Dolores Lopez, Andoaingo AEK euskaltegiko ikaslea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 13a, 19:13

Ikasturte berrirako matrikulazio kanpainaren hasieran, Dolores Lopez AEKko ikaslearen lekukotza argigarria da euskara ikasteko gogoz diren gainerako herrikideentzat. Doloresek AEKko irakasleen laguntzarekin moldatu du elkarrizketa.

Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?
Egia esan, langabezian geratu ostean, aspalditik buruan neukan kontu bati heltzea erabaki nuen,  euskara ikastea, alegia. Lagun batek autoikaskuntza sistemari buruz hitz egin zidan eta izen ematera bultzatu ninduen. Sistema honen berri ez neukan, baina esan dezaket bete-betean asmatu nuela. Izan ere, inongo asmorik ez banuen ere, lehen hizkuntza eskakizuna gainditu nuen.

Zer da autoikaskuntza?
Euskaltegira izena ematera joan nintzenean behar-beharrezko informazio guztia jaso nuen.
Lehenik eta behin, mailaketa proba egiten dizute eskatutako maila daukazun jakiteko. Maila jakin bat behar da tutoreak emandako lanak autonomia osoz egin ahal izateko.
Tutorearen berri izan ondoren, astero orduerdiz berarekin elkartzen zara. Tutoretzaren helburua hamabost egunetako lanak bideratzeaz gain, ekarpenak eta zuzenketak egitea da.
Horrela esanda, kontu zaila eta bakarrik egin beharreko gauza dela dirudi, baina ez da horrela, ezta gutxiagorik ere. Asteazkenetan, berriz, mintzasaioa izaten dugu. Ni bezala ari diren beste ikaskide batzuekin elkartzen naiz aurretik landutako gaietaz aritzeko, saio honen helburua hitz egitea baita.

Zer azpimarratuko zenuke?
Asteazkenetako mintzasaioa. Hasiera batean, gogorra egiten da, jendearen aurrean hitz egiteak lotsa ematen du, baina segituan konturatzen zara beste guztiak zu bezala daudela eta akats berak egiten ditugula. Intereseko eta eguneroko gaiez hitz egiteak erabat asebetetzen nau. Gainera, saio hauetan, jende berria ezagutzeko eta tarte atsegin bat pasatzeko aukera izaten dugu.

Taldean ikastea baina hobea al da?
Ez. Bakoitzak egokien  datorkiona aukeratu behar du. Nire kasuan, orain autoikaskuntza hobeto datorkit, baina lehen taldean ikasten ibilia naiz eta oso gustura gainera.

Nola laburbilduko zenuke zure esperientzia?
Bikaina.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!