Argentinar-euskaldunen egonaldia Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 10a, 10:21

Uztailean hogei argentinarrek Andoainen lur hartu zuten. Taldearen iritsiera egun osoan zehar ospatu zen herriko kaleetan, eta argentinarrak euskaraz kantatzen entzuteko edota dantzatzen ikusteko aukera izan zen. Gazte Alai dantza taldeko kideak ziren, 21-24 urte arteko gazteak guztiak. Udan zehar Euskal Herrian barrena hainbat saio eskaini behar zituztela eta, Andoainen geldialdia egin zuten.

Buenos Aires probintziako Necochea hiriko Euskal Etxeko dantza taldea da Gazte Alai. Euzko Etxea Euskal Argentinar Etxea 1945. urtean Necochea hirira Euskal Herritik joandakoek sortu zuten instituzioa da. Bere helburua euskaldunen, argentinarren eta beren ondorengoen topaleku izatea zen, bi herrialdeetako ohiturak sustatuz. Gaurko gazteen aiton-amonak izan ziren lehenengo dantza talde hura sortu zutenak eta Euskal Herritik ekartzen zituzten dantzak mantendu eta transmititu dituzte. Gaur egun 70 pertsonak baino gehiagok  osatzen du taldea, 2-5 urte artekoak txikienak eta 20-25 urtekoak helduenak.
Andoainera eta Euskal Herrira bisitaldia “Hator Hona” egitasmoaren bitartez gauzatu ahal izan dute. Egitasmoa 2004an Euskal Etxean bertan sortu zen ekimena, eta bertako kideek kudeatzen dute. Truke proiektu horri esker, dagoeneko Euskal Herriko txoko guztietako hirurogeitik gora gazte joan da Argentinara kultur transmisioan laguntzera. Euskal dantzaz gain, euskara, gastronomia, euskal kirolak eta musika tailerrak antolatu dituzte. Hara doazenak, han dauden bitartean, Euskal Etxeko kideen etxeetan bizi dira. Horren ondorioz, adiskidetasun harreman handia sortzen ari da hango eta hemengo euskaltzaleen artean.
Hemengoak hara urtero erakustera joaten diren bezala, tarteka hangoak hona ikuskizunak eskaintzera etorri ohi dira. 2008an etorri ziren lehen aldiz eta bost urteren buruan Gazte Alai dantza taldeko hurrengo belaunaldia etorri da Euskal Herrira. Oraingoan, lehen bi asteetan Andoainen izan ziren lotan eta ondorengo bi asteetan Bergaran ostatu hartu zuten. Bitarte horretan dantza saioak eskaini zituzten. Nafarroa Beheko Banka herrian eskaini zuten lehena eta hurrengoak Irurtzunen, Tolosan, Donostian, Bergaran, Pasaian eta Lemoan.

Jon Iraola
Andoaindarra 2011. urtean Argentinan izan zen dantza erakusten. Hator Hona egitasmoa mugarri izan zen bere bizitzan, hori aitortzen du: “Bizitza aldatzen dizuten esperientzia horietakoa izan zen hara joatea. Eguneko hogeita lau orduak beraiekin egotean, sekulako erlazioa egiten da. Oso intentsoa da, eta haiek oso irekiak dira. Azkenerako, bizitza osorako lagunak egin dituzu”.
Uda honetan argentinarrek hemen egin duten egonaldiaren antolakuntzan aritu den kideetakoa da, “Euskal Herri osoan zehar mugitu gara. Egunaren araberako planak egiten genituen. Argentinarrak hona etorri eta hiru egunetara Urepelen geunden, baserri bateko ganbaran… Guretzat ere oso atsegina izan da”. Gazte Alaiko kideek Andoaingo Gaztetxean lo egin zuten hainbat egunez.

 

Iñaki eta Marcial Agostini Zubillaga
Necochea hiriko euskaldun-argentinarrak


Iñaki eta Marcial 23 eta 25 urteko anaiak dira, eta uda honetan Euskal Herrian izan dira. Necocheakoak dira biak, baina La Platako unibertsitatean ikasi eta bertan bizi dira. Hernanikoak dira euren arbasoak, eta biak euskara berreskuratzeko ahaleginean ari dira.

Noiz erabaki zenuten aurten hona etorriko zinetela?
2011. urtean jarri genuen data helburu bezala. Bi udatan lanean lortutako diruak hegazkina ordaintzeko adina ematen zuen, eta apur bat gehixeago. 2012ko irailerako seguru etorriko ginela adierazi genuen, eta hortik aurrera hasi zen batez ere antolakuntzari zegokion lan guztia.

Zenbat denbora daramazue dantzan?
Etorri garenetatik gehienak Euskal Etxean jaio garela esan genezake, gure familiak bertakoak direlako. Ondorioz, 3-4 urterekin jadanik dantza ikasten ari ginen. Betidanik izan gara dantza taldekoak, baina azkenean dantza ere aitzakia bat baino ez da Euskal Etxean egoteko, han batzen baikara lagunekin. Euskal Etxeko dantza taldea, Gazte Alai, 18 urtera arte izaten da, gero guztiok La Platara joaten garelako ikastera.
Aurten etorri garen hogeiretatik hemezortzik bertan ikasten dugu.

Bidaiarena tradizio bilakatzeko bidean dago orduan?
Berez, 2008. urtean erabaki genuen bidaitzea, eta ez genuen errepikatzeko asmorik. Gainera bidaiaren ideia hemen sortu zen, eta hona bizitzera etorri ziren argentinar batzuren artean.
Hemendik lan asko egin zuten, diruz ordaindutako dantza emanaldi asko lortu zituzten, eta praktikoki bidaia guztia antolaturik aurkeztu ziguten. Hiruzpalau hilabeteko kontua izan zen dena.

Aurtengo bidaia oso desberdina izan da eta aspaldidanik pentsatuta geneukan arren, ezinezkoa izango zen hemendik jaso dugun laguntzarik gabe.

Zer suposatu du bidaiak zuentzat?
Euskal Etxe bezala, esan behar da hango Euskal Etxe guztietan daudela dantza taldeak, eta esan daiteke, Euskal Etxe desberdinetako dantza taldeetatik pasa diren belaunaldi guztien ametsa dela talde bezala noizbait Euskal Herrira etortzea. Izan ere, Euskal Herria guretzat familiaren bitartez ezagutzen dugun lurralde urrun hura da. Uste dut gainera, talde bezala horrelako bidaiarik ez dela inoiz egin. Mar de Plata hiriko talderen bat etorri zen orain dela hamabost urte inguru edo, beste batzuetan 5-6 pertsonako taldetxoak etortzen dira…, baina ez dantza talde bezala, ezta dantzatzera ere. Bidaia honek denok batera egiteko genuen ametsa betetzeko aukera eman digu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!