Kirol desafioa Andoainen irailaren 15ean, Activateren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 10a, 10:19

Kirol desafioa antolatu dute Andoaingo lau herrikidek irailaren 15erako, igandearekin, eguerdiko 12:00etan hasita, Juanita Alkain plazan.

Bi biren kontra jokatuko dute, arraunean, ergometroan, eta lasterka. Alde batetik Peio Alkorta (43 urte) eta Jon Urkaregi (39 urte), eta bestetik Oinatz Gonzalez (27 urte) eta Sergio Garcia (34 urte). Bi ergometro Juanita Alkain plazan jarriko dituzte; plaza hura izango baia jokaleku nagusia. Kirolari bakoitzak 6.000 metro egin beharko ditu arraunean; 2.000 metroko hiru saiotan, eta beste hainbat saio korrika Txistoki pasealekua, Allurralde kiroldegia, Santa Krutz ermita eta Kale Nagusitik igaroko den ibilbidean.
Laurak dira kirolariak, beraz, pentsatzekoa da gorputzaldi onean iritsiko direla neurketara. Afaria, horixe da desafioaren pizgarri nagusia. Bide batez, herrian giro polita sortzea nahiko lukete, kirolaren eta lehiaren bitartez. Jon Urkaregi, apustuaren bultzatzaileetako batek adierazi duenez, iaztik zerabilten buruan kirol desafioren bat egiteko asmoa, eta azkenean, irailera eraman nahi izan dute ekimena. “Estropaden hilabetea da iraila, eta hori dela eta arraunketa izango da desafioaren probetako bat”.
Horrelako apustuen atzean dauden osagaiez gain, Activate Andoaingo langabetuen elkartearentzat dirua biltzea da asmo nagusia. “Desafioa iragarriz kartelak zabalduko ditugu Andoaingo kaleetan, eta bertan iragarkia jartzera gonbidatuko ditugu herriko merkatari eta enpresak. Ikusleei ere borondatea eskatuko zaie ibilbidean zehar, eta jasotzen den diru kopuru osoa Acivate elkartearentzat izango da”.
Lau kirolariak abuztuaren 9an bildu ziren Iosu Arribillaga, Jose Mari Atorrasagasti eta Pedro Etxeberriarekin, euren asmoak jakinarazteko. Arribillagak elkartearen izenean eskerrak eman zizkien kirolariei. “Benetan pozgarria da eduki duten elkartasunezko keinua. Izan ere, Andoainen 1.200 langabe bizi gara; elkarteak horietako asko ordezkatzen ditu, eta ondotxo dakigu zenbat giza drama pilatzen den herrian une honetan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!