Perez Lasa Andoaingo epaile ohiari elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 11a, 20:24

Hamasei urte igaro ditu Lehen Mailan, eta ia hirurehun partida zuzendu ditu. “Tentsio handiko partidak nire ezaugarrietako bat izan dira, beti halakoak jarri baitizkidate”. Ekainaren 1ean zuzendu zuen bere azken partida. Beste bat gehiago izan zela dio, ez baitzuen une bakar batean ere arreta galdu. ‘Tarjetero’ fama izan du, eta horrek on egin diola uste du. Atzetik datozen arbitro gazteengan ditu jarriak orain bere asmoak.

Elkarrizketa:

Real Madril eta Osasunaren artekoa izan zen zuzendu zenuen azken partida. Ez zegoen ezer jokoan neurketa hartan. Apropos aukeratu al zenuten?

Bai. Aurreko astean emaitzen zain egon ginen, azken jardunaldian sailkapenean garrantzirik ez zuten partidak zein izango ziren jakiteko, neurketa festa moduko bat izan zedin nahi baikenuen, eta ez arazo askoko partida. Real Madrilek dagoeneko ez zuen ezer jokoan eta Osasunak  azken aurreko jardunaldian lortu zuen datorren denboraldian lehen mailan jarraitzeko txartela. Huraxe zen neurketa desiragarria.


Nola bizitu zenuen?

Beste edozein bezala. Jokaldi asko aztertu nituen marrazainekin, oso erraza baita behar bezalako arretarik gabe jarraitu duzun jokaldi txepel batean hanka sartu eta partida modu traketsean amaitzea. Azken neurketan ez genuen inolaz ere halako akatsik egon zedin nahi, hortaz, arreta handiz jarraitu genituen jokaldi guztiak. Marrazainek esaten zidaten, “Mikel, lasaitu eta gozatu zure azken partida”, baina ezin nuen, neurketa guztiak intentsitate berarekin bizitu baititut, jubeniletakoak zein Lehen Mailakoak. Beraz, honetan ere ez nuen arreta galdu, eta partida ondo atera zen, behar bezala.

Lehen Mailako zure lehen neurketa 1997ko irailaren 7an Zaragozak eta Oviedok jokatu zutena izan zen. Hirunako emaitzarekin amaitu zen. Zer duzu gogoan egun hartatik?

Bero izugarria egiten zuela. Partida bizia izan zen, gol askorekin, kanporatu askorekin, penalti askorekin, eta zera esan zidaten, “ongi etorri Lehen Mailara, hauxe da hemendik aurrera daukazuna”. Eta halaxe izan zen. Tentsio handiko partida izan zen, niri gustatzen zaizkidanak bezalakoa; hain zuzen ere, halako neurketak nire ezaugarrietako bat izan direla esan liteke, beti tentsio handiko partidak jarri baitizkidate.

Hamasei urte igaro dira harrez geroztik, eta ia 300 partida zuzendu dituzu. Epaileen lana asko aldatu al da urte horietan guztietan?

Bai, izugarri, futbola bera ere asko aldatu baita: arauak, jokoaren erritmoa, profesionaltasuna, dedikazioa, prestaketa. Epaileen lanaren prestaketa izugarri aldatu da. Gogora dezagun lehen 40-45 urte inguruko arbitro batek bere “kupela” zeukala; orain, aldiz, ez da halakorik ikusten, exijentzia fisikoa oso altua baita. Gaur egun epaileak lehen baino profesionalagoak gara, denbora gehiago eskaintzen diogu gure lanari.

Nola prestatzen du epaileak partida neurketa?

Partidaren izendapena hamar bat egun lehenago jasotzen dugu. Une horretatik aurrera, bi taldeak eta talde bakoitzeko jokalariak zein diren kontuan hartuta, azkar batean ikusten duzu partida nondik nora joan litekeen. Talde eta jokalari guztiak ezagutzen dituzu, eta bakoitzaren teknikaren zein jokoan daukatenaren arabera, zer nolako partida joka dezaketen asma dezakezu. Egokitu zaizun partidako bi taldeek aurreko asteburuan jokatuko duten partida ikusi eta aste osoan zehar partidaren prestaketan zentratzen zara. Alde batetik, prestaketa fisikoa; partida larunbatean, igandean edo astelehenean  jokatuko den jakinda, horren arabera antolatzen dituzu zure entrenamenduak. Bestetik, partida bera prestatu behar da: zein diren jokatuko duten jokalariak, bakoitzak nola jokatzen duen, indar-guneak eta puntu ahulak zein izango diren… Hori guztia prestatzen dugu.

