Adunako festak gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 19a, 14:50

Atzo izan zen Adunan festetako azken eguna. Festak bi asteburutan banaturik egon dira aurten, azken hau izan den arren astebururik fuerteena.

Argazkiak: Txupinazoa | umeen dantzak | axeri dantza | herri bazkaria

Krosseko sailkapena

Eguraldi ona izan da nagusi Adunan festa guztietan zehar, eta horren ondorioz jende dexente gerturatu da antolatutako ekitaldietara. Lehengo asteburuan, jubilatuen eguna eta txekor jate eguna ospatu ziren. Txekor jate egunean bertan izan zen Herri Krossa ere, 74 parte-hartzailerekin.

Bigarren asteburu honetan, amabirjinaren eguneko txupinazoarekin hasi ziren festak berriro ere. Txupinazoaren ostean, buruhandiak izan ziren umeak korrika eginez jarriz, eta gero dantza ezberdinez gozatu ahal izan zen; alde batetik haurren dantzez, eta hauen ondoren helduek dantzaturiko axeri dantzaz. Herri kirolek bete zuten arratsaldea, eta gauean berriz, Ingo al deu? taldekoen txanda izan zen, gau giroa alaituz.

Ostirala haurren eguna izan zen Jokulandiarekin, baina helduek ere izan zuten bere tartea, bai arratsaldeko mus txapelketan, eta baita gaueko bertsolariekin eta hauen ondorengo Gugaz taldearekin.

Larunbatean, patata tortila txapelketa, pintxo poteoa eta "Errimak oinetan" dantza emanaldia izan ziren, eta igandean berriz, urtero bezala, hainbeste jende biltzen duen kuadrilen arteko bazkaria. Beste urte batez ere, herriko frontoia kolorez bete zuten bertaratutako kuadrila ezberdinek. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!