Gobernuaren eta oposizioaren arteko talka auzi ekonomikoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 13a, 19:05

Andoaingo Udalaren egoera ekonomiko larria bideratzeko ahaleginean, Gobernu taldeak ez du babesik aurkitu oposizioan.

Urtea aurrera doa eta 2013a amaitzeko asteak geratzen direnean, Andoaingo Udalak ez du ez aurrekonturik, ezta Plan Ekonomiko Finantzierorik ere. Bilduk zuzentzen duen Gobernu taldeak ez du oposizioa erakartzeko modurik aurkitzen. Bilduren ahalegin oro hutsaren hurrena dira oposizioarentzat eta, gauzak horrela, noraino tenka daiteke soka? Auzi ekonomikoa bideratzeko ezintasunak zenbateraino eragin dezake udalaren eguneroko martxan? Zenbateraino kaltetu daitezke herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak?
Larritasuna sor dezaketen galderak dira, baina ez da gutxiagorako. Andoaingo Udalean sarreren eta gastuen arteko desorekak kinka larrian utz dezake udal jarduna. Udaberrian Bildu aurrekontu proposamena garatzen hasi zen eta ezinezkoa izan zitzaion PSE-EErekin edota EAJ-PNVrekin akordioa lortzea. Praktikan iazko aurrekontuen luzapenarekin gobernatzen ari da Bildu.
Udan, uztailaren 15ean, Andoainen udal ordezkaritza duten alderdiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aholkularitza jaso zuten Foru Ogasuneko bulegoetan. Andoaingo egoera bideratzeko, plan ekonomikoa garatzea ezinbestekoa dela adierazi zieten Aldundiko arduradunek Andoaingo Udal ordezkari eta teknikariei. Iraila amaitzen ari da eta gaur gaurkoz Bilduk ez du ez sozialisten, ezta jeltzaleen babesa lortu. Alderantziz, kritika gogorra jaso du. Gutxi asko, oposizioarentzat egoera ekonomiko zaila “Bilduren porrota da”. Bildurentzat, ordea, andoaindarrak aurreko agintaldietako gehiegikeriak nozitzen ari dira.

Gauzak horrela hiru aukera aurreikus daitezke, bata eta bestearen artean zeharo ezberdinak:

  • 1.    Orain arte bezala jarraitu, auzia lehertu arte.
  • 2.    Bilduk jeltzaleen edota sozialisten babesa lortzea, erantzukizunaren izenean, udal ekonomiak arnasa har dezan.
  • 3.    Oposizioak plan alternatiboa garatzea eta Udal batzarraldian aurrera ateratzea.

Denbora aurrera doa eta berandu baino lehen korapiloa askatu behar da. Andoaindarren eguneroko zerbitzuen kalitatea baitago jokoan.

Atzekoz aurrera zenbatzen hasita, gutxi dira urtea amaitzeko geratzen diren asteak. Bien bitartean Andoaingo Udalaren ekonomia itotzear da eta gaur gaurkoz ez da irtenbiderik aurreikusten.  Gobernu taldearen jokabidea gogor kritikatzen ari dira oposizioko hiru alderdiak. Elkarren aurka xextran ari dira, gainera. Modu batera edo bestera irtenbidea bilatu beharko da, egoera zaila baita.

Irailaren 4an  Udal gobernu taldeak (Bildu) ohar bidez egoera ekonomiko zailaren berri ematearekin batera, alderdi politikoei erantzukizunez jokatzeko deialdi zuzena egiten zieten: “Udal gobernuak gogoratu nahi du egoera erabateko larrialdikoa dela, eta akordioetara heldu ezean, hartu beharreko neurriak oso gogorrak izan beharko direla. Horregatik, alderdi guztiak deitzen ditu euren diferentziak alde batera utzi eta Andoain oparoago baten helburu amankomunarekin indarrak batzeko”.
Aipamen hori azkenaurreko deia dirudi, horrek udan hasitako saiakera berria hutsean geratuko dela aurreikus daitekeelako. Izan ere, Andoaingo gobernu taldeak udalaren estuasun ekonomikoen aurrean Foru Aldundiko Ogasun departamendura jo zuen laguntza eske. Hauek Ogasun sailan bertan bilera batera deitu zituzten Andoaingo udal ordezkari politikoak eta teknikoak. Bertan auzi ekonomikoari irtenbidea emateko irtenbide ezberdinak aztertu ziren. Bilera hori eta gero Bilduk proposamena luzatu zien oposizioko kideei (hori guztia Gobernu taldearen oharrean irakurgai dago, bere osotasunean, Aiurri.com gunean argitaratu zena).
Gobernu taldearentzat benetako burukomina bilakatzen ari da auzi ekonomikoaren korapiloa askatzeko ahalegina. Udal aurrekontua onartzeko babesik lortu ez zutenez, plenoan aurkezteari uko egin eta plan ekonomiko finantzieroa lantzeari ekin zioten. Planari ere ezezkoa erantzungo diotela eta, Udalaren egoera kinka larrian egon daiteke.