Jokalari guztiak ondo ezagutzen dituzuela aipatu duzu. Horrek ba al du eraginik gero jokalari bakoitzaren jokoa epaitzeko orduan?

Badakigu zein diren jokalaririk aktiboenak, zein beste munduko abileziarik ez dutenak, gainontzekoak xaxatzen ibiltzen direnak… Parametro horien arabera antolatzen dugu partida. Baina horrek ez du eraginik jokalarien jokoa epaitzeko orduan. Beharbada arreta gehiagoz zaintzen ditugu jokalari jakin batzuk, arrazoi batengatik edo besteagatik arazo gehiago sor ditzaketelako, eta epaileen taldea halako jokaerei adi egoten da. Ez dago aldez aurretiko asmorik, baina zuhurrak izan behar dugu eta halako egoerak aurreikusi behar ditugu.

Badira joko zikina egiteagatik nabarmentzen diren jokalariak…

Bai, etengabe besteak berotu nahian ibiltzen direnak edo gainontzekoek eurak zirika ditzaten saiatzen direnak, gero hortik erreakzio bat lortzeko. Hori guztia aldez aurretik ezagutu behar dugu, noski. Eta jokalarietan bakarrik ez, taldeen kasuan ere aipatuko nituzke halako joerak. Badakit zenbait taldek estrategiak prestatzen dituztela, alegia, nagusiki entrenatzaileek jokalariei jokaldi jakin batzuetan epailea inguratu eta protesta egiteko esaten dietela. Noski, guk halakorik ez gertatzeko neurriak hartzen ditugu.

Reala, berriz, hain zuzen ere kontrakoagatik nabarmendu izan dute behin baino gehiagotan…

Bai. Reala kiroltasun handiz jokatzen duen talde bezala ezagutu izan da beti; horren erakusle dira alor horretan jaso dituen sariak. Nik beti ezberdintzen ditut harrobiko jokalariekin jokatzen duten taldeak eta fitxaketetan oinarritzen direnak. Lehenengoetan, jokalariek taldearen filosofia oso ondo ezagutzen dute beheko mailetatik hasita, kultura bat jaso dute mutikotatik. Fitxaketetan oinarritutako taldeetan, berriz, jokalariak hamaika toki ezberdinetatik etorritakoak dira eta bakoitzak bere filosofia, bere kultura eta bere interesak ditu; egoera horretan zailagoa da, beharbada, jokalari guztiak jokamolde bakarrera hurbilaraztea.

Zuk, ordea, ezin izan duzu Realaren partidarik zuzendu…

Ez Realarenik, ezta Athletic eta Alavesenik ere, Euskadiko Futbol Arbitroen Batzordeko kide naizelako. Zure autonomia erkidegoko taldeen partidak arbitratzea ekiditen du batzordeak. Are gehiago, zure erkidegoko talderen batengan eragin dezaketen partidak zuzentzea ere saihesten dute. Esate baterako, azken denboraldi honetan Realak eta Valentziak Txapeldunen Ligako postua zuten jokoan; bada, Valentziaren partidarik ere ezin nuen zuzendu, horrek Realarengan izan zezakeen eraginagatik.

Nazioarteko partidetan ezin izan duzu parte hartu…

2005. urtean nazioarteko epaile izateko postuetan sailkatuta geratu nintzen, eta Espainiako Federazioak nazioarteko epaile izan nendin eskatu zion FIFAri. Kirolarekin zerikusirik ez zuten arrazoiak tarteko, ordea, arbitro murrizketak izan ziren FIFAn, eta ondorioz ezin izan nuen nazioarteko partidarik zuzendu.

