Patxi Irizar Garro Andoaingo kirolari ezagunaren heriotza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 14a, 21:22

Patxi Irizar Garro, 40, 50 eta 60ko hamarkadetan korrikalari famatua izan zena, astelehenean hil zen, 85 urte zituela. Milagros Zubillagaren alarguna zen, eta hiru seme alaba zituen: Gurutze, Maria Luis eta Jose Ramon.

Biografia pasarte ezberdinen bidez:

85 urte zituen arren, ez zebilen gaizki osasunez. Hala ere, gaixotasun batek harrapatu zuen ezustean azken asteetan; erorikoren bat ere jasan zuen. Oraindik Garro baserriko (Leizotz auzoa) ukuiluan txekorrak gobernatzen zituela aurkitu zuen heriotza, berak hala nahi izan zuen bezala. Bizitza osoan berarekin eraman zuen umorea ere ez zuen galdu azken eguna arte, eta horren lekuko dira azken egunetan zaindu duten erizain eta medikuak. Izatez ere, korrikalari gisa bezainbat zen famatua bere ironia eta hizkeraren graziagatik.

Egunotan, bilobek aitona agurtzerakoan ondo utzi dute deskribatuta gizona: “Eroriz eta jeikiz, baina beti umoretsu eta parrez, bizitzaren laisterketa honetan, helmugara iritsi zara ohorez”.

Kirolari gisa, egundoko markak egin zituen lasterketa ofizialen munduan. Besteak beste, krosean Gipuzkoako txapelduna izan zen 1951, 1952, 1954 eta 1955ean. Estatu espainiarreko txapeldun orde ere izan zen 1958an, Antonio Amorosen atzetik geratuta.

5, 10 eta 20 kilometroetan Gipuzkoako marka ezarri zuen, 50eko hamarkadan.

Izaera apala eta alaia zuen Patxi Irizarrek, jendartekoa zen, inguruan sinpatia eragiten zuen horietakoa. Dohain horri esker, jarraitzaile ugari izan zituen bere ibilbide osoan; hainbat kirolzale eramaten zituen atzetik lasterketetara, eta erabat animatzen zuten. Bere garaipenak, musika bandarekin eta itxaferoak jaurtiz ospatzen ziren Andoainen. Zubietako hipodromoan jokatu ziren estatuko eta munduko krosetara, esaterako, milaka eta milaka jarraitzaile eraman zituen Gipuzkoa osotik.

Apustuetan ere jardun zuen. Txikito de Arruiz eta Migel Aldazekin batez ere, Tolosako zezen plazan. Egundoko ikusmena eragin zuten Gipuzkoa osoan desafio horiek, eta gainezka jarri zuten zezen-plaza.

Ezpala berekoa atera zen bere alaba ere, Maria Luisa Irizar, Gipuzkoa, Euskal Herria eta Estatuko txapelduna izan zena hainbat alditan, maratoiaren modalitatean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!