JELTZALEEN KRITIKA GOGORRA BILDURI
Udal gobernu taldeak irailaren 4an argitaratu zuen oharrari jeltzaleek erantzun gogorra eman zioten irailaren 6an, “Bilduren porrota Andoainen” izenburupean. Aiurri.com gunean bere osotasunean irakurgai dago. Gobernu taldea lan eta lan ari dela dioen bitartean, ekimenik duenik ere ukatzen dio EAJk prentsa ohar horretan: “Jasanezina da denbora guzti honetan oraindik inolako erabaki edo neurririk hartu ez izana, egoera larri hori arindu eta konpontze bidean hartu beharreko neurririk hartu ez izana.
Bilduren gobernuak, legealdiaren erdia igaro den honetan, oraindik ez dizkigu adierazi zein diren bere lan-ildo nagusiak edo zein bere soluzioak, izan baldin baditu. Bada garaia, udal gobernu taldeak egoerari aurre egin eta bere gobernu-ardurak onartzekoa, bideragarritasun eta ekonomia plana prestatu eta aurkeztu dezala, non garatu eta azalduko den nola pentsatzen duten gainditzea eta konpontzea Andoaingo udalak bizi duen egoera tamalgarria”.
Jeltzaleek diote Andoainen irtenbide estrukturalak behar dituela, “Bilduk proposatzen duen alternatiba bakarra alarmismoa da, eta gainerako guztiak errudun egitea. Kokoteraino gaude diskurtso biktimista eta ez-operatiboekin, hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatzen dugu!”.
Jeltzaleek irtenbidea aurkitzeko alternatiba eta aukera ugari daudela diote. Aiurrik alternatiba eta aukera horiek zehaztea eskatu dionean, hauxe jeltzaleen erantzuna: “Andoaingo EAJ-PNVk bere lan ildoa eta proiektu propioa dauka Andoaingo herrirako, lau urtero berriztatua, eta irizpide argiak ditu egoera ekonomiko larri hau gainditzeari buruz”.

POPULARREN KRITIKA ALDERDI ABERTZALEEI
Asun Guerra PPko zinegotziak Aiurriren galderari erantzunez ondokoa adierazi du: “Andoaingo PPk uste du Bilduren Gobernu taldeak aurkeztu duen plan ekonomiko finantzieroa berandu eta gaizki iritsi dela. Orain oposizioaren laguntza eta kontsentsua eskatzen dute. Orain arte kontutan hartu ez duten oposiziora jo dute, oposizio osoak gehiengo osoa duela ezagun denean”. Bilduri prepotentzia leporatzen die, “gastua kudeatzen asmatu ez dutenez eta aurrekontua adosteko gaitasunik erakutsi ez dutenez, auzi ekonomikoa bideratzeko aukera ezberdinekin datozkigu. Gure alderdiari ez dio batere konfiantzarik ematen”. Udala egoera kritikora iritsi izana jeltzaleei ere leporatzen die PPk, “egoera honen errua EAJ-PNVrena ere bada, Bilduri agintzen uzteko erakutsi duen arduragabekeriagatik. Bilduk geroz eta okerrago eginez gero, jeltzaleen interes elektolarentzat hobe dela uste dutelako. Eta modu horretan Andoain eta Gipuzkoa osoa paralizatuta dago”.

SOZIALISTEN ISILTASUNA
Oposizioko lehen indarrak Aiurriri iritzia helaraziko ziola adierazi arren, azken orduan isilik egotea erabaki dute. Andoaingo Udalaren egoera zaila bideratzeko hausnarketa prozesuan daudelako akaso? Datozen egunetan ikusiko da.

Zertan ari da Gobernu taldea?

Jeltzaleek egoera bideratzeko  “alternatiba eta aukera” badagoela ziotenean, hori bera zehazteko eskatu zion Aiurrik. Erantzuna goiko kronikan aurki daiteke. Gauza bera egin du Aiurrik Gobernu taldearekin. Oposizioak gobernatzeko ezintasuna leporatzen diola eta, Aiurrik galdera zuzena egin dio Gobernu taldeari: Zertan ari da Gobernu taldea?
Hauxe Bilduk zuzentzen duen Gobernu taldearen erantzuna: “2011ko ekainean, agintaldia hastearekin batera  egoera ekonomiko konplikatuaren berri jaso genuen udal teknikarien ahotik. Krisiaz gain, aurreko agintaldietan hartutako zenbait neurri eta orduan egindako zenbait inbertsio direla eta, gure legegintzaldia zeharo baldintzatzera iritsi da.
Udalak une honetan duen arazorik nagusiena ohiko gastua da: uraren kontsumo eta mantenimendua, argiteria publikoa, zaborren kudeaketa, lur publikoen mantenimendua, langilego gastuak... Gobernuan gaudenetik neurriak hartzen gabiltza, gastua kontrolatzeari begira, eta baita diru-sarrerak handitzeari begira ere.
Gastuei dagokionez, azpikontratatuta dauden hainbat zerbitzuren kontratuak bernegoziatu dira (eskailera mekanikoen mantenimendua, telefonia, kale garbiketa, aseguruak...), Aldundiaren Erosketa Mahaiaren bitartez dezente aurreztea lortu da (argiterian %7, posta zerbitzuan %15, bizitza eta istripu aseguruetan %43, gas naturalean %9, fotokopiagailuetan %45, etab.).
Sarrerei dagokionez, berriz, Bertxin Zentralean egin diren zenbait inbertsio txikiri esker, energia horren salmentatik jasotzen dena handitzea lortu da, (98.530 euro eskuratu ziren 2012an eta dagoeneko 2013ko ekaina bitarte 154.648 euro).
Aldiz, udalaz gaindi, beste instituzioetatik datozen diru-laguntzak izugarri murriztu dira (2010etik hona %50 gutxiago); udalaren eskumenak diren tasa eta zergak ere ezin izan dira igo, oro har, azken bi urteetan, oposizioko kideek mantendutako ezetzaren blokearen eraginez; hirigintza alorrean sarrerarik ere ez da iristen, sektorean dagoen krisia tarteko”. Gauzak horrela, Udalaren gastu arrunta kudeatzea ezinezko bilakatzen ari da.
 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!