‘Tarjetero’ fama izan duzu beti…

Halaxe da. Jokalariek bezala, arbitrook ere lan egiteko gure moduak ditugu. Pentsatzekoa den bezala, futbola aldatzen doan heinean eta egiten duzun lanean seguruago sentitzen zaren neurrian, lanerako modu horiek ere eraldatzen joaten dira. Baina bai, ‘tarjetero’ fama izan dut, bai, batez ere protesten kontuagatik. Nik ez ditut sekula protestak onartu; jokalariekin izan nitzakeen elkarrizketak, bai, baina protestarik ez. Horri esker, jokalariek, baita zaleek ere, epaile zorrotz bezala ikusten ninduten,  eta errespetatu egiten ninduten. Epaileok jokalariak ondo ezagutzen ditugun bezala, alderantziz ere gauza bera gertatzen da. Eurek bazekiten nik ez niela protestarik onartuko; beraz, urteak pasatu ahala, nirekiko euren jarrera aldatuz joan da, eta hain zuzen ere horregatik, azken urteetan, oso txartel gutxi atera ditut protestengatik. Noski, beti egin diezazukete komentario edo keinuren bat, baina denboraren poderioz guk ere zenbait jokaera onartzen ikasi dugu. Edonola ere, hasieran ‘tarjetero’ fama eduki izana positiboa izan dela uste dut, jokalariek ni modu horretara ikusteak azken urteetan oso txartel gutxi ateratzera eraman bainau.

Andoaingo Kirolaren I. Galan aipamen berezia jaso zenuen 2010ean…

Bai, ilusio handia egin zidan. Andoaingo kirola oso ondo ezagutzen dut, hementxe hasi bainintzen 13 urterekin partidak arbitratzen eta mutil-kozkorrak entrenatzen. Hain zuzen ere, kirolaren gala hartan aipatu nuen Andoaingo kirola gehiago sustatu behar genukeela. Nik oso ezaguna den eta telebistan etengabe ikus daitekeen kirol batean aritzeko zortea izan dut, baina badira makina bat hain ezagunak ez direnak, eta Andoainen kirol horietan ari den jende asko dago, batzuk aipatzearren, pilota, arrauna, patinaje artistikoa edota triatloia. Badakigu horietan guztietan eta beste hainbatetan gogor lanean ari den andoaindar asko dagoela, beraz, kirol horiek bultzatu behar ditugula uste dut, hedabideetan ez baitaukate oihartzunik.

Epaile lanak utzi berri dituzun honetan, zer asmo duzu etorkizunerako?

Hogeita hamar urteko esperientziak atzetik datozenei laguntzeko balio dezakeela uste dut. Baditut batzordearekin elkarlanean jarraitzeko proposamenak, bai formakuntza aldetik, baita atzetik datozenen ikuskatzaile lanetarako ere. Garbi daukadana mundu honi lotuta jarraituko dudala da; ezingo dut hori modu aktiboan egin, baina, aipatu bezala, kudeaketa eta formakuntza alorretan lanean jarrai dezakedala uste dut. Lan hori egitea garrantzitsua dela iruditzen zait, gainera. Bere garaian prestaketan eta orientazioan lagundu zidan jendea alboan izan nuen bezala, orain behetik datozenekin lan hori egitea garrantzitsua iruditzen zait. Andoainen, gainera, bada arbitrajean dabilen 10 gazteko taldetxo bat.

Zentzu horretan, gaur egungo gaztetxoek badute batetik futbolean jokatu eta bestetik partidak arbitratzeko aukera; lehen, bi jarduerak bateraezinak ziren, eta federakuntzak bietarako aukera emateko erabakia hartu zuen, oso erabaki ona, nire ustez. Orain, futbolean jokatzeari utzi gabe, epaile lanetan lehenengo probak egiteko aukera dute. Bide batez, futbol taldeei ere proba hori egin nahi duten gaztetxoei babesa eskaintzeko deia luzatu nahi nieke. Kirol polita da, futbolari lotuta jarraitzeko aukera ematen du, baina kirolaren beste ikuspuntu bat eskaintzen du. Proba dezatela. Gainera, krisi garaiotan familiek asko eskertzen duten dirutxoa irabazteko aukera emango die. Gero, gustuko badute jarrai dezatela eta hala ez bada utz dezatela; baina gutxienez, proba egin dezatela.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!