Ostiral iluntzean iritsi ziren zizurkildarrak Lladora. Herriko plazan zituzten zain herritarrak, eta otordu goxoa eskaini zieten, baita kontzertu bat ere.
Larunbateansenidetze akta sinatu zen eta Lladoko alkateak Zizurkilgo aginte makila jaso zuen. Ondoren, herri kirol saioa eskaini zuten gazte zizurkildarrek, euskaraz eta katalanez azalpenak emanez. Unai Mendizabalen bertsoak ere entzuteko aukera izan zuten bertaratu zirenek.
Bazkaldu aurretik, senidetzea gogoratzen duen plaka bistaratu zuten eta ondoren, elkarrekin bazkaldu zuten kiroldegian. Musika saioa ere izan zuten; kataluniarrek prestatuako saioaz gain, trikitixa eta euskal dantzak ere ez ziren falta izan. Gauean, gaztelu batean afaldu zuten guztiek elkarrekin, Ampurda osoa bistan zutela. Goizaldera arte luzatu zen festa.
Igandea, gazta azoka zuten Llado herrian eta erosketak egin ondoren, etxerako bidea hartu zuten zizurkildarrek, Katalunian igarotako une goxoak gogoan hartuta.