EAJ-PNVren ustez Andoaingo Udalaren egoera kaskarra "Bilduren porrota da"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 6a, 13:21

Bilduk egoera ekonomikoa bideratzeko egin dituen ahaleginei kritika gogorrarekin erantzun diete jeltzaleek. Bilduren gobernu taldeak aste hasieran adierazi zuenez, egoera ekonomiko zaila bideratzeko "alternatiba ezberdinak aztertu ostean, horiek oposizioko kideei aurkeztu zizkien udal gobernuak". EAJ-PNVk aldiz dio: "jasanezina da denbora guzti honetan oraindik inolako erabaki edo neurririk hartu ez izana, egoera larri hori arindu eta konpontze bidean hartu beharreko neurririk hartu ez izana".

Gobernu taldearen oharra (2013-9-4)

EAJ-PNVren oharra (2013-9-6), jarraian:

BILDUREN PORROTA ANDOAINEN

ANDOAINGO EAJ-PNV

"Gobernatzeak, eskura diren baliabideekin egoera bakoitza gestionatzen jakitea eskatzen du, eta horretarako beharrezko erabakiak hartzen jakitea. Egokiagoak ala okerragoak izango diren erabakiak, baina azken finean, erabakiak hartzea.

Zoritxarrez, Andoaingo BILDUko udal gobernuak denbora asko darama denbora pasatzen utziz eta egoerari aurre egitea ebatzi nahian. Udal gobernuak dagoeneko bi urte daramatza Andoaingo udalak bizi duen krisi ekonomiko-instituzionala salatuz; eta jasanezina da denbora guzti honetan oraindik inolako erabaki edo neurririk hartu ez izana, egoera larri hori arindu eta konpontze bidean hartu beharreko neurririk hartu ez izana.

Zerbitzu publikoen pribatizazioa ez da bidea.

Nagikeri eta ezintasun honen erdian, egoera ekonomikoa konpontze bidean, gainerako alderdi politikoei luzatu zaigun "proposamen" bakarra Andoaingo ur-sistemaren pribatizazioa da. Andoaingo EAJak beti adierazi du, eta aurrerantzean ere hala egingo du, oinarrizko zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurkako jarrera, eta ur hornikuntzari dagokionean ere bai.

Udal gobernuak proposaturiko azken okurrentzia "hankamotz" geratzen den neurria da, gaurko egoera "apaintzeko" balio lezakeena, baina inola ere ez etorkizuna bermatzeko. Egia litzateke Bilduko udal gobernuak pribatizazio hori aurrera emanez gero, legealdia amaitzeko adinako ditu iturri puntuala lortu dezakeela, eta honekin diru kontuak "txukuntzea" lortuko lukeela, baina aldi berean, udalak duen diru-sarrera nagusienetariko bat galtzea ekarriko luke. Etorkizunean honek sortu dezakeen zulo ekonomikoa benetan arriskutsua da, eta ondorio are larriagoak izan ditzake.

Andoaingo EAJak beti defenditu izan du ur-zerbitzuari dagokion tasen igoera progresiboa burutzea. Modu honetan, ur sarearen hobekuntza lanak gauzatzea posible izango litzatekeelarik, zerbitzua eraginkor eta efizienteagoa bilakatuz, eta ur-horniduraren pribatizazioa ekidinez. Dena den, pribatizazioa aurrera eramango balitz, ez luke eragotziko (kasualitatez 2 urte atzeratu bai, eta beti ere kolokan dagoen udalaren kontura) kuoten derrigorrezko igoera bat.

Soluzio estrukturalak behar dira.

Andoaingo udalaren egoera ekonomiko larriak soluzio estruktural sendoak behar ditu. Ezin liteke hemorragia bat tirita batez konpontzea pentsatu. Ez da momentuaren araberako konponbide inprobisatuak hartzeko garaia, ez da etekin elektoraletan pentsatzeko garaia, epe-motzeko neurriak baztertu eta soluzioak etorkizunean pentsatuz hartzekoa baizik.

Ezin liteke inola ere onartu, bizi dugun egoera larri honekin, urtearen garai honetarako oraindik aurrekontu proiekturik ez izatea, eta oraindik larriagoa dena, aurrerago izateko aurreikuspenik ez dugula! Gutxienez, hala adierazi zaigu Gobernu taldearekin burutu ditugun bilera gutxi horietan.

BILDUren gobernuak, legealdiaren erdia igaro den honetan, oraindik ez dizkigu adierazi zein diren bere lan-ildoa nagusiak edo zein bere soluzioak, izan baldin baditu. Bada garaia, udal gobernu taldeak egoerari aurre egin eta bere gobernu-ardurak onartzekoa, bideragarritasun eta ekonomia plana prestatu eta aurkeztu dezala, non garatu eta azalduko den nola pentsatzen duten gainditzea eta konpontzea Andoaingo udalak bizi duen egoera tamalgarria.

BILDUko proposatzen duen alternatiba bakarra alarmismoa da, eta gainerako guztiak errudun egitea. Kokoteraino gaude diskurtso biktimista eta ez-operatiboekin, hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatzen dugu! Egoera oso larria da, baina asko dago egiteko eta BILDUren pribatizazio nahiez aparte, alternatiba eta aukera ugari daude.

BILDUko udal gobernuak soluzioak proposatzeko eta aurkezteko errespontsabilitatea dauka, udal andoaindarraren egoera ekonomiko larriari buelta ematen saiatzeko ardura eta obligazioa. Soluzioak bilatu eta arduraz jokatzeko bide horretan, soilik bide horretan, izango dute Andoaingo EAJ-PNV bidelagun".




AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!