Urteurrenaren atarian, Aita Larramendi ikastolari omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 13a, 19:09

Euskararen eta euskal hezkuntzaren alde 50 urteko ibilbidea egin duela eta, Sorabillako auzotarrek esker oneko omenaldia eskaini nahi izan zioten Aita Larramendi ikastolari igandean.  Marimi Ugalde eta Mari Paz Artolazabal ikastolak izan zituen lehenengo bi andereñoek bereganatu zuten arretarik nagusiena ekitaldian zehar.

Bi andereño horiez gain, ikastolako beste hainbat ordezkarik hartu zuten omenduen tokia igandean. Honakoek: Maria Jesus Ugalde irakasle ohia, Lurdes Jauregi ikasle ohi eta langilea, Agurtzane Arregi irakaslea, Arantxa Irigoras ikastolako lehendakaria eta Aitor Iriondo zuzendaria.
Urkiko dantzariek (Letizia Ugalde, Iratxe Larraz, Sergio eta Iñigo Duarte) eta Alberto Agirre abesbatzak eskaintako agurrarekin hasi zen ekitaldia. Ondoren, auzoko haurrek, Aran Mujika musikariaren zuzendaritzapean, abesti zahar bat eta Aitor Mendiluzek idatzitako hiru bertso abestu zituzten. Sorabilatarrak izan ziren Anparo eta Arantxa Etxarrain andereño ohiak hartu nahi izan ziren gogoan abesti zaharrarekin.  Hiru bertsoek, berriz, Aita Larramendi ikastolaren 50 urteko ibilbidea izan zuten aipagai.
Ekitaldian zehar, omenduei Sorabillako domina eman zitzaien oroigarri gisa, eta jaietako zapi naranja jarri zizkieten lepoan.
Aita Larramendi ikastola osatzen duten ikasle, irakasle eta gurasoen izenean, Arantza Irigoras lehendakariak hartu zuen hitza: “mila esker sorabilatarroi halako ezusteko hunkigarria eskaintzeagatik. Badirudi ikastolak festa besterik ez duela ospatzen azken aldian, baina iruditzen zaigu 50 urteko ibilbideak merezi duela ospakizunik. Alde horretatik, guztiok gonbidatuta zaudete azaroan egitekoak diren ekitaldietan parte hartzera”.
Normalki bertsoak abestea egokitzen bazaio ere, hizlariarena egin behar izan zuen Aitor Mendiluze bertsolariak ekitaldian. Esanahi handiko hitzaldia egin zuen ikastolako ikasle ohi eta Sorabillako auzotar gisa, eta merezi duelakoan ekarri dugu hona: “Gaur atzera goaz, atzera... Atzera denboran eta atzera memorian... Atzera testigantzatan eta atzera historian... Atzera goaz, atzera... abiapunturaino.    
Berrogeita hamar urte atzera goaz, Andoaingo Aita Manuel Larramendi Ikastolaren sorrerara itzuliz. Herritar batzuen nahia gauzatzen hasten den unera goaz atzera. Zenbat denbora igaro den ikusi eta haserako hezkuntza eta herrigintza proiektu hartan jarritako indarrak noraino bultzatu zion konturatzen gera. Denborak ez du proiektu bat hobea bihurtzen, baina balio erantsi bat ematen dio, iraupenak berezkoa duen bermea. Berrogeita hamar urteko lanaren bermea hasierako proiektuarentzat, berrogeita hamar urteko iraupena haserako ilusioarentzat...    
Atzera goaz memorian, berrogeita hamar urte atzera, bakoitzak berea hasten den momentura arte... Denborak ez du oroitzapen bat garrantzitsuagoa bihurtzen, baina bai kuttunagoa, norberea eta guztiona betidanik izan balitz bezala. Geure memoria oroitzapen horren inguruan ardaztuta balego bezala...    
Atzera goaz testigantzatan, berrogeita hamar urte atzera, eta haserako haietatik jaso ditzakegun apurrei geroztiko guztiak batzen zaizkie, testigantza txiki guzti horiekin testigantza bakar bat osatu arte. Herri baten apustuaren testigantza, guraso, ikasle, laguntzaile eta modu batera edo bestera proiektu honen parte izan direnen, izan garenon, testigantza txikien batura, guztion baturaren testigantza.
Atzera goaz historian, berrogeita hamar urte atzera, geure historiak geuk egiten dugula konturatzeraino, geuk egin dugula ikastola honen historia, eguneroko historia txikiek egin dutela berrogeita hamar urte hauetako historia. Baina baita geure historiak egiten gaituela konturatzeraino ere, ikastola honen historiak herrian eta herritarrongan duen garrantzia ikusteraino. Ikastolaren historian modu bat edo bestera parte hartu dugunon bizitzan mugarri bat bihurtu da, eta gutako bakoitzaren historiaren parte da ikastola.
Atzera goaz atzera, eta atzera egiten dugun neurrian konturatzen gera zenbat egin dugun aurrera. Zenbat lan, ilusio, testigantza eta historia txiki diren gaur bat eginda ospatzen ditugunak. Eta horrek biharkoan pentsatzera garamatza, beste ikasturte berri baten hasieran, eta zenbat lan, ilusio eta historia txiki lotzen jarraitu behar dugun, aurrerago atzera begiratzen dutenean, guk aurrera begira imajinatzen dugunaz antzeko zerbait esan dezaten... Zorionak eta mila esker!”

AITOR MENDILUZEREN Bertsoak
Aita Larramendi ikastolari omenaldia.


Hirurogeita hiru urtetik
bi mila eta hamahirura
berrogeita hamar aldiz izan du
ikastolak urtemuga
On Eugenio Arregik martxan
jarri zuen asmo hura
denborarekin sendotu eta
urrezkoa bihurtu da.
 
Irakasleak ziren orduan
Mari Paz eta Mirari
gelatan forma eman zioten
sortu berria zen hari
geroztik izan gera ikasle
nahiz irakasle ugari
eta denok zor diogu asko
haien ilusioari.
 
Ikastolako parte gera gu
ikastola gugan dago
izan direnak, garenak eta
datozenak aurrerago
berrogeita hamar urte ez dira
ezertarako igaro
denon artean egin ditzagun
beste hainbeste gehiago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!