren bila etorri ziren, agindu judizialik gabe. Nik agindua eskatu, eta barre egin zidaten. Denak Madrilen, Tres Cantos komandantzian bildu zituzten.
Hilaren 24an (ostirala), goizeko 08:00etan amaren garrasi eta orroek esnatu ninduten. Postariak telegrama ekarri zion, alaba hil zela aditzera emanez. Gero jakin genuenez, irratiak aurretik ere zabaltzen ari ziren heriotzarena.
Hurrengo egunak nola joan ziren?
I.I.: Madrilera abiatu ginen berehala. Bertsio ofizialak modu naturalez hil zela zioen. Familiak eskatuta, Danimarkako forentse batek aztertu zuen gorpua. Honek zalantzak agertu zituen txosten ofizialak zioenaren inguruan. Haren arabera, ezin zen zehaztu zergatik geratu zitzaion bihotza; arraroa omen da 33 urteko emakume bat horrela hiltzea, eta seguru asko, bizitutako izuaren ondorio izango zela gaineratu zuen.
Gurutzek, hil aurretik, gaizki zegoela adierazi zuen, eta forentse batek, telefonoz, pilula bat hartzeko agindu zion.
Urnietan igandean izan zen hileta…
I.I.: Gorpua udaletxean eduki zuten larunbat gau osoan, eta biharamunean (irailak 26) Urnieta jendez lepo zegoela, hileta eta omenaldia egin ziren. Hantxe bertan, Galparsoro Anuk komisaldegi batean hil zela jakin genuen; bere burua leihotik bota zuela zioen bertsio ofizialak. Jendea oso suminduta zegoen.
Zer leporatzen zioten Gurutzeri?
I.I.: Terroristaren etiketa jartzeaz gain, gizena eta oso erretzailea zela adierazi zuten behin eta berriro komunikabideek, bere heriotza justifikatzeko nolabait. Hala ere, egun batzuetara, Jose Luis Corcuera barne ministroak errugabea zela aitortu behar izan zuen kongresuan. Modu naturalez hil zela esanez, kasua bere horretan itxi zuten.
Zu, Karmele, atxilotuetako bat izan zinen…
Karmele Urbistondo: Atxilotu denak torturatuak izan ginen Tres Cantosen, bortizki. Hori baieztatzen dugu guztiok, geure larruan bizitu genuelako egoera. Sistema ezagun eta ezezagunak erabili zituzten gurekin: bortxaketa mehatxuak, bainuontzia, poltsa… Gertatzen da estatu batek beti dauzkala tresnak dena ezkutatzeko.
Bost eguneko inkomunikazioaren ostean izan genuen Gurutzeren berri. Gerora, denon testigantzak entzunda, hasi ginen hariak lotzen. Guztiok ere, gauza berbera komentatzen genuen: bizitu genuela une bat, non eten ziren tortura fisikoak –ez psikologikoak–. Une hori “ez nazazue gehiago jo!” eta antzeko garrasi etsigarriak entzun ostean etorri zen, hain zuzen. “Zerbait gertatu da hemen” pentsatu genuen guztiok ere orduan.
Familian nola eraman duzue Gurutzeren heriotza hogei urte hauetan?
I.I.: Minduta eta amorruz jarraitzen dugu, eta urtez urte ez da baretzen sentitzen duguna. Joan deneko 20 urtetan baten bat atxilotu duten aldiro modu berezian sufritu dugu, badakigulako inkomunikazio aldian torturak jasaten ariko dela pertsona hori.
Ez amari (Kontxi Igerategi) ez senideoi inistituzioetatik inor ez zaigu etorri ezer adieraztera. Amak, alaba galdu eta hurrengo urteetan, gauetan eta orduro dei anonimoak jasotzen jarraitu zuen. Katolikoa da, eta barkamena eskaintzea eta azalpenak ematea mereziko luke gertatu zenagatik. Senideok, egia ikertzea eta aitortza eskatzen dugu. Egoerak ondo definitu, eta herri honetan tortura existitu duela aitor dezatela.
Zu, Izaskun, Egiari Zor fundazioko partaide zara. Etorkizunean gertakizun ilunak argituko diren itxaropenik ba al duzu?
I.I.: Gaizki erabilitako “poliziaren gehiegikeriak” esamoldearen atzean dauden beste biktimen senideak biltzen gara Egiari Zor fundazioan. Isilik egon gara urtetan; lege antiterrorista jasan dugunon testigantza pertsonal asko dago oraindik azaleratzeko, baina argi daukagu injustizia eta sufrimendu anitz egon dela herri honetan eta denenak aitortu beharko direla. Itxaropenik ba ote dugun? Espainiako estatuarekin, batere ez; Euskal Herrian, berriz, pauso txikiak ematen ari direla onartu behar da.
K.U.: Kostako da, baina denok egin beharko dugu ahalegin berezia besteen sufrimendua onartzeko. Batzuentzat besteentzat baino gogorragoa gertatuko da, oso gauza pertsonala delako, baina premiazko lana izango da, gizarte honen bizikidetzaren mesederako.
1993KO SAREKADA
Sarekada berean guardia zibilek atxilotu zituzten urnietarren zerrenda: Ander Beristain, Eukene Garmendia, Axier Goñi, Antonio Igerategi, Julen Irastorza, Mikel Iturbe, Xabier Lasarte, Jose Lasarte, Mari Jose Lizarribar, Eulogio Talavera, Karmele Urbistondo, Ramon Urdangarin eta Jesus Urrutia.
URTEURRENEKO EKITALDIAK
Ekitaldi nagusia
Irailak 20, ostirala.
19:30. San Juan plaza.
Urteurreneko ekitaldia
Irailak 24, asteartea.
Heriotzaren urteurrenean, Gurutze gogoan izango dute.