Amaitu dira Buruntzako festak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 19a, 14:23

Aurten, ospazkizunez beteriko hiru egun izan dira Buruntzan, eta festek ekitaldi desberdinetako irudiak utzi dituzte.

Argazkiak: San Roke kross igoera | Sagardo dastaketa | Hainbat irudi

Festen osteko laburpen gisara, esan daiteke, benetan arrakastatsua izan zela krossa. Lehengo urteko irabazle berdina, Imanol Rojo, baina denbora errekorra lortuz aurtengoan, 26,52-ko denborarekin. Aurtengoan gainera, giro aparta, eta ikusle piloa.

Sagardo dastaketari dagokionez, bigarren edizioa izan da aurtengoa. Aurreko urtean adina jende gerturatzea lortu ez bazen ere, gerturatu zirenak gustora aritu ziren bertako postu ezberdinetako sagardoa dastatzen. Lehiaketarako aukeratutako sagardotegiak, amaiera arte jakin ez ziren arren, Gaztañaga, Petritegi, Rufino, Zabala, Oianume eta Satxota izan ziren, eta Gaztañaga izan zen bertaratutakoen boto gehien jaso zituena, eta beraz, aurtengo irabazlea.

San Roke egunean, urtero bezala, mendi magalean egin zuten ospakizuna. Meza, Mendiluze eta Telleria bertsolariak, Arruti eta Beloki trikitilariak eta auzo bazkaria izan ziren bertan. Toka txapelketa ere jokatu zen, eta bertan, Irati Loyarte izan zen irabazlea.

Honetaz gain, eta irudietan ikusgai daude mus txapelketako finalistak eta bertso afariko hainbat irudi. Bertsolariak Amets Arzallus eta Andoni Egaña izan dira, eta trikitixa eta panderoarekin bertako jendea dantzan jarriz, Elustondo anai-arrebak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!