Goiburun, larunbata gustu guztietarako

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 7a, 00:29

Urteroko Malkar kross arrakastatsuaz gain, Andoaingo artista ezberdinen erakusketa eta azoka izan zen Goiburun larunbat goizean. Gainera, korrikalariek zein artistek gozatu ahal izan zuten hamaiketakoaz. Arratsaldean berriz, desapiyuaren txanda izan zen, aurten bertsolariek lagunduta eta bertso-poteoaz jarraiturik. 

Argazkiak: Malkar-krossa / Artisten azoka / Desapiyua

Malkar krosseko sailkapena

Larunbata eguraldi onarekin hasi zen, eta agian horrek ere lagunduta, inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan ziren aurten hamargarren edizioa bete zuen Malkar Krossean. Krossak 10,3 kilometroko ibilibidea du, auzoko plazan hasi eta amaitzen delarik. Aurtengoan, 86 parte-hartzaile izan ziren dortsalarekin korri egin zutenak, baina beste hainbatek dortsalik gabe atera behar izan zuten, jende gehiegi zela eta.

Krossarekin batera, aurten lehenengo aldiz herriko artista ezberdinen erakusketa eta azoka antolatu da auzoko plazan. Dozena bat postu egon ziren goizean zehar plazan sakabanaturik, eta jende apur bat ibili zen hara eta hona ikusmiran. Postuetan, modalitate eta adin ezberdinetako artistak egon ziren, eta hala nola, teknika ezberdinekin marrazturiko margolanak, panpinak, pultserak, bastoiak... ikusi ahal izan ziren. Horietako asko gainera, postuan zeuden bitartean euren jardunean zebiltzan, eta ondorioz, gerturatutakoek nola lan egiten zuten ikusteko aukera izan zuten. 

Guztiek, bai korrikalariek eta bai artistek, hamaiketako paregabe batez gozatzeko aukera izan zuten gainera.

Arratsaldean, urtero lez, lehenik artzai txakur txapelketa izan zen, eta honen ondoren, desapiyua. Aurtengoan, zahar eta gaztez, gizon eta emakumez osaturiko auzoko bi talderen artekoa. Azken urteotan bezala, jende deente gerturatu zen ikustera. Aurten gainera, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika bertsolarien laguntza izan zen desapiyuaren retransmisioan.

Hiru probaz osaturik zegoen desapiyua. Lehenengoan talde bakoitzeko lau parte-hartzailez osatuta, artoak aletu, lokotsak banan-banan errepidean aurrez markaturiko lekuetan jarri eta ondoren hauek jaso egin behar ziren. Probako lehen zatian hartu zuten abantaila nabarmena izanik, talde urdina izan zen lehen proba honetan garaile.

Bigarrenean, talde bakoitzeko bi partaide ziren, bikote mixtoa. San Esteban erretegi paretik hasi eta gurpil bati tiraka frontoi pareraino nork eraman denbora gutxiagoan, horixe zen. Bi bikoteak amaitzeko nahiko zailtasunekin agertu baziren ere, oso parekatua egon zen norgehiagoka, eta zentesima batzuen gorabeheragatik bakarrik galendu zen talde gorria.

Azkenik, hirugarren proban taldeko hiru parte-hartzaile izan ziren. Lehenak labaderoan tradizionalki egiten zen bezala garbitu behar zituen lau arropa, bigarrenak hauek karretilan hartu eta plazari buelta batzuk eman ostean, plazaren ertzean jarrita zeuden zintzilitokietara eraman behar zituen hirugarrenak bertan zintzilikatzeko. Azken proba hau guztiz parekatuta egon zen, eta epaileak berdinketa ematea erabaki zuen.

Beraz, talde bakoitzak proba bat irabazita eta azkenekoa berdinduta, aurtengo desapiyua berdinketan amaitu zen, "auzotar guztien bakearen truke".

Hau amaiturik, eta jendea auzoko plazatik mugitzea ederki kostatu bazen ere, bertso-poteoa izan zen auzoan, trikitixaren laguntzarekin. Antton Arruti izan zen trikitixarekin, eta bertsotan berriz, Ion Beloki, Haritz Mujika eta Unai Mendizabal.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!