Kirol desafioa Andoaingo lau gazteren artean, datorren irailaren 15ean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 10a, 20:15

Kirol desafioa antolatu dute Andoaingo lau gaztek irailaren 15erako, igandearekin, eguerdiko 12:00tan hasita. Bi biren kontra jokatuko dute, arraunean eta (ergometro izeneko makinan) eta lasterka. Peio Alkorta (43 urte) eta Jon Urkaregi (39 urte) alde batetik, eta Oinatz Gonzalez (27 urte) eta Sergio Garcia (34 urte) bestetik, zein baino zer azkarrago.

Desafioaren xehetasunak:

Bi ergometro Juanita Alkain Plazan jarriko dituzte; plaza hori izango da jokaleku nagusia. Kirolari bakoitzak 6.000 metro egin beharko ditu arraunean; 2.000 metro egin hiru saioetan, eta beste hainbat saio korrika egin beharko dituzte, Txistoki pasealekua, Allurralde kiroldegia, Santa Krutz ermita eta Kale Nagusitik igarotzen den zirkuituan zehar; 800 metro ditu, gutxi gora behera, zirkuitu horrek

Lauak dira kirolariak, baina aitortu dutenez, ez dute prestaketa berezirik egin orain arte. Hala ere,batean eta bestean izerdi franko ateratzen dituzten horietakoak dira, eta pentsatzekoa da gorputzaldi onean iritsiko direla neurketa honetara. Oinatz Gonzalez erremonteko profesionala izan da ekaina arte; Sergio Garciak palan jokatu izan du, eta gimnasioan aritzen da batik bat; Peio Alkortak ziklismoa eta lasterketa praktikatzen ditu, eta azkenik, Jon Urkaregik ere lasterketa du gogoko. Nonbait, ergometroa nahiko arrotza egiten zaie eta hilabetea geratzen zaie makinari teknika harrapatzeko.

Afari bat jarri dute jokoan, baina argi daukate hori ez dela desafioaren pizgarri nagusia. Herrian giro polita sortzea nahiko lukete, saltsa, kirolaren eta lehiaren bitartez. Jon Urkaregi, apustuaren bultzatzaileetako batek adierazi duenez, iaztik zebilkiten buruan kirol desafioaren bat egiteko asmoa, eta azkenean, irailera eraman nahi izan dute ekimena. “Estropaden hilabetea da iraila, eta horrekin lotu nahi izan dugu arraunketa aukeratzerakoan desafioaren probetako bat”.

Activate Andoaingo langabetuen elkartearentzat dirua biltzea da lau kirolarien bigarren asmoa. “Desafioa iragarriz kartelak zabalduko ditugu Andoaingo kaleetan, eta bertan iragarkia jartzera gonbidatuko ditugu herriko merkatari eta enpresak. Ikusleei ere borondatea eskatuko zaie zirkuituan zehar ere, eta jasotzen den diru kopuru osoa elkarte horrentzat izango da” adierazi du Oinatz Gonzalezek.

Lau kirolarik abuztuaren 9an bildu ziren elkarteko Iosu Arribillaga, Jose Mari Atorrasagasti eta Pedro Etxeberriarekin, euren asmoak jakinarazteko. Arribillagak elkartearen izenean eskerrak eman zizkien kirolariei. “Benetan pozgarria da eduki duten elkartasunezko keinua. Zenbat diru bildu ditzaketen da gutxienekoa; langabeziaren zorigaitza bizi duten herrikideez gogoratu izana da azpimarragarria. Izan ere, Andoainen 1.200 langabe bizi gara; elkarteak horietako asko ordezkatzen ditu, eta ondotxo dakigu zenbat giza dama pilatzen diren herrian une honetan. Ezkutatu nahi izaten dugu errealitate triste hori, existituko ez balu bezala, eta horrexegatik, ondo ikusten dugu argitan jarri nahi izatea kirola, ikuskizuna eta lehia batzen dituen ekitaldi baten bitartez”.

 

Esan bezala, herriko lau kirolari ezagunen arteko desafio ikusgarria iragarri zaigu irailaren 15erako, Juanita Alkain Plazan. Eguardiko 12etan da hitzordua.

Desafioan bertan ikusleek apustuak egin ditzaten aukera aztertzen ari dira, eta aurrerago jakinaraziko dute zein sistema hautatu duten.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!