Pilota jaialdia eta txakolin dastaketa Amasan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 28a, 14:22

Atzo iluntzean, datorren larunbatean, irailak 21, Amasan burutuko den III. Pilota eta Txakolin jaialdia aurkeztu zuten Uxo Toki elkarteko kideek. Arratsaldeko 16:00etan abiatuko da jaialdia, pilota partidekin. Behin partidak amaitutakoan, txakolin dastaketari ekingo zaio. aukera zabala izango da: 25 upategik hartuko dute parte. Iker Urruzola eta Jose Inazio Izarrek hartu zuten hitza, atzoko prentsaurrekoan, Uxo-Toki elkartean:

Argazkia: Tolosaldeko Hitza. 

 

"Hirugarren urtez Pilota eta Txakolinaren jaialdia ospatzen dugu jarraian Amasan eta zinez, oso harro gaude jendartean duen harreragatik.

Dakizuen bezala, irailaren erdialdera, Amasan, Pilota eta Txakolin eguna edo arratsaldea ospatzen dugu eta aurten ere, beste urteetako arrakasta ikusirik, antolatzea pentsatu dugu.

Jaialdiak, bi zati ditu. Alde batetik Pilotaren jaialdia eta bestetik Txakolinaren dastaketa.

Pilotaren jaialdian, aldaketa edo zerbait berria sartzen saiatzea da gure helburua, beti ere Amasa inguruko pilotari gazteei, beraien aukera emanez. Iaz, Amasa inguruko gazteen arteko partida bizia izan bazen, aurten, pilotarekin batera, beste bi euskal ezaugarri lotzea edo nahastea erabaki dugu. Lehen partidan, pilota eta desafioa uztartuko ditugu. Eskudero andoaindarra, Otaño amasarra eta Ormazabal billabonatarraren aurka. Ondoren bi biren aurka bertsoarekin nahastuta, Oihana amasarra eta Amaia billabonatarra bertsotan izango direlarik eta Lizaso Zizurkilgoa Aranburu oiartzuarrarekin bikote, Urmeneta añorgatarra eta Urruzola Asteasuko gaztea bikotearen aurka.

Hauek bukatu bezain pronto, profesionalen txanda izango da. Urteroko ohitura bihurtzen ari den Mikel Goñi, Eulate, Eugi eta Otxandorenak jokatuko dute. Bikoteka izango da partida hau. 

16:00etan hasiko dira pilota partiduk eta gutxi gora-behera 18:00etan amaituko dute. Amaitzean, Txakolin dastaketa izango da. Eguraldi onarekin plazan eta txarrarekin, frontoi barruan.

Aurten, 25 txakolindegik parte hartuko dute.

Aipamen berezia egin beharko genuke puntu honetan, ze, hitz egin dugun upeldegi ia guztien oniritzia jaso dugu jaialdi hau antolatzeko unean. Parte hartuko duten guztiei, ideia ona dela iruditzen zaie eta gehienek horrelako ekintzak kostaldetik kanpo antolatzeari garrantzi handia ematen diete eta txalotzen dute ere.

2012ko uzta dastatzeko aukera izango da aurtengoan eta esan beharra dago, afrutatuaz gain, intentsitate handia eta ahoan iraunkortasun luzea duen txakolina dela. Euskal Herriko ardo txuri edo Txakolin ederra eta borobila dastatzeko aukera izango dugula.

Eskertzekoa da, lehenengo urtetik aurtengora arte, txakolindegiek azaldu duten predisposizioa. Lehenengo aldiz egin genuenean, 11 txakolindegirekin hasi ginen eta iazko 22ak, aurten 25 bihurtu dira. Getariako Txakolina izendapena duten ia guztiak parte hartuko dute. 5 bakarrik falta dira bere osotasunera iristeko. 5 horiek, arrazoi desberdinengatik ez dute hartuko parte, baina beste 25ak, ilusio handia erakutsi dute egun honetan gurekin batera jaialdian parte hartzeko.

Iaz parte hartu  zutenak eta errepikatuko dutenak, hauek dira:

ADUR, AGERRE, AIZPURUA, AKARREGI TXIKI, AMEZTOI, ARREGI, BASA LORE, BENGOETXE, FLYSC (GOROSTI), GAINTZA, GAÑETA, HIRUZTA, K5 ARGIÑANO, MOKOROA, REZABAL, SAGARMIÑA, TALAI BERRI, ULAZIA, UPAINGOA, URKI eta ZUDUGARAI.

Aurten lehengo aldiz parte hartuko dutenak:

BI ERROTA, ELKANO, IGELDO eta INAZIO URRUZOLA

Gipuzkoako txakolindegiak dira guztiak eta Zarautz, Getaria, Aia, Hondarribi, Alkiza, Oñati, Mutriku, Deba, Igeldo eta Olaberriakoak dira. Hau da, kostaldekoak izateaz gain, Gipuzkoa barrualdeko txakolindegiak dira. Guztiak Hondarribi zuri mahatsarekin egindako txakolinak. 

Pilota eta Txakolin eguna, arratsaldeko 16:00etatik aurrera ospatuko dugu eta dultzainero eta trikitilarien musikaz girotuta, dantza egiteko aukera izango dugu eta baita, bertsolarien hitz jokoarekin gozatzeko aukera ere. 

Jatekoa ere izango da, dena ez baita edaria izango. Pintxoak eskuratzeko aukera egongo da, sardinak, txorixoa, gildak, patata tortila, gazta eta abar.

Iluntzean, behin txakolinaren dastaketa amaitzen ari denean, nahi duenak, aukera izango Uxo Toki elkartean zerbait afaltzeko. Horretarako antolatzaileekin hitz egin beharko da.

Guztiak gonbidatu nahi ditugu egun eder hau gurekin batera gozatzera. Ezagutu duenak, badaki giro aparta egoten dela.

Eskertza berezia eman nahi genieke hemendik, alde batetik Amasako gazteei, beraien laguntzarik gabe, ezingo genukeelako jaialdi hau antolatu, bestetik Amasa-Villabonako udalari, egun honekiko agertzen duen jarrera ona eta antolakuntzarako behar dugun laguntza ekonomikoagatik. Amasako Iturri Goxo tabernari, pilotari, musikari eta txakolindegiei ere gure eskerrik beroenak, guztien predisposizio ona eta erraztasunarekin, jaialdi borobila antolatzen laguntzen baitigute.

Egun horretarako sarreren salmenta, Amasako Iturri-Goxon, Villabonako Iru Aldeta, Xiker, Itzalpe, Obaba, Iratzar, Or konpon, Urrizpe, Amasa kafetegia, Larrea okindegia, Zizurkilgo Egarri eta Iriarte eta Asteasuko Iturriondo tabernetan daude 12 eurotan helduentzat eta 6 eurotan haurrentzat.

Helduen sarrerak, pilota partidua, txakolina dastatzeko edalontzia eta bi pintxo jateko aukera ematen du eta haurren sarrerak, aldiz, pilota partida eta pintxoak jateko aukera.

Amasan bertan ere sarrerak salgai egongo dira eta txakolina dastatzera bakarrik gerturatu nahi duenak, edalontzia eta pintxoak hartzeko txartela erosteko aukera izango du. Txartel horiek 5 eurokoak izango dira.

Beraz, irailaren 21ean egingo dugun Pilota eta Txakolin egunera etortzeko aukera ezberdinak eskaintzen ditugu eta gonbidapena luzatzea besterik ez zaigu geratzen. Aukera paregabea da, pilota jaialdi bikaina ikusi eta txakolin ederra dastatzeko.

Aldez aurretik, mila esker etorriko zareten guztiei".

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!