Beroa nagusi Larraulgo bertso saioan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 7a, 14:26

Igandean, arratsaldeko seietan izan zen bertso saioa Larraulen. Eguzkiak bete-betean jotzen zuen plazan, eta jendeak bertako aulkiak hartu eta itzaletan jartzea nahiago izan zuen; plaza inguru guztia betez eta erdigunea hutsik utzirik. Honek ere zeresan ugari eman zien bertsolariei saioan zehar.

Argazkiak

Bideoak: Aita eta ama perfektuak / eraso sexistak 

Hainbat izerdi atera zituzten oholtza gainean Iker Zubeldia, Uxu Alberdi, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbiok. Saioa agur banarekin hasi zuten, eta ondoren Jexux Mari Irazuk, saioko gai-jartzailea, lanean jarri zituen.

Gai desberdinen inguruan jardun ziren bertsotan; besteak beste, pertsonaia publikoen pentsamenduak publikoan adierazteaz, azkenaldian pil-pilean dabilen peajeen gaiaz edota krisia, eta krisien inguruan.

Hala ere, bertsolariek aukera izan zuten une bakoitzean bertako beroa eta ateratako izerdia izan zuten ahoan. Hala egin zuten Amurizaren naufrago doinuarekin puntuka lanean jarri zituztenean, eta baita ere beranduago, saioa bukatzeko puntuka ondorengo bertsoak kantatu zituztenean:

 
M. Lujanbio: Hara Larraulgo plaza / hemen aldez-alde
U. Alberdi:  gustora ote dagon / jendeari galde
A. Arzallus: pentsa bertso saioa / ondo ta debalde
I. Zubeldia: humedadeak ere / egin digu alde
M. Lujanbio: gehien pagau dutenak / itzaletan daude.

U. Alberdi:  Bai, eguzkitan gaude / bakarrik lau buru
A. Arzallus: iraungo ote dedan / ez nago seguru
I. Zubeldia: denbora pasa ahala / ikusiko dugu
M. Lujanbio: graduak izango dira / berrogei inguru
U. Alberdi:  Larraulgo morenoa / luzituko dugu.

A. Arzallus: Orain oholtza da eguzkitan / dagoen bakarra
I. Zubeldia: Larraulgo morenoa / da Irazu zaharra
M. Lujanbio: tendido, sol ta sonbra / ez da kontu txarra
U. Alberdi:  beltz-beltza aurpegia / ta txuri bizkarra
A. Arzallus: negozio onena / da plaka solarra.

I. Zubeldia: Erdia hutsik eta / baztarra betea
M. Lujanbio: normala iruitzen zait / hola egotea
U. Alberdi:  aukeran itzalean / jartzen da jendea
A. Arzallus: zeini gustatzen zaio / erditik joatea
I. Zubeldia: honek ez al dirudi / tour-eko metea?

M. Lujanbio: Iker hara izerditan / larri eta estu
U. Alberdi:  lau botila hustu diteu / jada eskuz-esku
A. Arzallus: gehiago ez duela / egiten det apustu
I. Zubeldia: beti presko gisara / ohi naute aurkeztu
M. Lujanbio: ta Amets hau berriz zer da / izerdirik ez du.

U. Alberdi:  Hainbeste ur botata / ez al zaude grabe?
A. Arzallus: atzealden badaukat / nahiko humedade
I. Zubeldia: oraindik barru hontan / litro asko daude
M. Lujanbio: eguzkiak egiten / al du beti alde?
U. Alberdi:  bi egun pasa baietz / pixik egin gabe.

A. Arzallus: Gutxinez izango da / gaur behintzat aukera
I. Zubeldia: eta aguantatzea / denontzat hobe da
M. Lujanbio: pisuan egingo degu / gaur bastante behera
U. Alberdi:  kobratu egin beharko da / holako galera
A. Arzallus: hurrengo urtean jarri / guretzat nebera.

I. Zubeldia: Saio hau egin leike / bastante hobea
M. Lujanbio: elizara sartzia / hobeto ote da?
U. Alberdi:  han itzal gehiegitxo / ez al da ordea?
A. Arzallus: gustora egongo nitzan / barrenen gordea
I. Zubeldia: jarri baztar batean / bentiladorea.
.
M. Lujanbio: Hala ere gustora / egon gera oso
U. Alberdi:  bai, bai, laurok gustora / ta zuek eroso
A. Arzallus: jendeak behintzat ondo / egiten zuen kaso
I. Zubeldia: bizkarra hoztea ere / gaitzerdi akaso
M. Lujanbio: hemengo festak behar / luke San Lorenzo.

U. Alberdi:  Alperrik ari gera / itzala eskatzen
A. Arzallus: santu kontua ez zait / gehiegi gustatzen
I. Zubeldia: hain giro beroakin / zail dago preskatzen
M. Lujanbio: euritan keja eta / eguzkitan kezkatzen
U. Alberdi:  zerbeza batzuk jarri / tabernan freskatzen.

A. Arzallus: Ta Ikerrek tarteka / purua astindu
I. Zubeldia: hori egin ezean / nereak egin du
M. Lujanbio: horrek ezingo dizu / beroa arindu
U. Alberdi:  ia zenbatgarrena du / ia muturra fin du
A. Arzallus: honek kaja beltzana / sinistu egin du.

I. Zubeldia: Hau hirugarrena det / jaunak ez da broma
M. Lujanbio: puro kaja beltza da / ondoan dagona
U. Alberdi:  nahiz ta Egañak duen / erretzaile sona
A. Arzallus: aizu Iker plaza hontan / dena ez da gizona
I. Zubeldia: baina purun haizea / beti degu ona.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!