Frigoko pabilioian sutea piztu da gaur goizaldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 21a, 15:07

Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak medio, Frigo enpresak Villabonan duen eraikinean sutea piztu da gaur goizaldeko 01:00ak aldera. Biltegi eta bulegoetan izan du itxuraz eragin nabarmenena.

EFE agentziak jakinarazi duenez, sutearen berri izandakoan, suhiltzaileen sei kamioi gerturatu dira pabilioira eta goizeko 02:30ak aldera lortu dute garrak itzaltzea. Badirudi  suhiltzaileek pabilioiaren kanpoaldeko edukiontzi bat erretzen ari zelako jaso dutela gerturatzeko deia. Ondorioz, Frigoko eraikinaren sutea erretzen ari zen edukiontzi horrek eragin ote duen aztertzen ari dira. Zauriturik eragin ez duela esan daiteke, behintzat.

Argazkiak

Bertako langileetako baten adierazpenak:

Villabonako Frigoko eraikinean, bertako langile ugari ari zen txukunketa lanetan gaur eguerdian. Urnietan bizi den langileetako batek hartu du hitza eta tristura handia zuela adierazi du: “Krisi garai hauetan, bestela ere egoera ez da batere erraza eta horrelako ezbeharra gertatzea... Azken boladan antzeko berri txarrak besterik ez dira iristen. Izugarrizko pena izan da, baina aurrera egin behar dugu: ez dago beste erremediorik”, azaldu du. Euren lantokia erretzen ari zela esanez deia jaso zutenean, bertara gerturatu ziren baina berandu dagoeneko: “suak hartua zuen dena, ezin izan genuen ezertxo ere egin. Suteak kalte handiak eragin ditu biltegian eta bulegoetan bereziki. Eskerrak kamioiak kanpoan zeuden, bestela haiek ere kiskali egingo zituen. Eraikinean eragindako kalteekin batera, barne-garraiorako gurdietako bat eta produktu ugari erre dira sutean. Ez dakigu zein izan den sutearen abiapuntua. Izugarrizko pena izan da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!