Andoainen eta Urnietan udan egon diren Saharako haurrei agurra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ira. 5a, 10:19

Andoainen eta Urnietan bi hilabeteko bizialdia egin duten bederatzi haur saharauiarrak joan den igandean (abuztuaren 25ean) itzuli ziren euren jaioterrira. “Oporrak Bakean” programa orain 26 urte jarri zen abian, eta Andoaingo Hurria-Sahara elkartea eta Andoain eta Urnietako udaleko gizarte zerbitzuak arduratzen dira Saharako haurren etorrera antolatzeaz. Aurten zortzi haur heldu dira Andoainera, bat Urnietara. Goizetan, Andoainera etorritako haurrak begirale baten zainpean egon dira; Urnietakoa, berriz, kirol udalekuetan ibili da.


Maitane Lopez de Munainek eta Roberto Brosak osatutako bikotearentzat haurra hartzen duten bosgarren urtea da. Robertok aitortzen du jendeak uste duena baina errazagoa dela haurra hartzea: “ez da pentsa daitekeen bezain gogorra. Oso erraz modaltzen dira gure bizimodura, eta bestalde, ez dute horrenbeste aldatzen familiaren udako dinamika”. Haur batzuk badaramate zenbait urte hona etortzen. Beste batzuentzat, ordea, lehenbiziko aldia izan da. Mundu berri bat irekitzen zaie hemen horiei, Maitanek gogoratu duen bezala: “kontuan hartu behar da ez dituztela ezagutzen hemengo ume batentzat gauzarik normalenak diren hainbat baliabide: kanilako ura, igerilekua...”.
Aberasgarria izaten da bizipena haurrentzat ez ezik, bertakoentzat ere: “gustura egoten dira gurekin hemen, baina aldi berean, pozik itzultzen dira euren bizilekuetara. Mila istorio eramaten baitituzte kontatzeko, hainbat argazki beren familiei eta lagunei erakusteko. Gainera, motxilan jakiak, jostailuak eta arropa sar ditzakete; gehienez 28 kilo eraman ditzakete”.
Sortzen den harreman afektiboa ez da eteten, gainera. Urtean zehar harremanetan jarraitzen dute, telefonoz nahiz postaz, hangoek eta hemengoek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!