Egoera ekonomiko kaskarra gainditzeko elkarlanerako deia egin du Andoaingo Udal Gobernu taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 5a, 10:48

"Udal gobernuak gogoratu nahi du egoera erabateko larrialdikoa dela, eta akordioetara ez helduz gero, hartu beharreko neurriak oso gogorrak izan beharko direla".

Gobernu taldearen prentsa oharra:  

Gobernu taldearen prentsa oharra: 

"Pasa den maiatzean hainbat auzotan egindako batzarretan azaldu zen bezala, azken urteetan udaleko diru kontuek izan duten bilakaera medio, udaleko diru-kutxa ez da bere momenturik onenean. Bilera horietan ez zen bakarrik egungo egoera ekonomikoaren berri eman, azken hamar urtetara bota baitzen bistazoa, udal gobernuarentzat ezinbestekoa baita egungo egoera behar bezala ulertu ahal izateko.

Bilera horietan, ondorio nagusi gisa, Udalak Plan Ekonomiko Finantzario bat onartu behar zuela esan zen, egoerak bira eman eta aurrera egitea ahalbidetu ahal izateko. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun departamentuaren laguntzarekin kontatzen zela ziurtatu zen, udal politikari eta teknikariekin batera egoera honetatik irteteko irtenbide posibleak aztertu eta kontuan izan dituztelarik. Alternatiba ezberdinak aztertu ostean, horiek oposizioko kideei aurkeztu zizkien udal gobernuak.

Dena den, pasa den uztailaren 15ean Andoainen ordezkatuak dauden alderdiek, PPk ezik batzarra izan zuten Foru Ogasuneko bulegoetan alternatiba horien berri lehen ahotik jaso ahal izateko; foru instituzioko teknikarien gomendioak ere entzun ahal izan zituzten, oposizioko kideentzat berria ez zen egoera batean, izan ere, neurri horien inguruko ohartarazpenak entzun behar izan baitzituzten pasa den legegintzaldian egindako bilera batean.

Bilera horretatik aurrera, herri mailako hainbat bilera ospatu dira, bide horien inguruan eztabaida eta eszenatoki oparoago batetara heltzea ahalbidetuko duen puntu amankomunetara ailegatzeko helburuz, epe laburrean fruituak ematea espero delarik. Udal gobernuak gogoratu nahi du egoera erabateko larrialdikoa dela, eta akordioetara ez helduz gero, hartu beharreko neurriak oso gogorrak izan beharko direla. Horregatik, alderdi guztiak deitzen ditu euren diferentziak alde batera utzi eta Andoain oparoago baten helburu amankomunarekin indarrak batzeko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!