Zizurkilgo Elizpe elkartekoak ere festarako gogoz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 5a, 20:48

Irailaren 9an, jaietako egun handian egingo dute jubilatuei eskainitako eguna. Meza, toka txapelketa eta bazkaria izango dira haientzat prestatutako ekitaldi nagusiak. Pili Antolin Arizmendik urte mordoxka darama Elizpe jubiletuen elkarteko lehendakari lanetan:

“Dagoeneko sei urte dira lan horretarako aukeratu nindutela eta gustura ari naiz. Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara zuzendaritza taldeko kide guztiak. Urtean zehar jai giroko hainbat ekitaldi antolatzen dugu eta jaietan ere, izaten dugu zereginik”.

Irailaren 9an, astelehenarekin ospatuko dute jubilatuen eguna. “Meza nagusira joan eta Amabirjinari lore sorta eskainiz hasten dugu eguna. Ondoren, toka txapelketari ekiten diogu. Futbol zelaian biltzen gara horretarako. Partaide asko izaten du txapelketak eta lehia giroa sortzen da. Irabazleek, sariak etxeratzen dituzte eta pozik joaten dira”.

Toka txapelketa amaituta, elkarrekin bazkaltzeko biltzen dira herriko jubilatuak. “Udalak ordaintzen digu urtero jaietako bazkari berezia. Atxulondo jatetxean egiten dugu eta ehun lagunetik gora biltzen gara. Festa berezia izaten da herriko adinekoentzat. Egun horretan ez da minik, kolesterolik eta horrelakorik, ondo pasa eta festaz gozatzea izaten da kezka bakarra”, azaldu du Pilik.

Antolaketa lanak
Jaiak irailean izanik, aurrerapen handiz egiten dituzte antolaketa lanak Elizpe elkarteko kideek: “Abuztua tartean izanda, uztailerako lotuta izaten ditugu lanik gehienak. Nik nahiago izaten dut egin beharrekoak denboraz egitea, azken momentuan estu eta larri ibili beharrik gabe. Bazkarirako izen-ematea ere abuztua baino lehen ixten dugu, nahiz eta beti izaten den beranduxeago ibiltzen den bakarren bat”.

Bazkaldu ondoren, dantza egiteko aukera izaten dute: “Zaletasun hori dutenek asko eskertzen dute. Musikari bat ekartzen dugu, elkarteak ordainduta, eta nahikoa dantza egiteko aukera ematen dugu. Oso giro polita sortzen da arratsaldea bitarte. Urtero egiten dugu horrela eta oso ondo ateratzen da”.

Ekintzaz blai
Abuztuan itxita izaten dute Elizpe elkartea, baina urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dute, “larunbat eta igande arratsaldero bingoan jolasten dugu. Arratsaldea pasatzeko modu polita da; oso umore onean aritzen gara. Astegunetan, berriz, kartetan jolasteko eta elkarrekin egoteko gune egokia da elkartea”. Egun eta ospakizun bereziak ere izaten dituzte urtean zehar. “Martxoan karta txapelketa egiten dugu eta irailean mendi martxa. Irteera ezberdinak ere egiten ditugu. Irailaren 28an, esaterako, Arantzazura joango gara. Bazkideei asko gustatzen zaie txango hori; goizean, Oñatiko jubilatuen elkartean egiten dugu hamaiketakoa. Gero, Arantzazura igo eta meza entzuten dugu eta amaitzeko, bazkaldu eta musika jartzen dugu. Aurten, Olaberriako jatetxe batean bazkalduko dugu, lehendaizikoz.

Udazkenean, laurogei urte betetzen dituzten bazkideak omentzen ditugu. Azaroaren 3an egingo dugu hori, Urnietako Oianume jatetxean. Plakatxo bat ematen diegu laurogei urte betetzen dituztenei; emakumeei, baita lore sortatxo txiki bat ere. Gustura hartzen dute oso. Urte asko daramagu Urnietako jatetxe horretara joaten; bazkalondoan musika jartzen dute eta dantza egin nahi dutenek, aukera polita izaten dute egun horretan ere”.

Azaroko gaztaina jateak ere harrera ona du bazkideen artean: “Tortilla pintxoak eta gaztaina erreak prestatzen ditugu egun horretan. Abenduan, berriz, txistorra jatea egiten dugu. Horretarako, Zizurkilgo merkatariei laguntza eskatzen diegu. Bazkide bakoitzak 10 euro ordaintzen du urteko eta dirulaguntzaren bat ere jasotzen dugu. Errifak ere ateratzen ditugu diru pixka bat lortzeko. Horrekin guztiarekin antolatzen ditugu ahalik eta ekitaldirik gehienak, baina askotan, laguntza pixka bat ere behar izaten dugu, horregatik jotzen dugu merkatariengana”.

Egoitza berriaren zain
Urte berezia izango da aurtengoa jubilatuen elkarteko kideentzat, izan ere, egoitza berria izango baitute epe laburrean. Gogotsu agertu da Pili: “Orain dugun egoitza Atxulondo tabernari itsatsita dago, eta askotan, hango soinuak eragotzi egiten digu bingoan edo kartetan lasai jolastea. Horregatik, gustura hartuko dugu egoitza berrira joateko aukera”. Plazan egiten ari diren etxe berrietako etxabe batean atonduko diete txoko berria: “Laurogeita hamar bat metro karratu ditu lokalak. Lanak urte amaierarako amaituta izatea espero dutela esan zigun alkateak, baina ondoren, altzariz hornitu beharko da. Oraindik hilabete batzuk pasako dira ziur aski egoitza berria erabiltzen hasi ahal izateko”.

Hirurehun bazkide ditu Elizpe jubilatuen elkarteak: “Zizurkil eta Asteasukoak dira bazkideak. Nahiko elkarte txikia da gurea, baina gauzak egiten saiatzen gara. Podologia zerbitzua bideratzen dugu eta baita zenbait ikastaro ere. Asko mugitu beharra izaten dugu gauzak ahalik eta txukunen egiteko, baina egia aitortu behar bada, gustura aritzen gara”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!