Desafioa igande honetan, Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 13a, 19:12

Andoainen ikusmina piztu duen desafioa igande honetan izango da, Juanita Alkain Plazan, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Herrian nahiko ezagunak diren lau herritarrek neurtuko dituzte indarrak, bi biren aurka: Peio Alkorta (43 urte) eta Jon Urkaregi (39 urte) alde batetik, eta Oinatz Gonzalez (27 urte) eta Sergio Garcia (34 urte) bestetik.

Egin beharreko lana: 2.000 metro arraunean (ergometroan) eta 700 metro lasterka Alllurralde Kiroldegia, Txistokiko Pasealekuan eta Kale Nagusian barrena doan zirkuituan. Hiru saio egin beharko dituzte proba bakoitzean, lauek ere. Lehiak ordu beteko iraupena izatea espero da. Jokoan, bazkaria.
Herriko langabetuak biltzen dituen Activate elkartearentzat izango da biltzen den dirua, herriko dendarien (iragarkien bidez) eta ikusleen borondateari esker.

INKESTA
1. Zer moduz eraman duzu prestaketa?
2. Nola moldatu zara bi kiroletara?
3. Nola ikusten dituzu aurkariak?
4. Presio edo estuasunik sentitzen al duzu?
5. Desafioak herrian Ikuskizuna sortu duela iruditzen al zaizu?

Jon Urkaregi
INKESTA

1.    Nahiko justu ibili naiz desafioa egitea erabaki genuenetik. Familia, haurrak, tabernako lana... ahal izan dudanean heldu diot entrenamenduari. Egia esan, hilabete terdian ezin izaten da gehiegi aurreratu. Desafioa egin aurretik zenbateko oinarria daukan batek, hor dago koska; kontuz ere ibili behar izaten da, ze nahiz eta pentsatu komeni dela entrenamendu asko egitea, gertatu liteke pott eginda iristea!
2.    Lasterka beti ibili izan naiz, eta horretan ez zait kostatu; aste hauetan pare bat herri krosetan parte hartu dut. Arraunean, berriz... Sekula ibili gabea nintzen, eta ergometroari neurria hartzen saiatu naiz. Erabat hustuta uzten zaituen erraminta da! Ez dira oso bateragarriak, ze ergometroko lana egin eta zutitzen zarenean gogor-gogor eginda geratzen zaizu gorputza!  
3.    Oinatz eta biok aspalditik gara lagunak; gaztea da eta maila handikoa kirolari bezala. Sergio, ordea, ez nuen ezagutzen orain aurretik, baina orain ari naiz konturatzen mutil sendoa eta kirolari serioa dela. Bikote gogorra osatzen dute edonori aurre egiteko.
4.    Erresistentziako lana eskatuko digu desafioak, eta horretara mentalizatzen ari naiz. Neure buruari jarri diodan erronka da daukadan guztia ematea; badakit Peio bikain ariko dela eta beraz, ez nuke nahi berak egindako guztia alferrikakoa izatea ni pattal aritu naizelako. Galtzekotan, izan dadila besteak oso ondo arituko direlako.
5.    Kalean sumatzen da marmarra, batik bat Aiurrik erreportajea atera zuenetik eta kalean kartelak jarri zirenetik. Tabernara ere jende asko hurbiltzen zait; batzuk galdezka zein desafio mota den, ea Oria ibaian jardu behar ote dugun...  Ez nuen halako ikusmina sortuko zuenik espero!

