Ehun urte bete dituen Inturia presa eraisten ari dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 12a, 20:38

Hondeamakinak abuztuko lehen egunetan hasi ziren lanean, eta jada egun batzuk daramate Inturia presa husten. Presa lau fasetan aurreikusita dago desegitea, eta lehenengoari ekin diote oraingoz. Hain zuzen, presaren hormaren goiko zatia kentzen ari dira, eta 3,3 metro jaitsi arte; 12 metro ditu guztira, horma horrek.

Aurreko asteko albistea

Gaurko kronika:

Uda partean gertatzen den ur emari eskasa probestu da obrari ekiteko, eta  irailean amaituko da; presa segurtasun-egoera onean utziko da 2014ko abuztuan ekingo zaion bigarrengo faserako. Urtebeteko epealdi horretan, eraisketak Leitzaran ibaiari eta bertako ekosistemari sor diezaiekeen eraginak aztertu ahal izango dira.

Hormari kendu nahi zaion 3,3, metroko zati bat desegin da jada, eta goialdean urtetan pilatu den material edo lokatzaren parte bat ibaian behera abiatzen ari da. Mugimendu horrek, Leitzaran ibaia kolorez aldatzea eta zikintzea ekarri du. Bainu freskagarria hartzeko Leitzarango putzuren batera hurbiltzeko ohitura duten pertsonak izan dira lehenak urak jasan duen kalitateaz jabetzen.    

1913an eraikitako presa

Inturia presa Elduaingo udalerrian kokatzen da, Andoaindik irtenda zazpigarren eta zortzigarren kilometroan gutxi gora behera. Bertxin zentral hidroelektrikoaren azpiegituraren parte da. 1913an eraiki zen, pitin beherago geratzen den beste presa txikiarekin batera. Presa handia Leitzarango ur emaria erregulatzeko eraiki zen; txikiaren funtzioa, berriz, Bertxingo kanalera ura bideratzea da. Presa handiak ez du eginkizunik gaur egun, baina hala ere uraren ibilbidea eteten jarraitzen du. Besteak beste, ia kilometro terdiko urtegi modukoa sortzen du, eta bertan ekosistema berezia egonkortzea eragin du. Balio paisajistikoaren ikuspegitik, bailarako parajerik politenetakoa da leku hori, askoren iritziz.

Aldeko eta kontrako argudioak

Presaren eraisteak aldeko eta kontrako arrazoiak eragin zitzakeela ikusita, bere etorkizunaz hitz egiteko eztabaida prozesua ireki zuen Andoaingo Udalak 2012ko maiatzean. Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritza eta Diputazioko teknikariekin hitzaldia ere antolatu zen. Kontra azaldu ziren argudioen artean, goia aipatu den paisajistikoa edo estetikoa izan zen nagusienetakoa. Ehun urte dituen ondare historiko industrialaren balioa ere azpimarratu zen eztabaida prozesuan. Hala ere, presak urtetan pilatu duen materialak eragin zuen ardura gehien. Aurreikusita dagoenez, Bertxingo kanala bidean topatzen dituen putzu eta zulo guztiak beteko ditu hasiera batean; dena den, ur emariaren beraren dinamika naturalari esker lehengo egoerara itzuliko da urtez poderioz, teknikariek diotenez.

Sendoagoak izan ziren aztertu ziren aldeko argudioak. Horien artean, presak sortzen duen horma efektuak ibaiaren prozesu naturala trabatu egiten duela. Horrekin, habitat naturala hankaz gora jartzen du eta babes bereziko espeziei (ur-ipurtatsa edo bisoi europearra, izokina, muturluzea...) kalte egiten die.

Ramon Varela Andoaingo Udaleko ingurumen teknikariak 2012ko maiatzean Aiurri aldizkariari egin zizkion adierazpenen arabera (319ko zenbakian), arrazoi ekonomikoak eta ekologikoak aurrez aurre jartzen ziren, eta gauzak horrela, garbi zegoen zer egin behar zen "ezin dugu zalantzarik eduki, Leitzaranen bizitasun a ekologikoaren aldeko apustua egin beharra dago, etekin ekonomikoak aldera batera utzita".  

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!