Sorabillan jaiak ostiraletik igandera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 5a, 20:47

Irailak 6, ostirala
18:00     Txupinazoa, suziriak eta kanpai errepika.
18:30     Iturzaeta Memorialeko finalen errebantxa.
20:00     Kontzertua Andoaingo musikari gazteen eskutik.
21:00     Zikiro afaria. Dantzaldia Los Rubi.
02:00     Txokolate beroa.
03:00     Jai amaiera.

Egitarau osoa | Autengo jaien atarikoa:

Egia esanda, ekitaldi erakargarriak biltzen ditu egitarauak. Eguraldi iragarpenak giro aldrebesa aurreikusi duenez, ondo estimatua egongo da plazan ezarriko den karpa handia.  

Antonio Barbadok, ostiralean, arratsaldeko 18:00etan airera botako dituen etxaferoekin eta Manuel Oiartzabal Sorabillako erretorearen kanpai errepikarekin hasiko dira jaiak, ohi denez. Iturzaeta Memorialeko finalen errebantxa helduko da ondoren,

Andoaingo musikari gazteen erakusleiho izateko jaio zen ostiraleko kontzertua, eta asmo horri eusten dio, San Martin elizaren espazio paregabeaz eta bere akustikaz baliatuz. Aurtengoan ere, musikako arloren batean zein bestean nabarmentzen ari diren musikariek osatuko dute ordubeteko kontzertua, beraz: Eneritz Jauregi (zeharkako flauta), Ana Belen Garcia (pianoa), Irati Rivas (ahotsa) eta Lorratzak taldea (Garazi Jauregi, Maddi Etxeberria eta Malen Otxoa). Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta beste zenbait musikari ezagunen abestiak interpretatuko dituzte. Sarrera doan izango da.

Larunbatak denentzat dakar zerbait: lasterketa mendi gainetan; puzgarri, jolas eta Poxpolo eta konpainiak arratsalde entretenigarri eta alaia pasa nahi duten haurrentzat; erritmo euskal-kubatarrak (La Jodedera) gorputza mugitu nahi dutenentzat...   

AITA LARRAMENDI Ikastolari esker-ona
Igandea ere ez da atzean geratuko ekitaldiei dagokionez. Hala ere, eguerdi parteko omenaldia nabarmen daiteke besteen gainetik. Aita Larramendi ikastola izendatu nahi izan dute aurten Sorabillako auzotarrek, ikastetxea bere sorreraren 50. urteurrena betetzen ari baita. Ikastetxeak euskararen eta euskal kulturaren alde urte horietan guztietan Andoainen egin duen aparteko ahalegina eskertu nahi dute auzotarrek; ez dago zalantzarik omenaldi ekitaldi hunkigarria prestatuko zutela honezkero.

Bertan izango dira ikastolaren historian esanguratsuak izan diren hainbat ikasle, irakasle, guraso eta beste hainbat eragile. Antolatzaileek Andoaingo herritar guztiei luzatu die gonbidapena, esker-ona adieraztera azal daitezen Sorabillako pilotalekura.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!