Sergio Garcia
INKESTA

1.    Oinatz eta biok nor bere aldetik ibili gara hasieran, nahiko autodidakatak izan gara: ergometroa, footinga, serie batzuk... Hala ere, azkenaldera, elkarrekin jardun dugu; Imanol Cascante arraunlari ohiak lagundu digu ahaleginean. Egia esan, Oinatz eta biok nahiko lehiakorrak gara, serio hartu dugu desafioa, are gehiago ikusi genuenetik Jonek kirolari latza (Peio) hartu zuela bikote gisa.
2.    Niretzat erronka handia izan da prestaketa, ez arrauna ezta lasterketa ere ez baititut praktikatu normalki. Pilota eta futbola izan dira beti nire gogoko kirolak; lasterka egitea haien lagungarri gisa hartu dut soilik. Badaukat gogoa eguna iritsi eta ikusteko zenbat eman dezakedan.  
3.    Zer esan Peiori buruz? Txirrindulari bikaina dela eta herri lasterketetan parte hartzen duela. Jon izan daiteke guretzat inkognita nagusia, baina hura ere sasoiko etorriko dela pentsatzen dugu.
4.    Desafio eguna iritsi zain nago aspaldian! Gozatzeko unea izaten da uda, baina kontu honi ordu ugari dedikatu diodanez, gozoa daukat familia! Eta arrazoiarekin! Nire buruari begira, pittin bat ezjakintasun batean nagoela esango nuke: arrotzak egiten zaizkit bi kirolak eta ez dakit gorputzak nola erantzungo didan.
5.    Hasieran pentsatzen nuen inor ez zuela jakingo zertan genbiltzan, baina keba! Ahoz ahoz hasieran eta kartelen bidez ondoren, gure izena eta irudia gehiegitan ari da zabaltzen herrian... Jendeak adarra jotzen digu, karteletan mutil lirain ateratzen garela esanez. Apustuen berri ere izan dugu; aita-semeak, adibidez, elkarren aurka! Dirua nahiko banatua dago ikusten denez!

Peio Alkorta
INKESTA

1.    Ni betidanik praktikatu dut bizikleta eta lasterketa, beti eman diot garrantzia forma onean egoteari, eta beraz, ez da sakrifizio handia izan gorputzari eman diodan astialdia.
2.    Ergometrora moldatu nahi izan dut aste hauetan; hori izan da aldaketa bakarra niretzat. Astean bitan eman diot erreminta horri, gehiago obsesionatu gabe.   
3.    Egia esateko, Jonek desafiorako tentatu aurretik apenas ezagutzen nituen bi aurkariak. Kontu honetan sartu ez sartu egon nintzen hasieran, baina biltzen zen dirua herriko langabetuen alde izango zela jakiteak azken bultzada eman zidan. Gazteak dira biak ere, eta kirolari gogorrak eta lehiatsuak direla esan dit Jonek; horrek errespetua eragiten dit.
4.    Garai batean, Igeldoko kuadrila batekin herri kiroletan ibiltzen nintzen; soka tira, lokotxa biltzea, txinga... Ezaguna egiten zait plazako lehia, baina ez da gauza berbera taldeko lana eta bakarkakoa. Saiatuko naiz urduritasunak alde batera uzteaz gain, nire betiko filosofiari heltzen, alegia gutxitik gehiagora joaten, hasieratik daukadan guztia ematen ibili gabe. Buruz zuhur jokatzen duenak, hark irabaziko du!
5.    Saltsa ederra antolatu da! Kalera irten, eta mundu guztiak ezagutzen gaituela ematen du! Ez da estropaden tamainakoa izango, baina festa polita izango da igandekoa!

Oinatz Gonzalez
INKESTA

1.    Ekainean profesional mailako erremontea utzi egin nuen, baina ez zait kostatu entrenamenduetara lotzea berriro. Kilo batzuk galdu ditugu, Sergiok batez ere!
2.    Ergometroa berria zen niretzat, eta ez zait batere samurra gertatu.
3.    Jon ezagutzen dut batez ere; Peio ez hainbeste. Herri krosaren batean kointzinditu dugu Peiok eta biok udan, baina erreferentzia handiegirik ez daukagu harekin. Gorputzaldi onarekin etorriko direla, horretan zalantzarik ez dugu!
4.    Batzutan, norberaren burua izaten da etsairik handiena! Oso esplosiboa da proba, eta hor ez dago estrategia baliagarririk: dena ematera atera behar zara plazara! Inori ez zaio gustatzen galtzea eta urte osoan lagunen txantxak jasan behar izatea, baina nik uste, lortu dugula dagoeneko nahi genuenaren erdia: herritarren artean kontzientzia sortzea langabetuen egoeraren gainean, Activate elkarteari pixka bat laguntzea.
5.    Egundokoa! Ez dakit ez ote den neurriz kanpokoa sortu den espektazioa... Eguraldiak laguntzen badu, desafio ikusgarria eta lehiatsua izango dela iruditzen zait. Gonbidatuak daude herritarrak!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!